
Eusko Jaurlaritzak Eskola Bikaina Denontzat ekimena aktibatu du, eskola inklusibo, ekitatibo eta kalitatezkoaren aldeko mahaia, ikasturtearen hasierarekin batera
- Imanol Pradales Lehendakariak eta Begoña Pedrosa sailburuak Etxebarri BHI berrian eman diote hasiera 2025-2026 ikasturteari, eta sistema kohesionatuago, inklusiboago eta justuago bat eraikitzeko bide-orria markatuko duen mahaiaren lehen bileran buru izan dira
- “Bikaintasuneko hezkuntza-sistema indartzeko ibilbide-orria garatzeko unea iritsi da, eta harro egoteko modukoa izango da”, adierazi du Lehendakariak
- Eskola Bikaina Denontzat programa 2025-2026 ikasturtean zehar garatuko da eta hiru fasetan egituratuko da: hasierako diagnostiko balioztatzea; misioa, ikuspegia eta printzipio partekatuak definitzea; eta lan-taldeetan estrategiak diseinatzea eta neurri zehatzen azken balioztatzea
Imanol Pradales Lehendakaria, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuarekin batera, Etxebarri BHI ikastetxean izan da gaur Eskola Bikaina Denontzat mahaiaren lehenengo bileraren buru. Bilera hori ekitatearen, inklusioaren eta hezkuntzaren kalitatearen aldeko mahaia da. Foro horrek berrogeita hamar eragile inguru bilduko ditu ikasturte osoan zehar, eta helburua da neurri jasangarri eta egingarriak adostea, hezkuntza sistema eraldatu, eskola segregazioa murriztu, emaitzak hobetu eta eskolaren efizientzia indartzeko.
“Sistemak aldaketa izugarriei egin behar die aurre, eta aldaketa horiek ez dute etenik izango eta berrikuntza eta egokitzapena eskatzen digute. Aldaketa horien aurrean, adabakiak ez dira aski. Sistema sendotu eta prestatu behar dugu. Orain jarri behar ditugu oinarriak, epe laburrean ez ezik, etorkizunean ere kalitatezko hezkuntza bermatzeko ikasle guztientzat”, azpimarratu du Lehendakariak.
Aldatzen ari den testuingurua
Euskal hezkuntza-sistemak aldaketa demografiko eta sozial sakoneko agertokiari egin behar dio aurre. Bi datuk laburtzen dute testuingurua: azken bi ikasturteetan, 13.000 matrikula gutxiago erregistratu dira hasierako etapetan, jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioz. Bestalde, 2020-2021 ikasturtean 2.500 ikasle matrikulatu ziren ikasturtea hasia zela, eta iaz 8.000 izan ziren. Horietako asko beste herrialde batzuetatik datoz, etenak dituzte hezkuntza-ibilbideak, ez dakite euskaraz eta, kasu batzuetan, ezta gaztelaniaz ere, eta hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzte.
Egoera horren aurrean, erronkak bideratzeko, zailtasunak aukera bihurtzeko eta ikasleak beti erabakien erdigunean jartzeko gune anitza bezala ulertzen da ituna.
Hezkuntza-komunitatearen parte-hartze zabala
Euskadiko administrazio publikoek, hezkuntza sistemako eragileek, sindikatuek, unibertsitateek, itunpeko patronalek, alderdi politikoek eta gizarte-erakundeek osatzen dute mahaia. Lehenengo bilera horretan, besteak beste, honako hauek parte hartu dute: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak, Familiekin eta Hezkuntza Komunitatearekin Koordinatzeko Zuzendaritzak, Hezkuntza Politiken, Administrazio eta Zerbitzuen eta Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordetzek, EUDELek, Biltzenek, Euskadiko Eskola Kontseiluak, Hezkuntzako Ikuskaritzak eta Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI-IVEI).
Bertan izan dira, halaber, familien eta ikasleen elkarteak, hala nola EHIGE, Fapacne eta Apnabi; inklusioan eta hezkuntza-eskubideetan espezializatutako erakundeak, hala nola UNICEF, Save the Children, Plena Inclusión edo Eusko Ikaskuntza; eta euskal unibertsitate nagusiak (EHU, Deustu, Mondragon Unibertsitatea eta BAM).
Halaber, mahaian parte hartuko dute alderdi politikoek (EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu eta PP), hezkuntza arloko sindikatuek (LAB, UGT, CCOO, Interinoak) eta itunpeko sareko patronalek (Kristau Eskola, Ikasgiltza, AICE, EIBE, Elizbarrutia eta Ikastolen Elkartea).
Pedrosa sailburuak adierazi duenez, itun hori “entzuteko, eraikitzeko eta erantzunkidetasunerako gunea da, eta inor ezin da kanpoan geratu. Neurri partekatuak eta benetan eragiten dutenak nahi ditugu, ekitatea, kohesioa eta eskola-efizientzia indartzeko”.
