Azaroak 25 kanpaina
qrcode

San Sebastian Shop” elkarteari 100.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu da, tokiko merkataritza sustatzeko plataforma digital zentralizatua sortzeko (Gobernu Kontseilua 2025-09-16)

2025-09-16

Gobernu Kontseiluak “San Sebastian Shop, Merkatarien Elkarteen Elkartea” elkarteari 100.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du, “Haz Click en el comercio donostiarra / Egin Klik Donostiako Merkataritzarekin” proiektua garatzeko. Donostiako tokiko merkataritza sustatzeko ekimena da eta, horretarako, plataforma digital zentralizatu bat sortuko da.

Tokiko merkataritza funtsezko elementua da auzoetako bizitzan eta hiriaren kohesioan, baina plataforma handien lehiaren eta eraldaketa digitalaren ondoriozko erronkei egin behar dio aurre. Proiektu honen bidez, Donostiari tresna digital berritzaile, irisgarri eta erakargarria eman nahi zaio, tokiko merkataritza ikusarazi eta dinamizatu ahal izateko, eta, hala, gaur egungo ingurunean lehiakortasuna indartzeko.

Plataforma berria Donostiako tokiko merkataritzaren online direktorio modukoa izango da, eta edozein gailutatik kontsultatu ahal izango da. Aukera emango du dendak aurkitzeko, ibilbide tematiko eta pertsonalizatuak kontsultatzeko (ehunka urteko dendak edo arte-galeriak, adibidez), eskura dagoen eskaintza ezagutzeko eta negozio bakoitzarekin zuzenean harremanetan jartzeko. Era berean, totem digital interaktiboak instalatuko dira etorkizuneko Herritarren Arretarako Bulegoan eta Turismo Informazio Bulegoan, bai bertakoentzat bai bisitarientzat irisgarritasun maximoa bermatuta.

Aurreikusitako jarduketen artean, honako hauek daude:

  • Web-plataforma zentralizatua sortzea eta abiaraztea.
  • Hiriko puntu estrategikoetan totem digital interaktiboak instalatzea, direktorioaren irismena handitzeko.
  • “Ongi Etorri Pack” sustapen-kanpaina, plataforman lehen erregistroak sustatzeko eta hasieratik komunitatea sortzeko. Erregistratzen diren erabiltzaileek honako hauek jasoko dituzte:
  • 10 euroko deskontu-bonua, atxikitako saltokietan 30 € baino gehiagoko erosketak eginez gero.
  • Diseinu esklusiboa eta tokiko kontsumoaren aldeko mezuak dituen oihal birziklatuzko poltsa.
  • Plataformaren erabilerari eta gertuko merkataritzaren onurei buruzko txartel informatiboa.

Proiektu hau Berrikuntza Komertzialeko Hub-aren baitan kokatzen da, ezagutza eta digitalizazio-soluzioak ematen baititu txikizkako merkataritzak online ingurunean duen presentzia indartzeko.

Dirulaguntza horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak tokiko merkataritzaren modernizazioarekin, digitalizazioarekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoa berresten du, eta Donostiaren hiri-nortasuna eta auzoen kohesioa indartzen ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak