Azaroak 25 kanpaina
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Imanol Pradalesek unibertsitate bikaintasuna lortzeko EHUren pausoak goraipatu eta “anbizioa, pertseberantzia eta ilusioa” eskatu du

2025-09-10
  • Lehendakariak EHUren 2025-2026 ikasturteko inaugurazio ekitaldian parte hartu du, Gipuzkoako Campusean. Ekitaldian EHUren Urrezko Dominak eman dizkiete Nekane Balluerkari, José Ángel Iribarri eta Carlos Garaikoetxeari
  • “Euskal Herriko Unibertsitatea urrats sendoak ematen ari da, adibidez, horren froga garbia da munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatuta jarraitzea lortzea”, aitortu du Pradalesek
  • Lehendakariak adierazi du ikasturte honetan bertan Unibertsitate Lege berria izapidetzen hasiko direla

Imanol Pradales Lehendakariak, Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak eta Joxerramon Bengoetxea errektoreak lagunduta, EHUren 2025-2026 ikasturteari hasiera eman dio, gaur goizean, EHUren Gipuzkoako Campusean Miguel Unamuno parkean egin den ekitaldian.

Bere mintzaldian, EHUren Urrezko Dominak lortzeagatik, Carlos Garaikoetxea, José Ángel Iribar eta Nekane Balluerka zoriondu ditu Lehendakariak, eta beren ibilbideak goraipatu ditu, bere ahotan, “ibilbide horiek Euskal Herriko Unibertsitateak lortu nahi duen bikaintasuna dira”.

Horrela, euskal unibertsitate sistemaren eredua nabarmendu du, eta, bereziki, EHUren bide akademikoa. “Unibertsitate bikaintasunak esan gura du erakundeak bere oinarrizko funtzioak betetzea eta bikaintasunez betetzea; betiere konpromiso irmoa izanik, bai bere ikasleen prestakuntza osoarekiko, bai gizartearen aurrerapenarekiko”, adierazi du Lehendakariak.

Euskal Herriko Unibertsitatea urrats sendoak ematen ari da, adibidez, horren froga garbia da Shanghaiko indizearen arabera, munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatuta jarraitzea lortu duela. Posizio horrek adierazten du bere kalitateak hobera egin duela; kontuan hartu behar dugu azken urteetan Txinako unibertsitateek postu batzuk irabazi dituztela, mendebaldeko beste batzuk atzean utzita”, nabarmendu du.

Pradalesek gaineratu duenez, “Ezinbestekoa da emaitzak hobetzeko egunero lan egitea. Anbizioz, pertseberantziaz eta ilusioz. Gutariko bakoitzak daukagun ardura geure gain hartuz”.

Zentzu honetan, Lehendakariak defendatu duenez, "unibertsitatea askatasun eta pentsamendu kritikoko espazio bat da, eta bere izateko arrazoia galtzen du dogma, iraina edo oldarkotasuna inposatzen direnean".

 

Unibertsitate Lege Berria

Lehendakariaren aburuz, 2025-2026 ikasturteak euskal unibertsitateen hurrengo urteetako etorkizuna baldintzatuko du, eta adierazi du hurrengo urtearen hasieran Unibertsitate Plan berria lantzeari ekingo diotela, Imanol Pradalesen hitzetan, “lau urteko batez, politika publikoen lerro nagusiak ezarriko dituen mugarria”.

Era berean, aurreratu du ikasturte honetan zehar, Unibertsitate Lege berria izapidetzeari ekingo diotela. “Gaur egungoa 2004ko otsailekoa da. Mundua asko aldatu da ordutik, baita Euskadi eta bere unibertsitateak ere”, argudiatu du Pradalesek.

Bukatzeko, “jakintzaren, errespetuaren eta adimenaren egoitzan” dagoela baliatuta, Lehendakariak, berriz ere, Ukrainako eta Palestinako herriak sufritzen ari diren basakeria gaitzetsi du. ““Jaso dezaten gu guztion elkartasuna eta babesa; bizitzaren eta giza eskubideen aldeko printzipioak etengabe defendatuz eta zabalduz”, bukatu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Joxerramon Bengoetxea