Gripearen aurkako txertaketa kanpaina 2025
Berriak Osasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak profesional sanitarioak prestatzeko beka eta laguntzen deialdia egin du

2025-09-15
  • Eskaerak bihartik, irailaren 16tik, aurrera eta hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira
  • Laguntza-lerro horrek 180.000 euroko zuzkidura du, eta Euskal Osasun Sistemako osasun-langileek beren praktika profesionalean duten gaikuntza handitzea du helburu
  • 2024. urtean, 33 pertsonak jaso zituzten beka horiek, 4 laguntza eman ziren atzerriko zentroetan prestakuntza-egonaldiak egiteko, eta 29 Estatuko unibertsitate-zentroetan graduondoko ikastaroak egiteko; horietatik % 21 familiako eta komunitateko medikuntza sustatzera bideratu ziren

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasun arloko profesionalak prestatzeko beka eta laguntzen deialdia egin du aurten ere, 2025. urterako. Eskabideak bihartik (irailak 16) aurrera eta hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira www.euskadi.eus webgunean, gaur EHAAn argitaratu ondoren.

Osasun Sailaren helburuetako bat da osasun-zerbitzuen kalitatea hobetzea osasun-arloko kolektiboari prestakuntza handiagoa emanez, eta epe ertain eta luzeko estrategia bat planteatu du, euskal osasun-sistemako langileen gaikuntza handitzeko beren lanbide-jardunean.

Laguntza-lerroak, 180.000 euroko zuzkidura duenak, Euskal Osasun Sistemako osasun-langileen gaikuntza handitzea du, beraz, helburu. Horrela, bekak eta laguntzak emango dira, alde batetik, Estatuko zentroetako graduondokoetarako edo atzerriko zentroetako prestakuntza-egonaldietarako, bi kasuetan, honako arlo hauetan gaitasun aurreratuak eskuratzeko: kudeaketa sanitarioa eta plangintza asistentziala; osasun publikoa; zainketa aringarriak eta bizitzaren amaierako arreta; familia eta komunitateko medikuntza; osasun mentala; suizidioaren prebentzioa; Euskadiko Plan Onkologikoko ekintzak; gaixotasun neurodegeneratiboak; gaixotasun arraroak; generoa eta osasuna; gaixotasun kardiobaskularrak; zahartzea eta kronikotasuna; eta bioetika. Eta, bestetik, atzerriko zentroetan egonaldiak egiteko, osasun-zientzien eremuarekin zerikusia duten arlo guztietan ezagutzak areagotzeko helburuz.

Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte unibertsitate-titulua duten pertsona fisikoek, Euskadin erroldatuta badaude gutxienez urtebete lehenagotik, eta egoiliar prestakuntzarik egiten ez badute. Diruz lagunduko dira, besteak beste, ostatu-gastuak, matrikula eta ikasteko materiala, bidaiak eta mantenua. Beka edo laguntza bakoitza, guztira, ezin izango da hilean 1.500 eurotik gorakoa izan, eta gehienez ere urtebeterako emango da, prestakuntza-jarduera luzeagoa izan arren.

2024an, 33 pertsonak jaso zituzten Osasun Sailak profesional sanitarioak prestatzeko eskaintzen dituen bekak eta laguntzak. 4 laguntza eman ziren atzerriko zentroetan prestakuntza-egonaldiak egiteko, eta 29 Estatuko unibertsitate-zentroetan graduondoko ikastaroak egiteko. Horietatik, prestakuntza-jardueren % 21 familiako eta komunitateko medikuntzaren garapena sustatzera bideratu ziren.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak