
Euskal Herriko dantza-sorkuntza frankofoniaren unibertsoan sustatzeko mugaz gaindiko aliantza aurkeztu dute Etxepare Euskal Institutuak eta Frantziako Zentro Koreografiko Nazionalak – Malandain Ballet Biarritzek
- Bengoetxea Lehendakariordeak azpimarratu du Etxepare Euskal Institutuak eta Malandain Ballet Biarritzek sustatutako lankidetzak mugaz gaindiko ikuspegia eta etorkizun partekatua duela.
- Etxepare Euskal Institutua eta Frantziako Zentro Koreografiko Nazionala - Malandain Ballet Biarritzen arteko aliantza estrategikoak kooperazio-esparru bateratu eta egonkorra bultzatuko du euskal artisten ekoizpena, hedapena eta nazioartekotzea errazteko
- 80tik gora lagun bildu dira elkarlan horren berri eman eta sektorearen erronkez hausnartzeko sortzaileak, dantza-konpainiak, erakunde publikoak eta programatzaileak hartu dituen ekitaldian
- Bi erakundeen arteko lankidetzari esker, zortzi euskal konpainia ariko dira Miarritzeko Maitaldia – Le Temps d’Aimer la danse jaialdian
Euskal Herriko dantzaren inguruko jardunaldi profesionala antolatu dute Miarritzeko udal kasinoan Etxepare Euskal Institutuak eta Frantziako Zentro Koreografiko Nazionala - Malandain Ballet Biarritz-ek euskal kulturaren proiekzioa frankofoniaren unibertsoan indartzea helburu.
Euskal Herriko dantza ekosistema abiapuntu hartuta, hitzorduak erakundeetako ordezkariak, sortzaileak eta frankofoniaren eremuko programatzaileak bildu ditu, 80tik gora lagun orotara, 321 milioi hiztun inguruk osatutako komunitatean euskal kulturaren proiekzioa sustatze aldera. Besteak beste, euskal artisten nazioartekotze estrategiak, lankidetzarako baliabide eta tresnak, ibilbide artistikoak, sorkuntza-egonaldiak eta abar hartu ditu hizpide topaketa profesionalak, irailaren 5etik 15era izaten ari den Maitaldia - Le Temps d’Aimer la danse dantza-jaialdiaren testuinguruan.
Ekitaldiari Miarritzeko alkate Maider Arosteguyk, Frantziako Zentro Koreografiko Nazionala - Malandain Ballet Biarritzeko zuzendari artistiko Thierry Malandainek eta Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak eman diote hasiera. Halaber, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak eta Frantziako Zentro Koreografiko Nazionala - Malandain Ballet Biarritzeko ondoko zuzendari Yves Kordianek ere hartu dute parte, zeinek euskal dantzak mintzaira frantseseko lurraldeetan proiektatzeko beharrezko dituen baliabide eta egiturak alde batetik, eta euskal artisten sorkuntzari, koprodukzioari, lankidetzari eta zabalkundeari eskainitako babesa, beste aldetik, azaldu baitituzte, hurrenez hurren.
Etxepare Euskal Institutuak Frantziako Zentro Koreografiko Nazionala - Malandain Ballet Biarritzekin batera ondutako egitarauan, halaber, Euskal Herriko dantzaren egungo eta etorkizuneko erronkak zein diren aletu dituzte hainbat sortzaile gonbidatuk, hala nola, Bilaka Kolektiboko diren Arthur Barat eta Cybèle Damestoyk, Frantziako Zentro Koreografiko Nazionala - Ballet Biarritzeko zuzendari artistiko izango den Martin Harriaguek, edota Eneko Gil koreografoak. Horrez gain, ikuskizun bateratua eskaini dute dantza konpainia ezberdinetako kide zenbaitek.
