Gripearen aurkako txertaketa kanpaina 2025
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak telelanari ekingo dio berriro ere urtarriletik aurrera

2025-09-16

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, Maria Ubarretxenak, jakinarazi du Gobernu Kontseiluak onespena eman diola Mahai Sektorialak pasa den uztailaren 21ean hartutako akordioari, telelanaren eta lan ez-presentzialaren esparruan. Akordio hori LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sinatu zuten.

Gauzak horrela, Ubarretxenak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak berriz ekingo diola telelanari 2026ko urtarriletik aurrera. Eskaerak urriaren 3tik aurrera izapidetu ahal izango dira, eta langile publikoek astean 2 egunetan egin ahal izango dute telelana.

1,7 milioi euskara sustatzeko

Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste laguntzetako bat da, gizartean euskara sustatzen, garatzen edo normalizatzen diharduten pertsona fisiko edo juridiko pribatuei bideratutako, 2025ean egingo dituzten proiektuetarako, "Euskalgintza" deiturikoa. Eusko Jaurlaritzak 1.704.000 euro erabiliko ditu dirulaguntza deialdi honetarako.

Maria Ubarretxena, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, diruz lagundu daitezkeen proiektuak dira: eremu ez-formaletan euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko proiektuak, bereziki nerabe eta gazteen aisialdi-espazio monitorizatuetan (kirola, kultura eta denbora libreko taldeak) antolatzen direnak; hizkuntza-ohiturak aldatzeko eta gizarte-aktibazioaren bidez hiztunak aktibatzeko programak, ekintzak eta jarduerak; euskara ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta proiektuak eta euskarazko ingurune digitalean diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

Hezkuntza Komunitateari zuzendutako laguntzak

Era berean, Gobernu Kontseiluak hezkuntza-komunitatea osatzen duten zenbait elkarterentzako laguntzen deialdia onartu du gaur, elkarte horiek garatzen dituzten prestakuntza-jarduerak diruz laguntzeko. Gaur onartu den aginduak 1.033.000 euroko inbertsioa dakar, eta helburu nagusia da finantzatzea bai hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea, bai hezkuntza-komunitateak hezkuntza-sistemarekin duen konpromisoa.

“Laguntza-programa hau bat dator hezkuntza-komunitateak Euskal Hezkuntza Sistemaren ekitatea eta bikaintasuna bilatzeko duen erantzukidetasunarekin, eta guraso-elkarteen, elkarte horien federazioen eta irakaskuntza-kooperatiben gobernantzari eta parte-hartzeari buruzko alderdiak jasotzen ditu” azaldu du Ubarretxenak.

1,17 milioi Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako

Halaber, Gobernu Kontseiluak Ekonomia, Lan eta Enplegu sailaren agindu bat onartu du, Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresen arteko lankidetzarako, prestakuntzarako, dibulgaziorako eta ikerketarako, 1,17 milioi eurokoa.

Laguntza-deialdi berriek entitateen arteko gaikuntza eta lankidetza sustatuko dute, berrikuntza, gizarte-kohesioa eta kalitatezko enpleguaren sorrera indartzeko.

Lehiatu programa

Bestetik, Gobernu Kontseiluak ontzat eman du «Lehiatu Sustapena» programaren 2025eko deialdia, 500.000 euroko aurrekontua duena.

Bozeramailearen hitzetan, “programaren helburua da Euskadiko nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuen presentzia eta lehiakortasuna sustatzea nazioarteko merkatuetan”. “Laguntza, zehazki,- jarraitu du- sustapen- eta merkaturatze-ekintzetara bideratzen da, produktu horiek kanpoan ezagutzea eta saltzea errazteko, eta, horrela, haien posizionamendua indartzeko” gaineratu du Ubarretxenak.

Laguntza humanitarioak

Gobernu Kontseiluak izaera humanitarioko bi dirulaguntza onartu ditu gaur, 50.000 euroko dirulaguntza zuzena Acnurrentzat, Ukrainako gerraren errefuxiatuei laguntzeko eta 50.000 euroko beste bat, Itsas Salbamendu Humanitarioari zuzendutakoa, giza eskubideak defendatzeko eta gizartea sentsibilizatzeko proiekturako.

Lehenengo dirulaguntzaren helburua da Ukrainako gatazkaren ondoriozko errefuxiatu eta desplazatuei larrialdiko babesa eta laguntza ematea.

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak azaldu duenez, dirulaguntza honek, ACNURek bultzatutako laguntza-programa finantzatzea ahalbidetuko du, desplazatutako 156 pertsonaren oinarrizko premiei erantzuteko.

Lankidetza horren bidez, Eusko Jaurlaritzak ACNURen estrategia globala babesten du, Gerraren ondorioz, egoera zaurgarrian dauden pertsonei arreta emateko eta haien duintasuna eta segurtasuna mantentzeko oinarrizko baliabideak bermatzeko.

Gobernu Kontseiluan gaur onartutako bigarren dirulaguntzari dagokionez, Melgosa sailburuak adierazi du Itsas Salbamendu Humanitarioak zuzeneko laguntza emateaz gain, hala nola, Aita Mari ontziarekin egindako erreskateen bidez edo Kios-eko errefuxiatuen zentroan eskainitako osasun-arretaren bidez; bidegabekeria horiek salatzeko ere lan egiten duela, politikan eragiten saiatuz eta gizartea eralda dezaketen sentsibilizazio eta hezkuntza-ekimen desberdinak aurrera eramanez.

“Dirulaguntza honekin finantzatutako proiektuak aldaketa sakona eragin nahi du gizartean; funtzio pedagogikoa du, pertsona guztiok, bereziki gazteek, migratzaileekin enpatizatu dezagun, beren tokian jar gaitezen; eta hori ezinbestekoa da gorroto-diskurtsoek gero eta indar handiagoa duten garai honetan” adierazi du Melgosak.

Prentsa-txostena

Gai zerrenda

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak