Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

INTERNET EGUNA Zazpigarren edizioan jarduera eta gune gehiago izango dira, enplegua ardatz nagusi dela

2012.eko maiatzak 14

Eusko Jaurlaritzak, SPRIk eta Internet&Euskadi Elkarteak sustatu duten ekimena maiatzaren 15etik 19ra egingo da

Maiatzaren 17an mundu osoan egingo da Internet Eguna. Euskadin, zazpigarren urtez jarraian, Internet Egunak Sarearen balioa berretsi nahi du, herritar guztiei makina bat zerbitzu eta eduki interesgarri eskaintzen dien komunikabidea baita. Ekimenaren sustatzaile eta antolatzaile izan dira Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo saila, SPRIren bitartez (eraldaketa lehiakorrerako sozietatea), Internet Euskadi Elkartea eta Justizia eta Herri Administrazioa saila, KZguneen sarearen bidez. Aurtengo ekitaldian formatua erabat aldatuko da, edukiak eta kokalekuak dibertsifikatzeko helburuarekin. Antolatu diren ekintzak prestakuntzara eta enplegu-bilaketara bideratuta daude. Barakaldon, Bilbon, Zeanurin, Leioan, Donostian, Zarautzen, Errenterian, Urnietan, Usurbilen edota Laudion egingo dira Internet Eguneko ekitaldiak, eta gainera, Teknologi Parke bakoitzean hitzaldi bana eskainiko dute.

Interneten erabileraren alorrean, Euskal Autonomia Erkidegoan dugun errealitatea oso pozgarria da, eta urtez urte eginiko aurrerapenen ondorioz oso baikorrak gara. Hona hemen daturik garrantzitsuenetariko batzuk:

Euskal herritarrek eskuarki erabiltzen dute Internet, Europako herrialde nagusietan bezalaxe.
2008ko datuekin alderatuz, bikoiztu egin da etengabeko prestakuntza, eta Europako herrialdeen portzentajearen parean gaude.
2008ko datuekin alderatuz, eskoletan IKTak erabiltzen dituzten irakasleen portzentajea bikoiztu egin da.
Bretxa digitala modalitate guztietan txikituz joan da, eta Europako i2010 ekimenaren helburuekin bat egin dugu, teknologia digitalaren erabileraren alorrean.

Hala ere, IKTetako ekipamenduen erabilgarritasuna oso ezberdina da hainbat ezaugarri soziolaboralen arabera, esaterako adinaren, ikasketa-mailaren edo lan-egoeraren arabera. Ildo horretan, "bazterketa digitalean" erortzeko arriskua dauden zenbait kolektibo daudela ikus daiteke, horiek gizarte orokorrarekiko nolabaiteko atzerapen teknologikoa baitute. Zehazki, egoera ahuleko taldeak edo "bazterketa digitalean" erortzeko arriskuan daudenak hauek dira: adineko pertsonak (55 urte baino gehiago dituztenak) langabe inaktiboak eta lehen ikasketak baino ez dituzten herritarrak.

Sei urtez azoka-formatua erabili da EAEn Internet Eguna ospatzeko. Teknologi aurrerapen ikusgarrienak era ludikoan erakutsi dira azoka horietan, eta jendearen aldetik arrakastatsuak izan dira. Haatik, 2012an ospakizuna eraberritu nahi da. Horrela, lehen aipatu dugunez, zazpigarren edizio honetarako proposatu diren ekimenak langabeen kolektiboari bideratuta daude neurri handi batean.

Alfonso Alcantara Barakaldon


Antolatutako ekitaldien artean garrantzitsuenetakoa Barakaldoko CEDEMI zentroan maiatzaren 17an, ostegunez, egingo den "Enplegua eta IKTak" jardunaldia da. Bernabe Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua eta Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkatea izango dira inaugurazio-ekitaldiaren buru. Ondoren, gaur egun gizarte-sareen inguruko guruetako baten txanda izango da: Alfonso Alcantara coach eta aholkularia, Enplegua 2.0, garapen profesionala, gizarte-sareak eta produktibitatea gaietan aditua. "Enplegua 2.0: ez bilatu aukerarik, haiek zu aurkitzea da kontua" hitzaldia eskainiko du. CEDEMIko jardunaldia doakoa da, baina aurretik, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute www.ieguna.net web-orrialdean. Ekitaldi horretan izango diren gainontzeko hitzaldiak honako hauek dira: Eusko Jaurlaritzako Nagore de los Riosek "Nola laguntzen zaitu Internetek Gobernuan parte hartzen (IREKIA) eta nola ekin datu publikoak erabilita (OPEN DATA)" berbaldia eskainiko du; Novia Salcedo erakundeko Josu Robredok, berriz, "Gure estrategia nola diseinatu, lan-bilaketaren kontzeptu berria, gaitasun berriak, zein web-orrialdeetan egon behar dugun, teknologia berriak aliatu gisa" gaiak jorratuko ditu; Michael Page-ko Mario Allende Losadaren hitzaldia "Langileen aukeraketaren arloko esperientzia praktikoak" izango da; eta Mondragon Unibertsitateko Roberto Uribeetxeberriak "IKTek lana bilatzeko eskaintzen dituzten aukerak" izango ditu hizpide.

Zarautzen eta Laudion egingo diren jarduerak

Beste ekimen garrantzitsu bat Zarautzen egingo da, maiatzaren 18an, ostiralez. Bertako Sanz Enea Kultur etxean "Zure bisitariak zale bihurtu" tailerra landuko dute. Batez ere turismoa, kultura, kirola, merkataritza eta abarrekin lotutako establezimenduak eta ekitaldiak sustatzen dituztenei bideratuta dago tailerra, eta baita ere orokorrean gizarte-sareak eta Smartphoneak erabili eta Zarauzko interesguneak ezagutu nahi dituzten lagunei. Gizarte-sareen bidez (Facebook, Twitter, Tuenti, Linkedin, Foursquare, Google Places, Facebook Places, Twitter Places, 11870, Minube, etab.) guneak edota ekitaldiak sustatzerako orduan kontuan hartu beharreko funtsezko alderdiak aztertzea da topaketaren helburua.

Laudion ere ekitaldi garrantzitsua eramango dute aurrera maiatzaren 19an, larunbatez.  "Geolokalizazio-jardunaldia gazte eta helduentzat" ekimenaren barruan hiru jarduera dibertigarri eta hezitzaile antolatu dira: lehena "Geocaching: GPS bidezko bilaketa-jokoa", 8 urtetik gorakoentzat; bigarrena "Laudio Caching", 18 urtetik gorakoentzat. Biak ala biak Aldai plazan egingo dira. Laudioko hirugarren ekitaldia "Internet eta GPS kanpoko outdoor jardueretarako" hitzaldia izango da, Goikogane mendizale-taldearen egoitzan egingo dena.

Bestelako ekimenak


Aipatutako ekitaldi horiez gain, gaiarekin nolabaiteko lotura duten hainbat jarduera osagarri eramango dira aurrera Internet Egunean. Honako hauek dira azpimarragarrienak:

Jardunaldia: "Internet 2012: ezagutzen zenuena, dagoeneko, aspaldiko kontua da", Teknologia Parkeetan: Asteartea, maiatzak 15 - 9:30etik 13:00etara: Donostiako Teknologia Parkea. Asteazkena, maiatzak 16 - 9:30etik 13:00etara: Arabako Teknologia Parkea. Osteguna, martxoak 17 - 9:30etik 13:00etara: Bizkaiko Teknologia Parkea).
Barnetegi Teknologikoa eliteko kirolarientzat Zeanurin. Asteazkena, maiatzaren 16tik 17ra Etxegana Hotelean.
Internet-i buruzko hitzaldiak Deuston: Osteguna, maiatzaren 17, 17etatik 20etara. Alex Rayon;  Diego López de Ipiña; Oscar del Santo.
Lantegiak Errenterian, Urnietan eta Usurbil: Osteguna, maiatzaren 17ª - nplegagarritasuna hobetzeko lantegiak
Software Libre Kongresua Donostian : Ostirala, maiatzaren 18ª 9.00etatik 14.00etara Joxe Mari Korta I+G+B Zentroko Auditorioa)
Donostiako Teknologia Parkean Kanpus Teknologikoa: Larunbata, maiatzak 19 - 10:00etatik 13:00etara: Tailerra: "Programatu zure lehen robota".
Blogeuren aurkezpenaren Jardunaldia Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan: Larunbata, maiatzaren 19a 10.30etatik 13.30etara.
Jardunaldia: "Internet eta mendizaletarako sare sozialak" Leioan: Larunbata, maiatzaren 19ª 17.30etatik 19.30etara Sakoneta Polikiroldegian.

3 iruzkin
  • @joseanss
    2012.eko maiatzak 15

    Comentario de Twitter:
    RT @Maripuchi: Actividades para el día de internet - internet eguna 2012 http://t.co/VQpwrY6a @Yoriento powah! ;-)

  • @alorza
    2012.eko maiatzak 15

    Comentario de Twitter:
    Internet eguna: La septima edicion multiplica sus actividades y emplazamientos y situa al empleo como eje principal http://t.co/9ocVs3LL

  • @PIPEJGV
    2012.eko maiatzak 14

    Comentario de Twitter:
    INTERNET EGUNA Zazpigarren edizioan jarduera eta gune gehiago izango dira, enplegua ardatz nagusi dela. http://t.co/CDyNqJxV @Irekia_News

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)