Epe luzerako estrategia partekatua
Etxepare Euskal Institutua eta Frantziako Zentro Koreografiko Nazionala - Malandain Ballet Biarritzen arteko aliantza estrategikoak kooperazio-esparru bateratu eta egonkorra bultzatuko du, beste hainbat eragilerekin batera, baliabideak lerrokatuz eta mugaren bi aldeetara partekatzen den kartografia komunean sakonduz, euskal artistei laguntza eta akonpainamendu integrala eskaintzeko —sorkuntza, ekoizpena, zabalkundea, profesionalizazioa eta prestakuntza barne.
Lankidetza honekin Miarritze euskal dantza-sorkuntza frankofoniaren eremuan proiektatzeko giltzarri bilakatzen da, Euskal Herriko dantza-ekosisteman jada duen erreferentzialtasuna indartzearekin batera.
Frankofoniara jauzia, ‘Ça colle au basque’ egitasmoaren eskutik
Euskal Herriko dantzaren inguruko topaketak dantza-mugimendu baten izena darama: ‘saut de basque’, edo euskal jauzia. Dantza klasikoan mendetan zehar ezaguna den urrats hori euskal dantzetatik sortua da, eta euskal nortasunaren isla da egun, euskal tradizioek utzitako ondare bizia. Kultur espresiobide horren zabalkundearen arrastoak XVII. mendeko Frantzian aurki daitezke, agidanez Versailleseko gortera iritsi baitzen euskal dantzen oihartzuna. Eta dantza-molde hark egin bezala, euskal sorkuntza garaikideak frankofoniaren lurraldera egingo du jauzi Maitaldian. Malandain Ballet Biarritz bezalako Frantziako Zentro Koreografiko Nazional bat Ipar Euskal Herrian kokatuta egoteak aukera paregabeak eskaintzen dizkie sortzaile eta konpainiei, Frantzia osoko zabalkunde-sareekin konektatzen baititu, euskal dantza sistemarentzat frankofoniaren unibertsorako sarbide natural bilakatuz. Eta halaxe, euskal dantza eta sorkuntza garaikidea elikatu eta ezagutarazi nahi da.
Bestalde, Euskal Herriko dantza topaketa profesionala ‘Ça colle au basque’ egitasmoaren baitan kokatzen da, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik euskal kulturaren proiekzioa frankofoniaren eremuan indartzea helburu duena. Horren ildotik, euskal kulturaren presentzia indartu eta sustatzeko akordioa sinatu zuten iragan ekainaren 20an Etxepare Euskal Institutuak eta Franziako Zentro Koreografiko Nazionala - Malandain Ballet Biarritzek.
Maitaldia, Euskal Herriko dantza konpainien erakusleiho
Bi erakundeen arteko lankidetzari esker, Euskal Herriko dantza konpainien erakusleiho egonkor bilakatuko da Maitaldia. Aurten zortzi euskal konpainia ariko dira 5etik 15era: Malandain Ballet Biarritz, Kukai Dantza, Bilaka Kolektiboa, Mizel Théret & Beñat Achiary, Dantzaz, Compagnie Á Pas Furtifs, Cie Project ra.re / Collectif Rabbit Research eta AltxaLili Show. Biarritz agertoki nagusi duela, Maitaldia dantza klasiko eta garaikidearen erakusleihoa da, nazioarteko profesional eta programatzaileak biltzen dituen topagunea. Hori dela eta, euskal dantza konpainiek beren lanak nazioartekotzeko aukera paregabea eskaintzen du.
Etxepare Euskal Institutua
Etxepare Euskal Institutua euskara eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzaren erakundea da. 2010ean sortu zenetik, euskal sorkuntza garaikideari ikusgarritasuna emateko, atzerrian euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko eta nazioarteko kultur lankidetza sustatzeko lanean dihardu.
Esparru akademikoan burututako jardunari esker, mundu osoko 35 unibertsitatetan irakasten dira euskara eta euskal kultura, eta euskal ikasketen 12 katedra daude ospe handiko zentroetan.



