
Salberdingo alokairuko 91 Babes Ofizialeko Etxebizitzen lanak 2026ko martxoan amaituko dira eta urteko bigarren seihilekoan zehar entregatuko dira etxebizitzak
- Sustapen horretan 20,3 milioi euro inbertitu dira, eta Next Generation EU funtsek kofinantzatu dute, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioarekin egindako hitzarmenaren bidez, 4 milioi inguruko ekarpenaren bidez
- Denis Itxaso sailburuak nabarmendu egin du “hainbat ekimenen batura —Europako funtsena, erakundeen arteko lankidetzarena, lurzoruena eta etxebizitza turistikoen hedapenari muga jartzearena—, gaur egun etxebizitzaren funtzio sozialari begira espekulazio suntsitzailearen menpe dagoen merkatua onbideratzeko”.
- David Lucasek, Etxebizitza eta Hiri Agendako Estatu idazkariak, inbertsioaren garrantzia eta Ministerioak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin duen lankidetza azpimarratu ditu
- Xabier Txurruka Zarauzko alkateak gogorarazi duenez, "Salberdin Hegoaldeko sustapena amaitu ondoren, duela 10 urte abian jarritako Etxebizitza Planak 664 familiari Zarautzen etxebizitza eskuratzeko aukera emango die”
Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, David Lucas Etxebizitza eta Hiri Agendako Estatu idazkariak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak Visesak Zarauzko Salberdin eremuko R-9 lursailean abian duen alokairuko babes ofizialeko 91 etxebizitza (aBOE) sustatzeko lanak bisitatu dituzte astelehen honetan, zehazki, Bizkaia kaleko 34 eta 36 zenbakietan.
Ekitaldian zehar, erakundeetako ordezkariak hiru etxebizitzaren barrura sartu dira, bakoitza tipologia desberdinekoa, eta bertatik bertara egiaztatu ahal izan dute lanek aurrera egin dutela; 2026ko martxorako amaituta egongo dira. Hala, Eusko Jaurlaritzak aurreikusi du etxebizitza horiek 2026ko bigarren seihilekoan emango zaizkiela esleipendunei.
“Zarauzko kasuak, Hondarribia eta, jakina, Donostia bezalako Gipuzkoako kostaldeko beste herri batzuetakoak bezala, argi eta garbi islatzen du presio turistiko handia duten herriek jasaten duten tentsioa, hainbat faktoreren artean”, nabarmendu du sailburuak. Hori dela eta, gaineratu du, “alokairuko etxebizitza berrien kopuru handia emanda irmotasunez jokatzen badugu, etxebizitzaren merkatu librea bizitzen ari den hazkunde esponentzialak arindu dezakegu”. Itxasoren iritziz, “nabarmentzekoa da hainbat ekimenen batura —Europako funtsena, erakundeen arteko lankidetzarena, lurzoruena eta etxebizitza turistikoen hedapenari muga jartzearena—, gaur egun etxebizitzaren funtzio sozialari begira espekulazio suntsitzailearen menpe dagoen merkatua onbideratzeko”.
Era berean, sailburuak adierazi du bere sailak indartu egin duela Zarautzi alokairuko etxebizitza babestuen gero eta eskaintza handiagoa eskaintzeko apustua. Ildo horretan, gogoratu duenez, “joan den uztailaren 23an Alokabidek Salberdinen sustatutako 60 zuzkidura-bizitokien giltzak eman zituen; orain alokairuko 91 BOE berri eraikitzen ari gara, eta 2026ko bigarren seihilekoan entregatzea aurreikusten da”. Itxasoren hitzetan, “etxebizitza da gaur egun Euskadiko erronka sozial handienetako bat, eta eskaintzaren eta benetako beharraren arteko arrakala lehengoratzeko konpromisoa hartu dugu, bereziki tentsionatuta dauden udalerrietan, hala nola Zarautzen; izan ere, gaur egun, 2.343 bizikidetza-unitate daude erregistratuta Etxebiden, eta horietatik 1.074k alokairuko etxebizitza bat eskatzen dute, eta 1.269k erosketa-erregimeneko etxebizitza”.
Bestalde, David Lucas Etxebizitza eta Hiri Agendako Estatu idazkariak adierazi duenez, inbertsioaren garrantzia eta Ministerioak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin duen lankidetza azpimarratu ditu.
Xabier Txurruka Zarauzko alkateak adierazi duenez, "oso garrantzitsua da plangintza ona egitea herrian etxebizitza publikoaren sustapenari dagokionez, zeinek, erakundeen arteko lankidetzarekin batera, herritarren beharrei erantzuteko etxebizitza-politika eraginkorrak ahalbidetzen dituen”. Txurrukak gogorarazi duenez, "Salberdin Hegoaldeko sustapena amaitu ondoren, duela 10 urte abian jarritako Etxebizitza Planak 664 familiari Zarautzen etxebizitza eskuratzeko aukera emango die. Udalak, gainera, Lanpardo, Irita eta Amillubiko planak onartu ditu, beste 275 etxebizitza babestu lehenbailehen eraiki ahal izateko. Gure konpromisoa da Eusko Jaurlaritzarekin batera lanean jarraitzea proiektu horiek ahalik eta azkarren abiarazteko".
