Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzak berritu du istiluen aurkako materiala erabiltzea arautzen duen barneko araua

2012.eko maiatzak 11

Instrukzio berri batek era metodiko batean aratu ditu pilotak jaurtitzeko gailuen erabilerari buruzko alde guztiak

Gaur, Miguel Buen-ek, Segurtasun Saileko sailburuordeak, onartu du Ertzaintzak istiluen aurkako materiala erabiltzeko alde guztiak arautzen dituen Instrukzioa indarrean sartzeko erabakia. Instrukzio berriaren bitartez, xehetasun handiz eguneratu dira pilotak jaurtitzeko gailuak eta polizia-makilak erabiltzeari buruzko alde guztiak. Helburua herritarren segurtasuna eta disuasio-neurri horiek erabiltzeko berme juridikoak hobetzea izan da. Arau horren ondoren, 40 mm-ko jaurtigailuei buruzko berariazko Instrukzio bat emango da.

Ertzaintzako agenteek gomazko pilotak jaurtitzeko sistemak erabiltzea gaur egun arte arautu duen araudia 1997koa zen. Agindu hori Herritarren Segurtasun Zuzendaritzak eman zuen, eta bertan gomazko pilotak jaurtitzeko gutxieneko tarteak (metrotan) zehaztu zituen, betiere, egoera zein zen, eta jaurtigailuak zein intentsitate-mailatan erabiltzen ziren.

Gaur onetsi duten Instrukzioa askoz ere urrunago doa. Lehenik eta behin, arautu beharreko gaien zerrenda bat ezarri du; barnean hartu dira pilotaz jaurtitzeko eskopetak ez ezik, honako hauek ere: kartutxo bultzatzaileak, kautxuzko pilotak, poltsa eramangarria eta "polizia-makila" deritzona (haren erabilera zehatz-mehatz arautu da). Ondorengo Instrukzio batean berariaz arautuko dira 40 mm-ko jaurtigailu berriak. Izan ere, dagoeneko hasi dira agente batzuk jaurtigailu horiek erabiltzeko prestakuntza jasotzen. Aurten, jaurtigailu horiek pixkanaka ordezkatuko dituzte egungo pilota-jaurtigailuak unitate gehienetan.

Hauexek dira arau berrian ezarri diren irizpide nagusiak: "legezkotasuna" (giza eskubideei buruzko nazioarteko arauak bereziki hartu dira kontuan), "premia- edo salbuespen-irizpidea" (egoera beste era batean konpontzea ezinezkoa denean baino ez), "proportzionaltasuna" (jasotako erasoaren mailaren araberakoa), "egokitasuna" (esaterako, hirugarrenek jaso ditzaketen kalteak balioestea) eta "ahalik eta kalte txikiena" eragiten saiatzea.

Istiluen aurkako eskopeta

Agenteek pilotak jaurtitzeko eskopetak oso zorrotz erabili beharko dituzte, eta honako egoera hauetan: agenteen edo hirugarrenen bizitza zein osotasun fisikoa arriskuan daudenean, eta arazoa beste baliabide batzuen bitartez konpontzea ezinezkoa denean. Lehenengo jaurtiketek ohartarazte-salbak izan beharko dute: pilotarik gabeak eta gutxienez ere 10 metrora eginak.

Ahokoetan, indarra zehazte aldera, beti "S" edo "M" posizioak (txikia eta ertaina) aukeratu beharko dira. "F" aukera (indar handikoa) unitate espezializatuek soilik erabiliko dute -2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, Talde Mugikorrak eta Errefortzu Taldeak izango dira pilota-jaurtigailuak erabiltzeko unitate baimendu bakarrak-, egoera bereziki arriskutsuetan jarduten dutenean. "S" eta "M" posizioetan gutxienez ere 35 metroko segurtasun-tarteak utzi beharko dira, eta "F" posizioan 60 metrokoak. Gainera, jaurtiketak beti hankei zuzenduta egin beharko dira. Jaurtitako pilotak ezin izango dira berriro erabili egoeran bertan, eta agenteek kontu handiz ziurtatuko dute materialean ez dela manipulaziorik edo aldaketarik egin. Bestalde, kautxuzko pilotak eramateko poltsek zigilatuta egon beharko dute, eta poltsen zigilua kendu eta pilotak erabili beharra justifikatzeko, txosten bat aurkeztu beharko da.

Polizia-makila

Era berean, Instrukzioak "polizia-makila" (bai ohikoa, bai hedagarria) erabiltzea zehaztasunez arautu du. Polizia-makila hedagarria uniformea jantzita ez daramaten agenteek soilik erabili ahalko dute, aldez aurretik beharrezko prestakuntza jaso baldin badute.

Polizia-makila mailaka erabiliko da; beraz, besoaren luzapena izango balitz bezala erabiltzeko aukera lehenetsi behar da, hau da, erasotzaileak urruntzeko edo distantzia-tarteak jartzeko balio behar du, eta egoera jakin batzuetan baino ezin da kolpeak emateko arma baten gisa erabili. Azken kasu horretan, kolpeak beherantz eman beharko dira, eta ezusteko kolpeak gorputzaren bizi-atalen gainean (buruaren gainean, adibidez) ematea saihestu behar da.

Istiluen aurkako edozein gai erabiliz gero, unitateak dagokion Aginte eta Kontrol Zentroari jakinarazi beharko dio; horrez gain, materialaren erabileraz arduratzen diren agenteak (eskopeta-eramailea, ezkutu-eramailea, gidaria, ...) eginkizunez aldatzen badira, aldaketa horren berri ere eman beharko zaio. Materialaren erabilera beti zehaztasunez azalduko da dagokion txostenean.

Erregulazio berriak istiluen aurkako materiala ez ezik, ordena publikoan eragina duten beste jarduketa batzuk ere kontuan hartu ditu: esate baterako, istiluetan egiten diren bideo-grabazioek uneoro legezko mugak eta lehendik ezarrita zeuden barneko aginduak bete beharko dituzte.

Instrukzioaren xehetasunen artean honako hauek jaso dira: erregistro-sistema berriak ezartzea, polizia-etxe bakoitzeko bunkerrean materiala etengabe kontrolatzeko; materiala zaintzea eta gainbegiratzea; ordena publikoko mandatu batean parte hartzekoak diren agenteek materiala eskuratzeko eta bukatu ondoren gaiak itzultzeko prozedura zehaztea, etab.

Polizia jarduna aztertuko duen Ertzaintzaren Batzorde Operatiboa sortzea onartu dute

Hala, Ertzaintzaren Batzorde Operatiboa sorraraziko duen Jarraibidea ere onartu du Segurtasun sailburuordeak; testu horren bidez sortuko den batzordea barne organo bat izango da, eta polizia jardun zehatzak aztertzeko eginkizuna izango du, ezarritako jardun prozeduretan balizko akatsak dauden aztertzeko, edo horietan hobe daitezkeen alderdiak antzemateko. Horrela, etorkizuneko polizia esku-hartzeetan herritarrentzat, edo polizia profesionalentzat ere, arriskuak edo kalteak eragingo dituzten balizko emaitzak desagerrarazi edo arindu ahalko dira.

Batzordeak aztertuko dituen polizia jardunen artean, su armak erabiltzeagatik edo beste edozein egoera dela medio herritarrak edo ertzainak zauritu edo hilda suertatzen diren jarduketak egongo dira batez ere; horrez gain, heriotzarik edo zauririk gertatu gabe ere, garrantzi publiko edo polizial berezia hartzen duten jardunak ere aztertuko dituzte, edozein arrazoi dela medio, esaterako ordena publikoko gertakari larriak, lapurretak (bahituekin zein horiek gabe), jokabide nahasmendu larriak dituzten pertsonak tartean hartzen dituzten gertaerak, etab.

Eraketari dagokionez, Ikuskapen eta Administrazio Alorreko Burutzako arduradunek eta Ertzaintzako Zuzendaritza Operatiboko arduradunek osatuko dute batzordea modu iraunkorrean; horiez gain, kasu bakoitzaren eskakizunen arabera, batzordera gehitu ahalko dira aztertuko diren jardunetan inplikatutako alorretako eta unitateetako burutzak, IAAko Administrazio Unitatea, aztergaietako polizia adituak, etab.

Sailburuordeak onartutako Jarraibideak, bidenabar, batzordea martxan jartzeko mekanikarekin lotutako alderdi guztiak zehaztu ditu: bilerak, aktak, barne arauak aldatzeko proposamenak izapidetzea, etab.

Hala, jarraibidea onartu eta Ertzaintzaren Batzorde Operatiboa abiatzearekin bete egingo da Ares sailburuak hartu zuen konpromisoa, hain zuzen ere Iñigo Cabacas hil ondoren Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian bere gain hartu zuena; izan ere, horren beharrik gabe herritarrentzat ondorio kaltegarriak edo larriak sorrarazten dituzten polizia jardunak aztertzeko Ertzaintzaren barruko barne organo bat  lehenbailehen abiaraziko zela agindu zuen, Ertzaintzaren prozeduretan eta lan egiteko sistemetan beharrezko aldaketak egiteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)