
María Jesús San José sailburuak Urduñan identifikatutako biktima berri baten gorpuzkiak eman dizkio familiari, Alfarnaten (Malaga)
- Juan Frías Martín, Alfarnateko (Malaga) bizilaguna, Urduñako espetxe frankistan hil zen 1941eko martxoan
- Bere gorpuzkia Urduñako hilerritik berreskuratu zen 2024an
- Identifikazio genetikoa bi seme-alabek emandako DNA laginei esker lortu da
- Orain arte 18 dira genetikoki identifikatutako eta haien familiei entregatutako Urduñako biktimak
- Gogorak lanean jarraitzen du gainontzeko 75ak identifikatzeko
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua Malagako Alfarnate herrira joan da, duela 84 urte Urduñako espetxe frankistan hil zen Juan Frias Martinen gorpuzkiak familiari emateko.
Gaur goizean, familiak Alfarnateko hilerrian lurperatu ditu gorpuzkiak, beraiekin batera izan da herriko alkatea ere, Juan Jesús Gallardo.
Juan Frias Martin malagarra ezkonduta zegoen, senar-emazteek 5 seme-alaba zituzten, eta horietako 2 bizirik daude. Hain zuzen ere, aurtengo ekainean seme-alabek emandako DNA laginari esker, identifikazio-prozesua modu azkarrean burutu da, ahaidetasun-maila dela eta.
Identifikazio berri horrekin, 18 dira jada genetikoki identifikatutako eta haien familiei entregatutako Urduñako Espetxe Zentraleko biktimak, 2014tik herriko hilerrian berreskuratutako 93 pertsonetatik. Gogora Institutuak gainerako 75en identifikazio genetikoa egiteko lanean jarraitzen du.
Bere jaioterrian nekazaria zen Juan, Gerra Kontseiluak epaitu eta 12 urte eta egun batez preso egotera kondenatu zuen, 1937ko maiatzean, matxinadari laguntza ematea leporatuta. 1939ko azaroan Urduñako Espetxe Zentralean espetxeratu zuten, Malagako Espetxe Probintzialetik ekarrita. Urduñan hil zen 1941eko martxoaren 31n, 39 urte zituela.
Identifikazio-lanak
Identifikazio lanekin aurrera egiteko senitartekoei deia egiten zaie Gogorarekin harremanetan jartzeko. Informazio guztia: https://labur.eus/orduna webgunean, gogora@euskadi.eus | 944 032845
Identifikazio genetikoa posible izan dadin, beharrezkoa da hildakoen ondorengoen DNA laginak hezurretatik ateratako laginekin alderatzea. Familiako lagin horiek aukera ematen dute Gogoraren DNA Bankua handitzeko eta identifikatzeko probabilitatea handitzeko; izan ere, askotan, bizirik dagoen senidearen lagin bat baino gehiago eman behar izaten da identifikazioa amaitzeko.