Sustapen horren proiektua Cooperactiva Arquitectos enpresak idatzi du, eta Amenabar enpresak eraikiko du. Obraren aurrekontua (eraikuntza + lotutako urbanizazioa) 12.849.701 eurokoa izan da, baina inbertsioa, orotara, 20.386.905 eurokoa da, lurzoruaren kostua, zeharkako gastuez, egiturazkoez, finantzakoez eta zergez gain. Proiektua Next Generation EU funtsek kofinantzatzen dute, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioarekin egindako hitzarmenaren bidez. Lau milioi euro inguru eman ditu (kostuaren % 20), eta Eusko Jaurlaritzak gainerako % 80a hartu du gain.
Sustapen efiziente eta jasangarria, bainugela industrializatuekin
Eraikuntza berria “L” formako etxadi irekiko tipologiaren arabera diseinatu da; sektorean aurreikusitako hirigintza-antolamendura egokitzen da, eta helburua du soluzio trinko eta ortogonala ematea eta ondo orientatuta egotea. Sartzeko bi atari izango ditu, eta 91 etxebizitza izango dira, zortzi solairutan banatuta: 7 gela bakarrekoak (45 m² inguruko azalera erabilgarria), 75 bi gelakoak (65 m²) —horietatik 2 mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo dira— eta 9 hiru gelakoak (85 m²), hauek ere 2 etxebizitza egokituekin.
Sustapenean, gainera, 134 garaje-plaza egingo dira —91 etxebizitzenak eta 43 libreak—, hiru garaje independentetan banatuta, eta horietara arrapala bakar batetik sartuko da. Trastelekuak -1 eta -2 sotoetan kokatuko dira.
Diseinu arkitektonikoan, hegoaldera, ekialdera eta mendebaldera orientatu dira egongela-sukaldea-jangela, argi naturala errazago sar dadin. Barruko espazioak uniformeki daude banatuta, eta atari eta eremu komunetan ibilbide argiak, ikusgarriak eta seguruak lehenetsi dira, zokoak eta ikusgaitasunik ez duten puntuak saihestuta. Irekiera-sentsazio hori indartzeko, igogailu eta atondo-ate guztietan beirak jarriko dira, espazioen arteko ikusgaitasuna bermatzeko. Azpimarratzekoa da promozioak Indushouse enpresa arabarrak egindako bainu industrializatuak dituela, garai eta lan modu berrietara egokitzen diren espazioak; beraz, efizienteagoak dira eta akabera hobea dute.
Instalazioei dagokienez, arreta berezia eskaini zaie eraikuntza-soluzioei, lehen mailako energia-kontsumoa ahalik eta gehien murrizteko xedearekin. Estalkiak autokontsumorako panel fotovoltaikoak izango ditu, eta, horri esker, eraikinak A energia-ziurtagiria lortuko du. Era berean, irisgarritasun unibertsala bermatzen da, bai atarietan, bai espazio komunetan. Gainera, eraikuntza modu efiziente eta jasangarrian integratuko da bere hiri-ingurunean.
Testuingurua
2021eko abenduan, Eusko Jaurlaritzak R-9 lursaila erosi zion Zarauzko Udalari —1,9 milioi euroren truke (+ BEZ) —, eta udalak urbanizazio-kostuak eta lurzoruaren deskontaminazioa bere gain hartu zituen. Baita eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) % 95eko gehieneko hobaria aplikatu zuen, interes bereziko jarduera zelako.
Esleipendunek etxebizitza babestua eskuratzeko baldintza orokorrak bete behar dituzte (ikus hemen), eta Zarautzen gutxienez urtebete egon behar dute erroldatuta, etenik gabe, edo hiru urte, txandaka, azken bost urteetan.
Etenik gabeko ahalegina Zarautzen eta Urola Kostan
Eusko Jaurlaritzak eremu berean eraikitako 60 zuzkidura-bizitokiak entregatu eta aste gutxira egin du Salberdingo bisita. Horri gehitu behar zaio Aldapetan amaitutako sustapena: babes publikoko 30 etxebizitza tasatu salgai eta babes ofizialeko 20 etxebizitza alokairuan, 8,6 milioi eurotik gorako inbertsioaren bidez.
Halaber, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Zarauzko Lanpardo (Azken Portu) lursailean Alokairu Sozialeko 25 etxebizitza sustatzeko proiektua esleitu berri du, eta Iritan, autobidearen sarreraren ondoan, alokairuko 130 BOE eta 100 zuzkidura-bizitoki herritarren eskura jartzeko espedientea aztertzen ari da, hau da, herrian 255 etxebizitza babestu berri eskaintzea.
Hala, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du Zarautzekin eta Urola Kosta eskualdearekin duen konpromisoa; izan ere, hainbat sustapen eman ditu dagoeneko, eta etxebizitza publikoaren politika indartzen jarraitzen du, arrazoizko prezioko alokairuan eta zailtasun handiagoak dituzten kolektiboek eskuratzeko aukerak bermatzean oinarrituta.









