
Gobernu Kontseiluak 1,5 milioiko deialdia onartu du 2025erako elikagaien eta zuraren katea digitalizatzeko laguntzetarako (Gobernu Kontseilua 2025-09-09)
- Eusko Jaurlaritzak Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategia zehaztu du Europako estrategiaren testuinguruan
- Amaia Barredo: “Euskadik ahalegin publiko eta pribatu bateratua egiten dihardu espezializazio adimendunaren oinarriak eta ezagutzaren gizartearen sustapena ardatz hartuta Europako berrikuntza-gunea izateko”
Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduari, Euskal Autonomia Erkidegoko elikagaien eta zuraren katea digitalizatzeko laguntzen deialdirako oinarriak ezartzen dituena 2025. urterako. Guztira, 1.500.000 euro bideratuko dira: 300.000 euro digitalizazioan hasten diren enpresen proiektuetarako; 550.000 euro digitalizazio-fase aurreratu batean 4.0 teknologia txertatzea helburu duten proiektuetarako; eta 650.000 euro abeltzaintzako ustiategien titularrek lepoko elektronikoak erosteko.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko sailburu Amaia Barredoren ustez, “digitalizazioa, ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza herrialdeen garapen ekonomikoaren adierazleak dira, baita produktibitaterako, lehiakortasunerako eta hazkunde jasangarrirako faktore erabakigarriak ere. Euskadik azken hamarkadetan ahalegin publiko eta pribatu bateratua egin dihardu espezializazio adimendunaren oinarriak eta ezagutzaren gizartearen sustapena ardatz hartuta, Euskadi Europako berrikuntza-gune bihurtzeko lehentasunezko helburuarekin".
Euskadi posizio aurreratuan dago Europar Batasunaren inguruan bere ekonomia eta gizartea digitalizatzeari dagokionez, DESI 2023 Ekonomia eta Gizarte Digitalen Europako Indizearen arabera. Euskadi bost dimentsioetatik lautan dago lehen zortzi herrialdeen artean, Interneteko zerbitzuen erabileraren dimentsioan izan ezik.
Elikaduraren balio-katea Euskadiko BPGren % 10,6 da, guztira 31.000 enpresa ingururi dagozkien 95.000 enplegu baino gehiagorekin. Zuraren balio-katea, berriz, BPGren % 1,54 da, eta 18.000 enplegu biltzen ditu. Digitalizazioa eta teknologia digitalen erabilera adimenduna erabakigarriak dira enpresen berrikuntzaren, lehiakortasunaren eta hazkundearen arrakastarako, eta aukerak eskaintzen dituzte merkatuan duten posizioa indartzeko.
Digitalizazioak berrikuntza ugari erraztu ditzake prozesuetan, eta, beraz, entitateari lehiakideengandik bereizteko aukera ematen dio, fabrikazioko enpresen eta txikizkarien kasuan esaterako, ekoizpenaren efizientzia hobetu baitezakete fabrikazio-prozesuak eta hornidura-katea automatizatuta.
Laguntza-lerroak
Jauzi bat egin eta sistema digitalak sartu nahi dituzten enpresek aukera izango dute zerbitzuak finantzatzeko, besteak beste, digitalizazio-plan integralak edo tresna digitalak sartzea enpresaren jarduera-eremuetara, esaterako elikaduraren eta zuraren balio-kateari lotutako produktuak kudeatzea, ekoiztea edo merkaturatzea, besteak beste.
Diruz laguntzeko moduko jarduerak izango dira, besteak beste, jarduera hauekin lotutakoak: soluzio digitalak inplementatzeko diagnostikoak garatzea, enpresan kudeaketa-sistema aurreratuak ezartzea, ERPak («Enterprise Resource Planning» edo enpresa-baliabideak planifikatzeko sistemak), «Business Intelligence» edo Negozio Adimena, SMC (etengabeko hobekuntzarako zerbitzua), prebentziozko mantentzea, hornidura-katearen kudeaketa logistikoa edo beste batzuk; produktuaren bizi-zikloaren kudeaketa, CAM motako aplikazioak ezartzea (ordenagailuz lagundutako fabrikazioa), CAE (ordenagailuz lagundutako ingeniaritza), PDM (produktuaren datuen kudeaketa), DMF (manufaktura digitala); merkataritza elektronikoa ezartzea: erosketa elektronikoak, salmenta elektronikoak, B2B proiektuak («Business to Business») edo B2C («Business to Consumer»). Euskadiko elikagaien eta zuraren katearen sektorearen berezko aldiberekotasun fisiko-tenporalik gabe telelana egitea ahalbidetzen duten zereginak gauzatzean telelana txertatzeko edo hobetzeko sistemak sustatzea; eta eskuratutako tresnak abian jartzeko beharrezkoak diren prestakuntza-jarduerak programatzea eta eskaintzea.
Digitalizazio-fase aurreratuan dauden eta elikaduraren eta zuraren balio-kateari lotutako produktuen elaborazioan 4.0. teknologia txertatzea helburu duten enpresentzako laguntzak honako jarduera hauetara bideratzen dira: enpresen digitalizazio-egoeraren diagnostikoa, 4.0 teknologien inplementazio-maila baloratzeko; plataforma integratuen garapena oinarrizko funtzionalitateekin (biltegiratzea, kontrola, alerten sorkuntza, negozio-analitika eta txostenen sorkuntza); datuak biltegiratzeko plataforma digitalekin integratzea, bai eta enpresarentzat edo balio-katearentzat garrantzitsuak diren kanpoko datuak ere; makina eta sistema industrial guztiak plataforma digitaletan integratzen amaitzea; industria-prozesu guztietan zibersegurtasuneko soluzio osatu bat ezartzea: segurtasun-soluzioak gaitzea intzidentziak eta intrusioak denbora errealean detektatzeko eta horiei erantzuteko.
Beste jarduera hauetara ere bideratzen dira: digitalizazioa ekoizpen-prozesuan eta produktuaren kontrolean; prozesu eta produktuen datuen digitalizazioa eta ostatatzea plataforman edo hodeian; industriaren eta elikagaien eta zuraren katearen negozioaren datuen analisia; katearen ekosistema/ konektibitatea/«Business Intelligence» ezartzea.
Gaur onartutako aginduan, abeltzaintzako ustiategientzako laguntzak nabarmentzen dira, behi, ardi, ahuntz eta zaldien aziendaren geolokalizazioko lepokoak eta itxitura digitalak erosteko, baita erditzearen adierazle-gailuak ere.


