Gripearen aurkako txertaketa kanpaina 2025
Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak 10.000 haurtxo immunizatuko ditu martxora arte bronkiolitis akutuaren aurka

2025-09-16
  • Dosia jaioberri guztiei, garai aurreko jaioberriei eta gaixotasun kronikoren bat duten 2 urtetik beherako haurrei jarriko zaie
  • Iaz, xede-biztanleriaren % 90 immunizatzea lortu zen, eta, horri esker, % 35 murriztu ziren Lehen Mailako Arretako eta Larrialdietako kontsultak,
    eta % 50 ospitalizazioak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak bronkilitis akutuaren aurkako immunizazio-kanpaina berri bat abiarazi dute aste honetan. Kanpaina osoan zehar, iraila eta martxoa bitarte, 10.000 haur inguru immunizatzea aurreikusten da. Aurreko denboraldian, Osakidetzak 10.049 haur immunizatzea lortu zuen bronkiolitis akutuaren aurka, xede-biztanleriaren % 90, 1.623 haurtxo Araban, 5.032 Bizkaian eta 3.394 Gipuzkoan.

Iazkoan bezala, 2025-2026ko kanpaina honetan bronkiolitis akutu larria izateko arrisku handiena duten taldeak immunizatuko dira:

  • Jaioberriak; horiei kanpainak iraun bitartean immunizatuko dira (udazkenean eta neguan).
  • Uztailaren 1etik irailaren 14era bitartean jaiotako haurrak; kanpainaren lehen asteetan jarriko zaie txertoa.
  • Urtebete baino gutxiagoko garai aurreko jaioberriak.
  • Biriketako gaixotasunak, bihotzeko gaixotasunak, gaixotasun neurologikoak edo immunitarioak dituzten 2 urtetik beherako haurrak. Pediatriako espezialistek zuzenean emango diete horren berri familiei.

Bronkiolitis larria arnas infekzio bat da, eta batez ere 2 urtetik beherako haurrei erasaten die. Hasieran, katarroaren antzeko sintomak agertzen dira, hala nola mukiak, eztula edo sukarra, baina egun batzuen buruan beste sintoma batzuk ager daitezke, adibidez, arnasa hartzeko zailtasunak, txistuak edo nekea, eta neke horrek esnea hartzean eragiten die haurtxoei.

Normalean, kasuak urritik martxora bitartean izaten dira, eta intzidentziarik handiena azarotik abendura bitartean izaten da. 

Antigorputzaren eraginkortasun handia

Bronkiolitisa birus ezberdinek eragindako gaixotasuna da, eta Arnas Birus Sinzituala da ohikoena. Badira urte batzuk prebentzio-tresnak daudela, esaterako, Nirsevimab izeneko antigorputz bat. Medikamentu hori muskulu barnetik ematen da birusarekin kontaktuan egon aurretik, dosi bakar batean, eta gaixotasuna prebenitu dezake, eta, hori ez ezik, bronkiolitis akutuaren forma larrienak saihestu ere. Gaur egun arte gure inguruan egindako azterketek eraginkortasun handia erakusten dute.

Izan ere, iaz, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako eta Larrialdi Zerbitzuetako kontsultetan xede-biztanleriaren % 90 baino gehiago immunizatzea lortu zenez, % 35 murriztu ziren Lehen Mailako Arretako eta ospitaleko larrialdietako kontsultak, eta gaixotasunaren ondoriozko ospitalizazioak % 50 gutxiago izan ziren 2 urtez azpiko haurretan, aldiz ehuneko hori %65ekoa izan zen 3 hilabete baino gutxiagoko haurtxoei dagokionean.

Prebentzio-neurriak: Osakidetzaren Bronkiolitisaren Ibilbidea

Bestalde, kanpainaren hasierarekin batera, Osakidetzako zentro guztiek, bai Lehen Mailako Arretakoek bai ospitaleetakoek, Bronkiolitisaren Ibilbide Asistentzial Integratua jarriko dute martxan berriro. Bronkiolitisa duten paziente pediatrikoekin egin beharreko jarduerak biltzen ditu, prebentzio, diagnostiko eta tratamendu jardunbide onenak bermatzeko, bai eta hasieratik arreta homogeneoa emateko ere. Gainera, ekimen horren barruan, Osakidetzak gaixotasunari eta haren erabilerari buruzko informazioa ematen die familiei, idatzizko eta ikus-entzunezko materialen bidez.

Osakidetzak herritarrei gogorarazi nahi die prebentzioko oinarrizko neurriak bronkiolitis akutuarekin ez kutsatzeko arnasketako edozein gaixotasunenak bezalakoak direla, hau da, eskuak maiz garbitzea, espazio itxi eta jendetsuetan ez egotea, barrualdeak aireztatzea, haurra haurtzaindegira edo eskolara ez eramatea gaixorik dagoenean, edo arnas sintomak (katarroak, eztula edo sudurreko mukositatea) dituzten pertsonek jaioberriak ez bisitatzea, neurri horiek guztiak oso garrantzitsuak baitira kutsatu ez daitezen.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Bronkiolitis Akutuaren atal espezifikoa eskuragarri dago Osasun Eskola Plus-en:  https://osasuneskola.osakidetza.eus/es/medialib/html/bronkiolitis-akutua

3 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2025-09-18

    jatorrian ere baldintza termohigrometriko egokiekin jardutea, arriskua minimizatuz.

  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2025-09-17

    Comentario de X:
    💉 Osakidetza inmunizará hasta marzo a 10.000 bebés contra la bronquiolitis aguda

    👶🏻 La dosis se pondrá a todos los recién nacidos; a bebés prematuros; y a niños y niñas de menos de 2 años con alguna enfermedad crónica

    https://t.co/GuJhVWFINN https://t.co/F3KlV7tVCk

  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2025-09-17

    Comentario de X:
    💉 Osakidetzak 10.000 haurtxo immunizatuko ditu martxora arte bronkiolitis akutuaren aurka

    👶🏻 Dosia jaioberri guztiei, garai aurreko jaioberriei eta gaixotasun kronikoren bat duten 2 urtetik beherako haurrei jarriko zaie

    https://t.co/RBJlGoXj1k https://t.co/zfgfFtu6d7

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak