Berriak Kultura
Eu

Jaurlaritzak 120.000 euro jarriko ditu gazteak balio demokratikoetan eta bakearen kulturan hezteko jarduerak garatzeko (2012-05-08(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko maiatzak 08

Agindua, gazteak balio demokratikoetan eta bakearen kulturan hezteko programak eta jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dituena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu egin du balioetan eta bakearen kulturan hezteko programak eta jarduerak gazteen artean zabaltzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dituen Kulturako sailburuaren Agindua. Laguntza-programa honetarako 120.000 euro erabiliko dira.

Agindu honek nahi duena da gazteak balio demokratikoetan eta bakearen kulturan hezteko programak zabaltzen laguntzea. Horretarako, Kultura Sailak beste tresna baten gisara mahairatzen du laguntza hori, hain zuzen ere, gazteak eta beste zenbait sektore berezi gizartean integra daitezen lagunduko duena. Laguntza horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeei aukera emango zaie balio demokratiko eta bakearen kulturako programak burutzeko, betiere beren kabuz egindako diseinuaren arabera, eta, aldi berean, ez zaie muga estuegirik ezarriko, arlo horretan lanean diharduten agenteen ekintza berriak eta berriztatzaileak ez oztopatzeko.

Diruz lagunduko diren jarduerek ardura handiz errespetatu behar dituzte bizitzeko eskubidea eta 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza-eskubide guztiak, bai eta 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Itunean eta 1966ko Ekonomia, Gizarte eta Kulturako Eskubideen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere; horrenbestez, terrorismoa goratu edo justifikatzen duten jarduerak baztertu egingo dira.

Horrenbestez, 120.000 euro erabiliko dira xedapen honetan zehazten diren eremuetako batean sartzen den jarduera bat garatzea helburu duten pertsona juridiko, publiko edo pribatuei beren xedea gauzatzen laguntzeko bideak emateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan