Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Basurtuko Ospitaleko Iktus Unitatearekin tronbosia izan duten pertsonen arretarako euskal sarea osatuko da

2012.eko maiatzak 11

Donostiako, Gurutzetako, Galdakaoko eta Arabako Unibertsitate Ospitaleak badituzte era honetako unitateak

Dagoeneko Europako osasun-arazo larrienetakotzat jotzen den gaixotasuna duten pertsonen laguntza hobetu egingo da, horrela, Euskadin

Patxi Lopez lehendakariak eta Rafael Bengoa, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumoko sailburuak, gaur inauguratu dute Basurtuko Ospitaleko Iktus Unitate berria. Donostia, Gurutzeta, Galdakao eta Arabako Unibertsitate Ospitaletako unitateekin batera, Basurtukoarekin osatuta geratu da zerbitzu-mota hauen Osakidetzaren mapa.

Tronbosia izan duten pertsonei Euskadin eskaintzen zaien osasun-laguntzaren kalitatea nabarmen igoko da, arreta azkarra, integrala eta eraginkorra izango dutela bermatuko baitzaie. Izan ere, gaixotasun honen intzidentziari erreparatuz gero -200 kasu berri 100.000 biztanle eta urteko-, Europak duen osasun-arazo larrienetakoa bihurtu dela esan genezake. Hain zuzen ere, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) iktus akutua izan duten paziente guztiek gaur inauguratu den bezalako unitate berezituetan arreta izateko beharra dutela azpimarratu zuen, Helsingborgeko Adierazpenean.

Hona hemen 2009 eta 2011 bitartean 12.000 paziente baino gehiagori arreta eman dien Iktus Unitateen euskal sarearen xedeak:

  • Iktusa izan duen pazienteari arreta integrala ematea, iktusaren fase akutuan. Protokoloz ezarritako arreta medikoaz gain, erizaintzako arreta jarraitua emango zaio, baita pazienteei eta familiei heziketa ere, pazientearen bizi-kalitatea hobetzeko eta gertakari baskular berriei aurrea hartzeko.
  • Tronbolisia (iktusa eragiten duen tronboa haustea) iktusaren fase akutuan egitea, tratamenduaren optimizazioa bermatzeko. Maniobra konplexua da, kontu handia eskatzen duena, baina ondo ateraz gero ez du sekuelarik uzten paziente gazteagoetan.
  • Birgaitze goiztiarra ematea, iktusa duten gaixoen errekuperazioa eta pronostiko funtzionala hobetuko duena. Pazienteak Birgaitze Unitatean bertan ospitaleratuta daudela hasiko litzateke.
  • Iktusen erregistroa egitea eta ikerketa-lanak garatzea, horietan oinarrituta, gaixo hauek tratatzerakoan neurri eraginkorragoak erabili ahal izateko aurrerantzean.

BASURTUKO IKTUS UNITATE BERRIA

Basurtuko Ospitalean gaur inauguratutako unitateak banakako 5 boxe ditu, bakoitza bere monitorearekin. Kontrol-postuaren inguruan kokatuta daude eta monitoreak zaindu ez ezik, gaixoak ere ikusi egiten dituzte bertatik.  Boxe bakoitzean -eserleku bat ere egongo  da familiako edo laguntzaile batentzat-,  monitoreari esker, etengabe egongo da kontrolatuta bihotz-taupaden maiztasuna, odolaren oxigenazioa eta arteria-presioa.

Unitatean ekografo bat ere badago, arteria karotiden eta kraniobarneko arterien ekografiak egiteko, eta horrez gain, semikritikoen unitate batean ohikoak diren erizaintzako baliabideak ere.

Giza taldeari dagokionez, 6 erizain daude bereziki trebatuak, erizaintzako laguntzaile bat eta guardiako neurologo bat, 24 orduetan, baita errehabilitazioko arduradun bat eta fisioterapeuta bat ere.

Unitate berri hau gauzatzeko -obrak, altzariak eta ekipamendua- 446.811 euroko inbertsioa egin da.

IKTUSA: OINARRIZKO DATUAK

Garuneko gaixotasun baskularra da, ezintasun-arrazoi nagusia gizon eta emakume helduen artean, eta hildako gehien eragiten duen arrazoia, emakumeen artean. Espainiako estatuan 130.000 pertsona ingururi eragiten dio. Horietatik, 80.000 hil egiten dira edota ezintasunen batekin geratu, ezintasun larriekin askotan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2009 eta 2011 bitartean, iktusa izandako 10etik 1 hil egin zen, batez beste. Gizonen kasuan % 9,97, eta % 11,58 emakumeen kasuan.

Bizitzan zehar, 6 pertsonetatik 1ek iktusa izango duela uste da. Iktusa izan duten pertsonen hiru laurdenak, gutxi gora behera, 75 urtetik gorakoak dira. Beraz, bizi-itxaropena igotzen doan heinean iktusa izango dutenen kopurua ere igotzen joango da. Bestalde, %15 eta 20 bitarteko iktus kopurua, 45 urtetik beherakoetan ematen da.

Gehien ematen diren iktusen artean (%80-85), iskemikoa da ohikoena. Tronbosi bezala ere ezagutzen da, eta garuneko arteria bat  buxatu eta garun zati bat odol-fluxurik gabe uzten duenean gertatzen da. Garuneko zati bakoitza espezializatuta dago, eta arteria bakoitzaren kalibrea eta odola zein alderdira eramaten duen kontuan hartuta, sintomak ezberdinak izango dira. Hona sintoma ohikoenak, baina ez bakarrak: indarra edo sentsibilitatea bat-batean galtzea gorputzeko alde batean, eta hitz egiteko zailtasuna edota ezintasuna.

Beste patologia kardiobaskular batzuetan gertatzen den bezala, iktusari aurrea hartzeko modurik onena bizi-ohitura osasungarriak edukitzea da (ariketa fisiko apur bat, dieta orekatua eduki, tabakoa eta alkohola saihestu...) Diabetesa, hipertentsioa edo hiperkolesterolemia bezalako patologia kronikoak dituztenek, are kontu handiago izan behar dute eta osasun arloko profesionalekin harremanetan egon.

INBERTSIOAK ETA HOBEKUNTZAK BASURTUN

Lehendakariak eta Osasun eta Kontsumo sailburuak Basurtuko Ospitalean, orain aste gutxitatik, abian jarri diren edo oraindik eraikitzen ari diren instalazio eta ekipamendu batzuk ikusteko egin duten bisita aprobetxatuta inauguratu da iktus unitate berria.

Hala, azken belaunaldiko erresonantzia magnetiko nuklearreko (EMN) ekipo batek nola funtzionatzen duen ikusi dute Ampuero pabiloian. EMNeko ekipo hori eskuratzeko 1.134.840 euroko inbertsioa egin da, eta diagnostiko klinikorako azken prestazioak ditu. Horrek esan nahi du ospitalearen edukiera bikoizteko gaitasuna duela; izan ere, ospitaleratutako pazienteen erantzun-denborak hobetu egiten ditu (48 ordu baino gutxiago), eta ondorioz, gutxitu egiten da ospitaleko kontsultetako itxarote-zerrenda.

Areilza Berri pabiloia ere bisitatu dute; zehazki, pabiloi horretako ospitalizaziorik gabeko kirurgia unitatea. 2011ko abenduan ireki zuten, eta gaur egun, 16 ohe dituela egiten ditu ebakuntzak. Dena den, 31 ohe izango ditu zerbitzu horrek 2013ko udazkenean, orduan aurreikusi baita espezialitate desberdinetarako balioko duten beste 6 ebakuntza-gela eta anestesia-zerbitzurako instalazioak zabaltzea. Hori guztia, pabiloi kirurgiko berrian, zeinak aukera emango duen ospitaleko edukiera kirurgikoa % 40 gehitzeko. Ebakuntza-gela modernoak eta kritikoak artatzeko behar diren oheak izango ditu.

Eta eremu horretan bertan, oftalmologiako ebakuntza-gelak zabaltzeko zer egin duten jakin nahi izan dute. Hala, uda honetan bertan, Basurtuko kirurgia oftalmologikoak duen edukiera bikoizteko aukera izango da (2011n, 2.500 paziente baino gehiago izan ziren), eremuak hobetu eta modernizatzekoa, eta pazienteen segurtasuna sendotzekoa.

Areilza Berria pabiloian jarri nahi diren instalazio berri horiek 15 milioi euro baino gehiagoko kostua izan dute.

ETENGABEKO BILAKAERA DUEN OSPITALEA

Basurtuko Ospitalea etengabe ari da bere instalazioak berritzen, zerbitzu berriak jartzen eta herritarrak artatzeko eremuak handitzen.  Hala, legegintzaldi  honetan urrats handiak egin dira zeregin horretarako:

  • Aztarain pabiloia ireki eta abian jarri da, paziente onkologikoentzat.
  • Pabiloietako mediku eta erizainentzako eremuak berritu dira.
  • PUVA bat jarri da abian, psoriasia izpi ultramoreekin tratatzeko ekipamendua.

Etorkizunari begira, Basurtuko Ospitaleak erronka garrantzitsuak ditu aurrean; esaterako, uda honetan bertan zabalduko dituzten oftalmologiako ebakuntza-gela berriak, edo pabiloi kirurgikoko obrak bukatzea, Revilla pabiloia berritzeko lanak, eta, udazken honetan, koloneko screening unitatea abian jartzea, koloneko eta ondesteko minbizia garaiz atzemateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Patxi Lopez lehendakaria eta Rafael Bengoa, Osasun eta Kontsumoko sailburua