Gripearen aurkako txertaketa kanpaina 2025
qrcode

2025-2027 Etxebizitza Gida Planak azken izapidea gainditu du Eusko Legebiltzarrean eta 3.250 milioi euroko inbertsioa egingo du guztira

2025-10-01
  • Denis Itxaso: “Plan hau borroka-jarreran dago, eta Euskadiko bizitoki-larrialdiko egoerari aurre egiteko bere anbizio-maila eta beharrezkoak diren baliabideak areagotzen ditu”
  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak nabarmendu duenez, “etxebizitza merkatuko ondasun bat baino askoz gehiago da”, eta adierazi du “bizitzaren oinarri materiala eta beste eskubide sozial askotarako sarbidea” dela

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak Eusko Legebiltzarreko Etxebizitza Batzordean aurkeztu du gaur 2025-2027 aldirako Etxebizitzaren Gida Plana, Eusko Jaurlaritzak datozen hiru urteetarako etxebizitzaren arloan izango duen ibilbide-orria markatuko duen dokumentua. Sailburuaren hitzetan, Plana “bizitoki-larrialdiari aurre egiteko ibilbide-orria adierazteko anbizioarekin sortu da, egungo joerak alderantzikatuta, gure egungo eta etorkizuneko belaunaldiek etxebizitza duina eta eskuragarria izateko duten eskubidea modu eraginkorrean gauzatu ahal izan dezaten”.

Itxasok azpimarratu du ez dela plan tekniko bat gehiago, herritarren kezka handienetako bati erantzuten dion proiektu politiko eta sozial bat baizik. Sailburuak nabarmendu duenez, “etxebizitza merkatuko ondasun bat baino askoz gehiago da. Bizitzaren oinarri materiala da, proiektu pertsonala eta familiarra garatzen den espazioa, eta beste eskubide sozial askotarako sarbidea: enplegua, osasuna, hezkuntza, etab. Etxebizitzarik gabe, gainerako eskubide guztiak mugatuta daude edo, zuzenean, ezin dira baliatu”.

 “Borroka-jarreran” dagoen Plana

Bere hitzaldian, Itxasok berretsi du Euskadik benetako bizitoki-larrialdia bizi duela gaur egun, eta aitortu du “milaka etxek hamar eurotik ia lau erabiltzen dituztela bizileku bat ordaintzeko”. Ildo horretatik, gaineratu duenez, “ez dute marjinarik familia bat osatzeko eta aurrezteko, eta kontsumo-ahalmena oso mugatua dute. Eta horrek guztiak giza ondorioak eta ondorio sozial eta ekonomikoak ditu”.

Horregatik, Plan berri hau ekintza-tresna gisa uler dadin defendatu du: “Borroka-jarreran egongo den Plan bat behar dugu, etxebizitza eskuratzeko arazoari fronte guztietan aurre egiteko. Eskaintza-politikekin, etxebizitza babestua eta eskuragarria handitzeko, hiri eraikian ere jardunez. Eta pertsona eskatzaileak babesteko politikak, soluzioak iristen diren bitartean. Izan ere, soluzioek denbora eskatzen dute eta bizkortu eta arindu egin behar dira”.

Egoeraren diagnostiko errealista

Plana diagnostiko zehatz batetik abiatzen da, eta diagnostiko horretan egiaztatzen da euskal gizartea eraldatu eta etxebizitzaren arazoa larriagotu dela. “Hori da gure Planaren abiapuntua. Ez dugu ezkutatzen, ez dugu makillatzen: errealismoz onartzen dugu. Baina garrantzitsuena da hori ere erabakitasunez gure gain hartzen dugula, diagnostikatutako arazo bakoitza erronka bat baita, eta erronka bakoitza jarduteko aukera bat “, adierazi du Itxasok.

Datuak eztabaidaezinak dira: Euskadik biztanleria zaharragoa du (% 25 65 urte baino gehiagoko pertsonak dira), eta etxebizitza irisgarri eta egokituaren premia berriak ditu. Etxebizitza-produkzioa eskasa da oraindik ere: 2024an 1.956 etxebizitza babestu amaitu ziren, “2014tik daturik onena, baina eskariak exijitzen duenetik urrun oraindik”. Oso tentsionatuta dagoen alokairu-merkatua gehitu behar zaio horri. “Prezioak, batez beste, 761 eurokoak izan ziren, nahiz eta Donostia bezalako udalerrietan 1.000 eurotik gorakoak izan. Zifra horiek ezin asumituzkoak dira, emantzipazioa atzeratzen eta arrakala soziala handitzen baitute”, adierazi du.

Bost ardatz estrategiko larrialdiari erantzuteko

Sailburuak bere hitzaldian azaldu duenez, Planak bost jarduketa-ardatz nagusi ezartzen ditu. Lehenengoa eta lehentasunezkoa etxebizitza eskuragarria sustatzea da. “Plan honen lehentasunezko helburua da alokairu eskuragarriko 7.000 etxebizitza sustatzea legegintzaldi honetan. Horietatik 5.250 datozen hiru urteetan jarriko dira herritarren eskura. Etxebizitza horiek bereziki izango dira gazteentzat, adinekoentzat, kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboentzat eta, baita ere, klase ertaineko familientzat eta diru-sarrera txikiak dituzten langileentzat “.

Bigarren ardatza eraikitako parkea birgaitzea da. Hiru urte hauetan 62.000 etxebizitzatan eta 10.000 eraikinetan jarduketak finantzatzea aurreikusten da. Horietatik 3.500 eta 20.000 etxebizitzatan energia-efizientzia hobetuko da, EIT – eraikinen ikuskapen teknikoa aplika dadin bultzatuta eta Euskadiko eraikin eta etxebizitzen parkearen irisgarritasun- eta energia-efizientzia nabarmen hobetuta. 2025ean eta 2026an birgaitze politikaren inpaktuak urtero Euskadiko bizitegi-eraikinen % 2,5era iritsi behar du, eta 2027an ehuneko horrek dagoeneko % 3an kokatu behar du.

Plan honek birgaitze integraleko politikak indartzen ditu, auzo kalteberetan arreta berezia jarrita. Gaur egun, Eusko Jaurlaritza 23 udalerritako 28 auzotan ari da lanean, eta gure asmoa esku-hartze horiek zabaltzea eta sendotzea da. “Etxebizitzarako eskubide eraginkorra bermatu nahi badugu. Ez da nahikoa unitate berriak eraikitzea; daudenak birgaitu behar ditugu. Birgaitzea ez da soilik hobekuntza arkitektoniko bat: ingurumen-jasangarritasunaren eta kohesio sozialaren aldeko apustua da”, aitortu du Itxasok.

Hirugarren ardatza laguntzak eta prestazioak dira, inor kanpoan gera ez dadin. “Gaur egun, 50.000 familia inguruk jasotzen dute hilero laguntza ekonomiko bat (EPE – etxebizitzarako prestazio ekonomikoa, Gaztelagun edo Emantzipa), etxebizitza bat lortzeko dituzten zailtasunak arintzen laguntzeko”. Horregatik, sailburuak azpimarratu duenez, “ezin dugu onartu bizi-proiektuak dituzten gazteak, guraso bakarreko familiak edo adinekoak zortearen edo zoriaren mende egotea etxe bat izateko”.

Laugarren ardatzak eraikuntzaren sektorea modernizatzea bultzatzen du, industrializazioaren, digitalizazioaren eta eraikuntza modularraren aldeko apustua eginda, sektorearen erantzuteko ahalmena bikoizteko. “Bizitoki-eskaera berriei, etxe berrien sorrerari eta azken urteotan metatutako eskaintza-defizitari erantzun nahi badiegu, sektorearen eskaintza bikoiztu behar dugu, urteko 8.000 eta 10.000 etxebizitza arteko tartean kokatzeko. Erantzun horrek sektorearen industrializazioa eskatzen du”, adierazi du.

Azkenik, bosgarren ardatza gobernantza eta koordinazioa da, eta udal, aldundi, gizarte-eragile eta herritarrekiko lankidetza indartzen du. “Gobernantza partekatua ez da formalismo hutsa: politikak lurraldean eraginkorrak izango direla bermatzen du, tokiko errealitatea gertutik ezagutzen dutenekin diseinatu eta aplikatzen direlako”.

Eremu tentsionatuak: justizia sozialeko tresna bat

Planaren berrikuntza nagusietako bat da eremu tentsionatuen izendapena, eta izendapen hori iritsiko da 2025ean 12/2023 Legeak hala izendatzeko ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzten Euskadiko udalerrien % 70era. “Eremu tentsionatu bat izendatzea ez da keinu sinboliko bat, ezta label bat ere, merkatua berrorekatzea eta egoiliarrak babestea helburu duten neurri zehatzekin batera datorren arazo bat aitortzea da”, azaldu du Itxasok.

Neurri horien artean, hauek nabarmendu ditu: alokairuko prezioen kontrola, kontratuen luzapena, jabeentzako pizgarri fiskalak, etxebizitza turistikoak mugatzea eta tokiko etxebizitza-planak. “Orekatik eta akordiotik abiatuta, eremu tentsionatuak izendatzea justizia sozialeko tresna bat da, merkatuaren desorekak zuzendu daitezen eta auzo osoak beren bizilagunentzat espazio irisgaitz bihurtu ez daitezen saiatzen dena”.

Arauen erreforma eta aurrekaririk gabeko inbertsioa

Plana arauen erreforma sorta sendo batean oinarritzen da, eta horien artean daude, besteak beste, Lurzoruaren, Etxebizitzaren eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea, etxebizitza babestuen produkzioa arinduko duena, eta Premiazko Neurriei buruzko Dekretua, erabiltzen ez diren lokalak etxebizitza bihurtzeko aukera emango duena.

Era berean, inbertsio-ahalegin historiko bat aurreikusten da: 3.250 milioi euro hiru urtean, Sailaren, Visesaren eta Alokabideren gastu kontsolidatua eta aldundien gastu fiskala barne. “Etxebizitzan inbertitzea da kohesio sozialean, aukera-berdintasunean, osasunean, dinamizazio ekonomikoan, ingurumen-jasangarritasunean eta gure gazteen etorkizunean inbertitzea”, adierazi du Itxasok.

Planak etxebizitza-funts sozial handi bat sortzea ere aurreikusten du, EIB – Europako Inbertsio Bankuaren, KOI – Kreditu Ofizialeko Institutuaren eta euskal bazkideen partaidetzarekin, kapital pribatua etxebizitza eskuragarriko proiektuetara erakartzeko.

Arazoak soluzioa du

Sailburuak konfiantzazko mezu batekin amaitu nahi izan du bere agerraldia. “Badakit familia asko beren diru-sarreren zati handi bat alokairura bideratzeko larritasunarekin bizi direla, eta gazte askok frustrazioa sentitzen dutela, ezin direlako emantzipatu. Ez dugu errealitate hori minimizatzen, baina ez dugu etsitzen ere”.

 “Sail honek eta gobernu honek etengabeko borroka-jarreran egiten diote aurre egoera honi. Horretarako, gure Etxebizitzaren Euskal Legeak aitzindari gisa aitortu zuen eskubide subjektiboaren alde borrokatzeko Plana dugu. Plan honek programak, baliabideak eta ekintzak jartzen ditu soluzioetarantz aurrera egiteko, legegintzaldian alokairu eskuragarriko 7.000 etxebizitza bultzatuta eta Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren helburuak beteta”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak