
Langabeziaren prestazioak Euskadira eskualdatzeko akordioa
- Akordioa urtea amaitu aurretik egingo den Transferentzien Batzorde Mistoan gauzatuko da
- Sailburuak akordioaren garrantzia azpimarratu du: “mugarri garrantzitsua da, Gizarte Segurantzaren blokeari dagozkion politika aktibo eta pasiboen eskualdaketa osatuko baitugu, gaurkoa egun handia da Euskadirentzat”
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak langabezia-prestazioaren kudeaketaren eta langabezia-subsidioaren kudeaketaren eskumenak Euskadira eskualdatzea adostu dute, gaur, Maria Ubarretxena Gobernantzako, Administrazio Digitaleko eta Autogobernuko sailburuak eta Joaquín Pérez Rey Lan eta Gizarte Ekonomiako Estatu idazkariak Madrilen egindako bileran.
Akordio hori, urtea amaitu aurretik egingo den Transferentzien Batzorde Mistoan gauzatuko da, Gernikako Estatutuan ezarritako betetze asmoz.
Eskualdatze honekin Euskadik bere gain hartuko ditu SEPEren (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa), 30 bulegoak, gaur egun, 534 langile dituztenak. 2024.urteko datuei erreparatuz, 51.000 pertsona izango dira langabeziari lotutako laguntza horien onuradunak Euskadin, eta horrek, Euskadik urtean 822 milioi euroko zenbatekoa kudeatuko duela esan nahi du.
Egun garrantzitsua Euskadirentzat
Maria Ubarretxena sailburuak positiboki baloratu du akordioa lortzeko oztopoak gainditu izana, Estatuko Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko ituna betez. “Eskumen horien eskualdaketa uztaileko Aldebiko Batzordean ixtea zen gure asmoa, baina ez zen posible izan; hori dela eta, negoziazio-ahaleginak areagotu ditugu eta horrek aukera eman digu, zailtasunak zailtasun, adostasunetara iristeko” azaldu du Ubarretxenak.
Sailburuaren hitzetan “gaur egun handia da Euskadirentzat”. Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan azpimarratu du gaurko akordioa mugarri garrantzitsua dela,
"zirkulua ixten dugu, Euskaditik, politika aktiboez gain, Gizarte Segurantzaren blokeari dagozkion enplegu-politika pasiboez ere arduratuko gara, 1979ko Gernikako Estatutuan jasotzen zen moduan. Gaur eman dugun urratsaren garrantziaz gain – jarraitu du –, tunelaren amaieran argia ikusten hasi gara, Estatutuaren konpromisoa bete gabe 46 urte igaro ondoren".
Ubarretxenak berretsi du Eusko Jaurlaritzak urri hasieran emango diola eskualdatzeko dauden eskumen guztien inguruko proposamena Espainiako Gobernuari, hitzemandako egutegia betetzeko. “Eusko Jaurlaritzak etxeko lan guztiak eginak ditu eta behar den guztia egingo dugu, duela ia mende erdi euskal herritarrek gehiengo zabalez onartu zuten Gernikako Estatutua osorik betetzeko” amaitu du.
-
2025-09-17
Comentario de X:
✍🏻 Akordioa lortu da langabezia-prestazioaren eta langabezia-subsidioaren kudeaketa Euskadira eskualdatzeko.✍🏻 Acuerdo para traspasar a Euskadi la gestión del paro y el subsidio por desempleo.







