Berriak
Eu

Mugikortasun jasangarriaren lege-proiektua onartu da

2012.eko maiatzak 15

Testuak helburu bera duten mugikortasunaren inguruko ekintza eta plan guztiak sistematizatu eta bateratu egiten ditu, mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik herri baten ikuspegi partekatu bat sortzeko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak mugikortasun jasangarriaren lege-proiektua onartu du. Mugikortasun jasangarriaren legeak euskal administrazio publikoek eta beste eragile publiko nahiz pribatuek burutzen dituzten ahalegin eta ekimen guztien erreferentzia-esparru orokorra izan nahi du.

Lege-proiektua mugikortasun jasangarriaren kontzeptu eta irismen zabal batean oinarritzen da. Horrela, bada, jasangarritasunak orain arte izan duen ingurumenari lotutako dimentsioaz aparte, –mugikortasunak inguruan eragin ditzakeen ondorioak arintzea baitzuen helburu nagusi–, lege honek garrantzi handia ematen die jasangarritasun ekonomikoa eta sozialari ere.

Jasangarritasun sozialean arreta berezia jartzen du, mugikortasunak, kohesio soziala bermatu ez ezik, bultzatu ere egin behar duelako, garraio-sistema irisgarrien bidez.

Irisgarritasuna bultzatuz, lortu nahi da, garraiobideak ez bihurtzea desgaitasuna eragiten duten elementuak mugikortasun txikia edo bestelako arazoren bat duten pertsonentzat, eta hori ez izatea garraio publikoak ez erabiltzeko arrazoi.
Era berean, irisgarritasunak esan nahi du garraio publikoak guztiok ordaintzeko modukoak izan behar dutela, eta azkenik, garraiobideek, norberaren bizilekua gorabehera, garraio-sareetarako antzeko irisgarritasun-maila bertsua ahalbidetu behar dute guztiontzat.

Horrekin guztiarekin, mugikortasun jasangarriak lagundu behar du aukera-berdintasuna lortzea herritar guztientzat, inguruabar pertsonal edo sozialak alde batera utzita.

Jasangarritasun ekonomikoaren ikuspuntutik bi helburu ezarri dira. Lehenengo eta behin, mugikortasuna behar bezala bideratu behar da, euskal ekonomia eta lurraldea bera lehiakorragoak egiteko.

Bigarrenik, eta hau berria da, garraio-azpiegitura berrietan eta garraio-zerbitzu berrietan egin beharreko inbertsioak ekonomiaren eta finantzaketaren aldetik bideragarriak diren jakiteko analisi bat egin beharra aurreikusten da, halako moldez non azpiegituren plangintza bat egingo den, arrazionaltasun- eta objektibitate-parametroetan oinarrituta, lehentasuna ratio ekonomiko eta sozial handiagoa duten proiektuei  emateko.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2012.05.15)

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012-05-15n hartutako erabakiak

Iruzkin bat
  • @ARAUDIslp
    2012.eko maiatzak 16

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco Irekia :: Luz verde al proyecto de ley de movilidad sostenible http://t.co/gHgBrE13

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)