Berriak Lehendakaritza
Eu

Latinoamerikako zenbait adituk "in situ" aztertu dituzte Akitania-Euskadi euroeskualdea eta Euskadiko mugaz gaindiko lankidetza

2012.eko maiatzak 11

Brasil-Argentina-Paraguaiko eta Brasil-Uruguaiko eskualde mugakideetako zenbait aditu eta politikok Euskadi bisitatu dute egun hauetan Akitania-Euskadi Euroeskualdea ezagutzeko zuzenean, "Mugaz Gaindiko Lankidetzari buruz, Europar Batasunaren eta Latinoamerikaren arteko Lankidetza Eskualde Politikaren esparruan" izeneko proiektu europarraren barruan.

Bisitaldia Europako Parlamentuak egindako azterlan baten atal bat da, EBko Eskualde Politika hirugarren herrialdeekiko lankidetza esparrura eramateko. Bertan, ibilbide-orri bat ere zehazten da Lationamerikako mugaz gaindiko lankidetzarako, EBrekin eta Europako beste zenbait bazkiderekin elkarlanean.  Bisitaldia antolatzen Europako Eskualde Mugakideen Elkarteak lagundu du ‑Eusko Jaurlaritza elkarte horretako kide da‑ eta Europako Batzordearen Eskualde Politikarako Zuzendaritza Nagusiak finantzatu du.

Akitania-Euskadi Euroeskualdirari dagokionez, hain zuzen, Euskadiko mugaz gaindiko lankidetzaren zenbait adibide ezagutu ditu aditu taldeak; hala nola, Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren proiektua -jakintzaren euskal erakundeak eta Bordeleko Unibertsitatea ari dira elkarlanean hor- edota Tecnaliak erakunde akitaniarren lankidetzarekin berrikuntza teknologikoaren esparruan burutzen dituen proiektuak. Bestalde, Gipuzkoako Ganberak Bihartean esperientzia aurkeztu du; ganbera horren eta Baionakoaren arteko lankidetzaren emaitza, hain zuzen. Erakunde mailan ere, harremanak izan dira gertuko lankidetza-proiektuen arduradunekin, Bidasoa-Txingudi Partzuergoarekin eta Baiona-Donostia Euskal Eurohiriarekin.

Akitania Eskualdeko Kontseiluarekin batera, Eusko Jaurlaritzak -Jaurlaritza bera baita gonbidatzailea- Akitania-Euskadi Euroeskualdea aurkeztu die Latinoamerikako ordezkaritzari, eta ordezkaritzak lehen eskutik ezagutu du nola eratu den proiektua, zer nolako helburuak eta lan ildo nagusiak dituen, baita abian diren proiektuak zeintzuk diren ere: Funts Komunaren deialdia edo garraioren alorreko proiektuak.

Lan taldeak interes handia erakutsi du jasotako informazioan eta pozik agertu da bisitaldiaren emaitzarengatik; izan ere, "aukera izan da abian diren proiektuen maila egiaztatzeko eta, batez ere, arlo horretan lankidetza publiko‑pribatuak dituen emaitzak ezagutzeko, mugaz gaindiko lankidetza ezin baita eremu publikora soilik mugatu", esan du Martin Guillermo Europako Eskualde Mugakideen Elkarteko idazkari nagusiak.

Jakintza trukatzearen arloan Euskadi eta Akitania etorkizunean munduko beste hainbat eskualderekin lankidetzan aritzeko bide berriak ireki ditu lan bisita honek.

 

Iruzkin bat
  • @Figoapinatel
    2012.eko maiatzak 14

    Comentario de Twitter:
    Cooperacion transfronteriza en Euskadi : expertos latinoamericanos estudian la eurorregion Aquitania-Euskadi http://t.co/7qxrR5VP

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)