Hasierako diagnostikoa eta itunaren helburuak
Lehenengo bilera horretan, eskola-segregazioari buruzko hasierako diagnostikoa aurkeztu zaie gainerako eragileei, itunaren lan-oinarri gisa. Dokumentu hori eztabaidatu egingo da, analisi partekatua izan eta ikasturtean zehar printzipioak eta neurriak zehazten laguntzeko.
Eskola-onarpenari buruzko datuetan eta eskola-segregazioari buruzko ISEI-IVEIren (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea) eta EUSTATen estatistiketan oinarritutako hasierako diagnostikoak euskal eskola publikoak datozen urteetarako dituen erronka nagusiak jasotzen ditu. Besteak beste, adierazten du ikasle zaurgarrien kontzentrazio desorekatua dagoela zenbait ikastetxetan, faktore sozioekonomikoek, hizkuntzek, etorkinek eta hezkuntza-laguntzako berariazko premiek baldintzatuta.
Hori oinarri hartuta, diagnostikoak ondorioztatzen du ezinbestekoa dela ikuspegia aldatzea, eskola-segregazioa murrizteko, kalitatea indartzeko eta ikasle guztiek, batez ere zaurgarrienek, aurrera egiteko aukera berdinak izan ditzaten bermatzeko.
Diagnostiko horretatik abiatuta, itunak helburu hauek ditu: Euskadiko segregazioa ikuspegi global eta partekatutik heltzea; sistema-mailan kalitatezko proiektu inklusiboak eta jasangarriak bermatzea; ikasle guztien aurrerapena bultzatzeko ikastetxe eraginkor batek zer ezaugarri izan behar dituen zehaztea; eta etorkizuneko hezkuntza-programazioaren eta -plangintzaren oinarri izango den araudi nagusia garatzea.
Prozesua, faseka
Eskola Bikaina Denontzat programa 2025-2026 ikasturtean zehar garatuko da eta hiru fasetan egituratuko da: hasierako diagnostiko balioztatzea; misioa, ikuspegia eta printzipio partekatuak definitzea; eta lan-taldeetan estrategiak diseinatzea eta neurri zehatzen azken balioztatzea. Fase bakoitzean eztabaidarako saioak egingo dira, hala prozesu parte-hartzailea bermatzeko, hezkuntza-sistemaren ekitatean eta eraginkortasunean benetako eragina izango duten proposamenak adostea helburu.
“Bereizi beharrean, aniztasunean bat egingo duen eskola bermatu behar dugu, aukera-berdintasuna ez ezik, emaitzarik onenak ere ziurtatuko dituena, ongizate emozionala zainduko duen eskola bat eta euskara kohesio, harrera eta identitate komunitarioko elementu bilakatuko duena. Erronka konplexua bezain ilusionagarria da. Bikaintasuneko hezkuntza-sistema indartzeko ibilbide-orria garatzeko unea iritsi da, eta harro egoteko modukoa izango da", defendatu du Lehendakariak.
2025-2026 ikasturtearen hasiera
Ituna martxan jartzearekin batera, 339.586 ikaslek hasi dute ikasturtea Euskadin. Jaiotza-tasak behera egin badu ere, azken bost urteetan matrikula biziak hirukoiztu egin dira; 8.000 ikasle izan ziren iaz. Lanbide Heziketak gorantz jarraitzen du, eta 49.555 ikasle izango ditu.
Era berean, maiatzaren 9an sinatutako akordio sindikalean adostutako baliabideak eta neurriak pixkanaka txertatzen hasiko da ikasturte berria. Besteak beste, honako hauek txertatuko dira: zuzendari eta irakasleen ordainsariak handitzea, Haur eta Lehen Hezkuntzan irakastorduak murriztea, hizkuntza-programak indartzea, irakasle aholkulari eta irakasle orientatzaileak txertatzea, eta figura berri bat martxan jartzea: hizkuntza-mentoreak hezkuntza-konplexutasun handiko ikastetxe jakin batzuetan.
Etxebarri BHI berria aukeratu dute lehenengo bilera egiteko. Ikasturte honetan ikastetxeak 531 ikasle eta 73 irakasle hartuko ditu, metodologia berritzaileak eta eskola-giro positiboa sustatzeko diseinatutako instalazio moderno eta jasangarrian. Lanak egiteko, 10,7 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin da, eta espazio berriak sortu dira, hala nola tailerrak, laborategiak eta liburutegia, bai eta eguzki-energiaren instalazio bat ere, eraikinak ia energia-kontsumorik izan ez dezan. Proiektu hau Hezkuntza Eraiki 2030 estrategiaren baitakoa da; 750 milioi euroko aurrekontua du orotara, Euskadiko hezkuntza-azpiegiturak espazio eroso, parte-hartzaile eta ikasleen behar berrietara egokitu daitezen.





















