Gripearen aurkako txertaketa kanpaina 2025
Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera, abuztua oso beroa izan da, bereziki EAEren barnealdean eta Araba hegoaldean

2025-09-02
  • Mende honetako hirugarren abuzturik beroena izan da

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, abuztua oso beroa izan da eta batez besteko tenperaturak 21-22 ºC artean ibili dira kostaldean eta 20 ºC-tik gora Arabako Lautadan, 1991-2020ko batezbestekoaren gainetik 1.6 ºC. Mendea hasi zenetik, hirugarren abuzturik beroena izan da, 2003koaren eta 2022koaren atzetik.

Lehenengo, abuztuaren 6tik 9ra bitartean, Mediterraneo isurialdean bakarrik egin zuen bero, bereziki Ebro ondoko eskualdean, eta pixkanaka-pixkanaka tenperatura minimoak 18 ºC inguruan finkatzen joan ziren. Hilaren 9an igorri zen lehenengo abisua tenperatura altu iraunkorrengatik eremu horretan (Zambrana 37.9 ºC, hilaren 7an; Kanpezu 37.4 ºC, Antoñana 37.2 ºC, hilaren 8an; eta Moreda 37.9 ºC, hilaren 9an).

Gero, abuztuaren 10etik 12ra, bero handiagoa egin zuen. Horrela, hilaren 10ean erregistratu ziren lehenengo aldiz 40 ºC-tik gorako tenperaturak Kantauri isurialdeko bi estaziotan (Saratxo 40.5 ºC eta Zalla 40.3 ºC) eta iragaite-zonako beste bitan (Arkauti eta Etura 40 ºC). Hego-haizearen eraginez, hilaren 11 bereziki beroa izan zen EAEren barnealdean (Arrasate 42 ºC, Balmaseda 41.8 ºC, Igorre 41 ºC, Zambrana 40.6 ºC eta Abetxuko 39.1 ºC).

Beste hainbeste gertatu zen hilaren 12an. Tenperatura maximoek zertxobait behera egin zuten Mediterraneo isurialdean eta igo egin ziren, berriz, Kantauri isurialdeko bailaretan (Gardea 44 ºC, Igorre 43 ºC, Zalla 42.9 ºC, Arrasate 42.2 ºC, Galdakao 40.2 ºC, Abetxuko 37.9 ºC eta Páganos 37.1 ºC). Goierriko zenbait lekutan, hala nola Amundarainen eta Estandan (41 ºC eta 41.6 ºC, hurrenez hurren), tenperatura maximo absolutuen errekorra hautsi zen egun horretan, hilaren 12an, alegia.

Bero-boladaren azken denboraldia hilaren 15ean hasi zen, eta beroa orduan iritsi zen puntu gorenera, 44,9 ºC erregistratu baitziren Sodupe-Cadaguako estazioan eta 43-44 ºC Kantauri isurialdeko beste estazio askotan, batez ere mendebaldekoetan, eta horietako askotan tenperatura maximo absolutuen errekorrak hautsi ziren (Gardea 44 ºC, Igorre 43.8 ºC, Galdakao 43.5 ºC, Mungia 42.2 ºC, Arrasate 41.8 ºC, Ibai Eder 41.5 ºC, Espejo 39.2 ºC, Abetxuko 38.8 ºC eta Miramon 38.1 ºC).

Azken denboraldi hori abuztuaren 15era mugatu zen Kantauri isurialdean, Mediterraneo isurialdean, aldiz, hego-haizea nagusitu izanaren ondorioz, bero egiten jarraitu zuen hilaren 16an eta 17an. Araba erdialdeko eta hegoaldeko estazio askotan erregistratu ziren 39-40 ºC-ko tenperatura maximoak (Zambrana 40.5 ºC, Kanpezu 40.2 ºC, Espejo 40.2 ºC, hilaren 16an; Kanpezu 40.9 ºC, Zambrana 40.3 ºC eta Moreda 40.3 ºC).

Bestalde, tenperatura minimo altuak ere azpimarratzekoak dira, bereziki Arabako Errioxan, hilaren 11tik hilaren 16ko goizaldera bitartean, 14an izan ezik, gau tropikalak izan baitziren. Horien artean hilaren 15eko goizaldea nabarmendu zen, tenperatura ez baitzen 25 ºC-tik jaitsi.  Goizalde horretan Arabako goi-estazioetako tenperatura minimo altuen errekorrak hautsi ziren, hala nola Herreran (1188 m) eta Kapilduin (1173 m). Itsasertzean ere gau tropikalak izan zituzten hilaren 12ko gauean hasi eta 17ko goizaldera arte, salbuespen batzuekin estazio bakoitzaren kokapenaren arabera.  

Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa ohikoa dena baino handiagoa izan da, eta eguzki-orduak % 15 gehiago izan dira. Itsasertzean 225 eguzki-ordu erregistratu ziren eta Arabako Lautadako barnealdean, berriz, 266 ordu.

Prezipitazioari dagokionez, abuztua ohikoa izan da kostaldeko eskualdeetan, nahiz eta, orokorrean, batezbestekoaren azpitik ibili diren. Barnealdean hilabete lehorra edo oso lehorra izan da, bereziki Araba hegoaldean. Baliorik altuenak Gipuzkoako ipar-ekialdean erregistratu ziren, kostaldea barne, eta estazio askotan gainditu ziren 100 l/m²-ak (Eskas 186.8 l/m², Oiartzun 140.9, Ereñozu 116.4, Behobia 111.2 eta Miramon 102.1).

Gainerakoan, pilatutako prezipitazioa urriagoa izan da, eta Araba hegoaldean izan dira erregistrorik baxuenak, ez baitira 10 l/m² -ra ere iritsi (Espejo 9.5 l/m², Alegría 8.8, Navarrete 5.2 eta Abetxuko 2.8), eta Arabako Errioxan ia ez du batere euririk egin (Páganos 1.9 l/m² eta Moreda 0.1). Horrela, esate baterako, Arabako hiriburuak serie historikoetako abuzturik lehorrenetako bat izan du, 2010ekoaren eta 2018koaren parekoa.

Hilaren 21a izan zen, alde handiarekin, hilabeteko egunik euritsuena, eta batez besteko prezipitazioa 22 l/m²-koa izan zen. Zaparradak, ezegonkortasun-lerro bati eta ipar-mendebaldeko fluxuari lotuak, batez ere Kantauri isurialdean bota zituen, bereziki Gipuzkoako kostaldean eta ekialdean, eta pilatutako euria  oso ugaria izan zen, zenbait lekutan 60 l/m²-tik gorakoa (Eskas 82 l/m², Oiartzun 69.2, Aizarnazabal 57.2, Bidania 54.9, Berastegi 50.5 eta Andoain 50.4). Hiriburuei dagokienez, abuztuan 10 euri-egun zenbatu ziren Donostian, 5 Bilbon eta bakarra Gasteizen.

Muturreko meteorologiari dagokionez, abuztuan Eusko Jaurlaritzak 8 alerta laranja aktibatu zituen (6 muturreko tenperatura altuengatik eta 2 tenperatura altu iraunkorrengatik), bai eta 37 abisu hori ere (12 muturreko tenperatura altuengatik, 10 tenperatura altu iraunkorrengatik, 5 baso-sute arriskuagatik, 3 prezipitazio handiagatik, 1 kostaldeko inpaktuagatik eta 6 olatuengatik nabigaziorako).  

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @oskar_fm
    2025-09-03

    Comentario de X:
    Según @Euskalmet se trata del tercer agosto más caluroso de lo que llevamos de siglo

    Link: https://t.co/P1mPQeP5Nu https://t.co/XMR3VeUSYE

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak