Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Euskadi eta Gaztela eta Leonek adineko pertsonen arretarako eredu berriei buruzko esperientziak dituzte

2012.eko maiatzak 11

 Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Gaztela eta Leongo Juntako Familia eta Aukera Berdintasunerako Kontseilaritzak esperientziak dituzte gaur, adineko pertsonen arretarako eredu berriei buruz.  Gemma Zabaleta eta Milagros Marcos Ortega sailburuak buru zituztela, sail bietako ordezkaritzek Los Royales egoitza bisitatu dute Sorian, Gaztela eta Leongo Junta bertan ari baita egoitza-eredu berri bat probatzen.   Jaurlaritzako ordezkariez gain,  Gizarte Ongizateko diputatu den Marta Alaña buru zuela, Arabako Foru Aldundiko ordezkaritza batek ere parte hartu du. 

Lan-jardunaldi hau, Gaztela eta Leonek eta Euskadik urtarrilaren 23an izenpetu zuten lankidetza-hitzarmenaren barruan dago. Hitzarmen horren helburua zen  adineko pertsonen arreta hobetzen joateko autonomia erkidego bien artean esperientziak eta ezagutzak elkar trukatzeko lankidetza abian jartzea. Euskadi eta Gaztela eta Leon dira, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Elkartearen arabera,  Espainian gizarte zerbitzuen garapenean emaitzarik onenak lortu dituzten erkidegoak.

Bi erkidegoek aldatu egin nahi dute adineko pertsonei, desgaituei eta mendekoei ematen zaien arreta-eredua. Eta hain zuzen ere, arreta-eredu berri hori pertsonen beharretan eta lehentasunetan, eta pertsonen ordura arteko bizitzan oinarritzea nahi dute,  azkenean arreta familiarragoa komunitarioagoa lortzeko, eta ez hain instituzionalizatua.

Bisitan zehar,  Gaztela eta Leongo Juntako Familia eta Aukera Berdintasunerako kontseilariak euskal ordezkaritzari azaldutakoaren arabera, eredua aldatzen ahalegintzen ari dira, baina egoitzetan bertan. Une honetan egoitzek mota horretako arreta eskaintzeko eskakizunak finkatuko dituen dekretu bat ari dira lantzen. Alde horretatik, Los Royales egoitza saiakuntza-banku bat da. Zentro-eredu "bizi, ireki, erakargarriago eta malguagoa, eta kalitate handiagokoa dugu", pertsonaren inguruan antolatua, eta adineko pertsonen arteko harremanak estutzeko aukera ematen duena.

Etxean Ondo

Zabaleta andreak berriz, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri dituen esperientzien berri eman zion Gaztelako kontseilariari, batez ere, etxean bertan ematen diren zerbitzuetan oinarritutakoena. Zehatzago esanda, Zabaletak Etxean Ondo proiektua zertan den azaldu zion; esperientzia horri esker, sailak arau-aldaketa bat bultzatu ahal izango du, sistemaren eraginkortasuna zenbat kostatzen den ikusi, eta beste lanbide-profil batzuk aurkitu.

Etxean Ondo proiektuaren helburu nagusia da desgaituei eta adinekoei, mendekotasun-egoeran daudenei barne, erraztasunak ematea beren etxeetan bizitzen eta komunitatean parte hartzen jarrai dezaten, baina behar duten arreta eta laguntza guztiarekin. Etxean Ondok Gipuzkoako bost udaletan burutzen ari diren koordinazio soziosanitarioko bost esperientzia ditu erakusteko; gizarte-zerbitzuetako eta osasun arloko profesionalek koordinatu egiten dituzte ekintza, jakintza eta estrategia guztiak, arreta pertsonalizatua, integrala eta jarraitua ematea lortzeko.  Gizarte eta osasun arloko zainketak behar dituzten pertsonek bateratuta jasotzen dituzte zerbitzuak etxean, ez bakoitza bere aldetik. Horregatik, proiektuan sartu beharreko etxebizitzak aukeratu egin dira aurrez.

Proiektuak dibertsifikatu egiten ditu etxean ematen diren arreta-zerbitzuak. Arreta profesional koordinatua eskaintzeaz aparte, hurbiltasun-zerbitzu gehiago jarri dira etxeetan daudenen esku (jatekoak, arropa-garbiketa, fisioterapia, podologia, garraioa, liburutegi ibiltaria, ...).

Pertsona horiek zaintzen dituzten familientzako laguntzak ere areagotu egin dira: etxean bertan aholkularitza eskaintzen dien laguntza profesionala ezarri da, zainketei buruzko zalantzak argitzeko, eta jarri berri den telelaguntza zerbitzuaren bidez ere egin ditzakete kontsultak.

Erreferentzia-profesionalak izendatu dira, eta kasu-kudeaketaren metodologiaren bidez, profesional bera arduratzen da arreta-prozesu osoan zehar familiei laguntzeaz eta esku-hartze guztiak koordinatzeaz. Era berean, adineko pertsonek eta desgaituek komunitatean parte har dezaten bideak eta laguntzak eskaintzen dira, arreta berezi eta pertsonalizatua eskaintzen zaielarik, isolaturik eta bakardade-egoeran daudenei.

Esperientzia pilotu horiek garatu ahala, zorrotz ebaluatzen da pertsonen bizi-kalitatea, espero adina hobetu den jakiteko, bai eta ezarri nahi diren neurrien eraginkortasuna eta jasangarritasuna ere. Proiektuaren helburuetako bat  da, ahal den neurrian, pertsona horiek egoitzetan bizi beharrik ez izatea, eta alferrikakoak diren ospitaleratzeak eta beste kontsumo soziosanitario batzuk ekiditea.

"Zahartze-prozesuari beste era batera begiratzea da", esan du Zabaleta sailburuak. "Pertsonen autonomia bultzatu nahi dugu. Mendekotasunen bat izan arren, pertsonak gai dira pentsatzeko, zer nahiago duten adierazteko eta erabakitzeko, eta horri eman behar zaio lehentasuna arreta-ereduan. Horiek horrela, aldaketak egin beharko dira egoitzetako egituretan, zaintzaileen profil profesionaletan, eta espazio soziosanitarioaren koordinazioan, eraginkorrak izateko".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan