
Osakidetzak dentsitometro bat jarri du Eibarko Ospitalean, hezurretako gaixotasunen detekzio goiztiarra eta diagnostikoa hobetzeko
- Dentsitometro berria irailaren 16an hasiko da pazienteak artatzen, eta Debagoienako eta Urola Garaiako pazienteak ere artatuko ditu
- Horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pazienteen osasun-arreta eta ongizatea etengabe hobetzeko konpromisoa berresten du, herritarrengan eragin positiboa izango duten aurrerapen teknologikoen inplementazioa bermatuz
Osakidetzako Debabarreneko ESIko Eibarko Ospitaleak dentsitometro bat instalatu du, funtsezko tresna dena hezur-dentsitatearekin lotutako gaixotasunak, hala nola osteoporosia eta osteopenia, goiz detektatu eta ebaluatzeko. Tresna berri honek, ospitaleko arreta sanitarioa hobetzeaz gain, lagunduko du hainbat patologiatan gorputz-osaera aztertzen.
Hezur-dentsitometria funtsezko prozedura da hezur-masaren murrizketa aldez aurretik detektatzeko, eta horrek aukera ematen dio Osakidetzari haustura-arriskuaren aurrean prebentzio- eta tratamendu-estrategia egokiak ezartzeko eskualde honetan, bereziki adineko pertsonen eta menopausia osteko emakumeen kasuan. Erradiazio-dosi oso txikiak erabiltzen ditu –errutinazko beste teknika erradiologiko batzuetan erabiltzen direnak baino nabarmen txikiagoak–, eta pazienteentzako prozedura segurua eta azkarra izateaz gain, molestia minimoak eragiten dizkie.
Pazienteentzako onurak
Dentsitometria biztanleen % 75ek behar izan lezakeen proba bat izanik, instalazio berriak hezurretako gaixotasunen diagnostikoaren irisgarritasuna areagotuko du. Horrela, arreta integrala eskaini ahal izango zaie pazienteei erradiodiagnostikoan eta ginekologia, erreumatologia, traumatologia eta endokrinologia bezalako zerbitzuetan.
Dentsitometroa erosita, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Eibarko biztanleentzako osasun-estaldura osatzen dute, kalitate teknikoa eta segurtasun erradiologikoa bermatzen dituen ekipo berri batekin eta hura maneiatzeaz arduratzen diren langileen prestakuntza egokiarekin. Tresna berri honekin, Eibarko Ospitaleak hezur-patologien diagnostikoa eta tratamendua optimizatu ahal izango ditu eta azterlan eskuragarrien kopurua handitu, artatutako biztanleriaren ehuneko handi baten mesederako.
Dentsitometroa Eibarko Ospitalean kokatzeak Debabarreneko ESIko biztanleen eskaerari erantzuten dio, eta hurbileko beste ESI batzuetara zabaltzen du zerbitzua, hala nola Debagoienera eta Urola Garaira. Horrela, Donostialdeko ESIrekiko lankidetza eta sareko lana indartzen ditu, zeinak gaur egun proba osagarri horren Gipuzkoa osoko beharrei erantzuten baitie.
Horrela, Osasun Sailak osasun-arreta eta pazienteen ongizatea etengabe hobetzeko konpromisoa berretsi du, komunitateari mesede egingo dioten aurrerapen teknologikoen inplementazioa bermatuz. "Ekipamendu eta teknologia berriak funtsezkoak dira arreta medikoa hobetzeko, diagnostiko zehatzagoak, tratamendu eraginkorragoak eta pazienteentzako segurtasun handiagoa ahalbidetzen baititu. Gainera, denborak optimizatzen dira eta gure profesionalei lana errazten zaie haien eraginkortasuna areagotzen duten tresna aurreratuekin", adierazi du Asier Esnal Osakidetzako Debabarrena ESIko zuzendari gerenteak.
-
2025-09-09
Comentario de X:
Desde el 16 de septiembre el Hospital de Eibar contará con las pruebas de densitometría. El Departamento de Salud sigue con su apuesta por la mejora continua del servicio sanitario.
https://t.co/hJjMfyNoXC



