Gripearen aurkako txertaketa kanpaina 2025
qrcode

Eusko Jaurlaritzaren "apustu argia" unibertsitateko ikerkuntzaren alde, 50 milioi euroko programarekin

2025-09-03
  • Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak irailaren 19an irekiko du ikerketa-taldeentzako laguntzen lau urteko programa.

  • Pérez Iglesias sailburuaren arabera, "programa hau Gobernuak unibertsitateko ikerkuntzaren alde egiten duen apustu argia da."

  • Burokrazia murrizten du, kalitatean jartzen du indarra, eta emakumeen lidergoa eta ezagutzaren gizarte-hedapena sustatzen ditu.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak datorren irailaren 19an irekiko du unibertsitateko ikerkuntza laguntzeko programa, Gobernu Kontseiluak atzo onartu ondoren. Edizio berri honek 50 milioi euroko aurrekontua izango du 2026-2029 aldirako, hau da, programa horren aurreko deialdian baino % 20 gehiago, 42 milioi bideratu baitzituen.

Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak programa berri honen garrantzia azpimarratu du gaur ekimenaren aurkezpen ekitaldian. "Ibilbide eta proiektu egiaztatuak dituzten unibertsitateko ikerketa-taldeei laguntzea da gure zientzia, teknologia eta berrikuntzako piramidearen oinarria. Finantzaketa erabakigarria da euskal ikerketaren kalitatea eta inpaktu kulturala, soziala eta industriala bermatzeko", adierazi du.

Pérez Iglesiasen arabera, programa honek "asko hobetzen du aurrekoa: aurrekontua handitzen du – 50 milioi euro, diru kopuru oso garrantzitsua da –, ekoizpen zientifikoaren kalitatean jartzen du indarra – eta ez hainbeste bolumenean –, burokrazia murrizten du, ikertzaile emakumeen lidergo zientifikoa sustatzen du eta sortutako ezagutzaren zabalkunde soziala sustatzen du."

Sailburuak azpimarratu duenez, ekimen hau "Eusko Jaurlaritzak unibertsitateko ikerketaren alde egiten duen apustu argia da", eta komunitate akademikoak "hala ulertuko" duela uste du.

4.000 ikertzaile onuradun

Gaur egun, programa horrek 223 ikerketa-talde finantzatzen ditu, eta, deialdi berri honetako funtsak handituta, 250 talde onuradun izatea aurreikusten da. Handitze horrek aukera emango du, batetik, finkatutako proiektuekin jarraitzeko eta, bestetik, kalitate handiko ekimen berriak sartzeko. Halaber, 4.000 ikertzailek baino gehiagok jasoko dituzte laguntza horiek.

Proiektuek jakintza-arlo guztiak hartuko dituzte barnean –zientzia esperimentalak, gizarte-zientziak, arteak eta humanitateak, ingeniaritza, arkitektura eta osasun-zientziak–, gure ehun zientifikoaren aniztasuna sustatzeko eta euskal unibertsitateen ikerkuntza-lanari laguntza egonkorra emateko.

Edizio berriak hobekuntza nabarmenak dakartza aurrekoarekin alderatuta. Proiektuen kalitate zientifikoa eta koherentzia lehenesten ditu, baita taldeen ibilbide finkatua ere, metatutako merezimenduen bolumenaren gainetik, eta horrek balio handiagoa ematen dio talde bakoitzak bere ikerketa-jarduerari buruz egiten duen hausnarketari.

Halaber, karga burokratikoa murrizten du, bai eskabidean, bai ebazpenean, izapideak arintzeko eta taldeen parte-hartzea errazteko. Era berean, genero-oreka handiagoa sustatzen du, ikerketa- taldeen % 42 emakumeak buru izan daitezen, gaur egun % 37 dira. Eta ezagutzaren zabalkunde sozialari garrantzi handiagoa ematen dio ebaluazio-irizpide gisa, gizarte informatuagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzeko duen garrantzia aitortuz.

400 milioi euroko inpaktua aurreikusi da

Datozen lau urteetan inbertsio publiko horrek 400 milioi euroko inpaktu ekonomikoa eragingo duela aurreikusten da. Kopuru horretatik, 100 milioi euro nazioarteko deialdietatik etorriko direla uste da, eta 300 milioi proiektu lehiakorretatik, guztiak ikerketa-taldeek beraiek erakarritakoak. 2007an sortu zenetik, programa honek funtsezko ekarpena egin du euskal unibertsitate-sistema indartzeko. Denbora tarte horretan, ikerketa-taldeek sortutako argitalpen zientifiko indexatuak 1.500 izatetik 5.500 baino gehiago izatera pasatu dira urtean, eta horrek erakusten du etengabeko hobekuntza dagoela, bai kantitateari dagokionez, bai kalitateari eta inpaktuari dagokienez.

Aurrekontu-konpromisoak ere goranzko bilakaera izan du. 2007-2010 aldian 26,5 milioi euro bideratu ziren, eta 2026-2029 aldian, berriz, 50 milioi euro. Ibilbide sendo horri esker, egungo deialdia Estatuko anbizio handieneko deialdia da, unibertsitateko ikerketa-taldeei zuzendutako finantzaketari dagokionez.

69 M€ ikerkuntza ekimenetan

Gaur egun, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak ikerketa sustatzeko hainbat ekimen ditu martxan, guztira 69 milioi euroko zuzkidurarekin. Hauen artean aipatzekoak dira doktoratu aurreko eta doktoratu ondoko ikertzaileak prestatzeko abuztuan irekitako laguntzak. Deialdi horiek 19 milioi euroko aurrekontua dute (aurreko urtean baino % 13,7 gehiago), eta karrera zientifikoa hasi nahi duten gazteentzako 525 kontratu egitea aurreikusten da.

Era berean, datorren irailaren 6an Sailak Ikasiker deialdia irekiko du. Deialdi horrek 190 beka eskainiko ditu unibertsitateko ikasleak Euskal Ikerketa Sistemaren barruan oinarrizko eta aplikatutako ikerketa-lanetan has daitezen. Edizio berri honek 330.000 euroko aurrekontua du.

Ikasturte honetan –udan barne–, beka jaso duten ikasleek Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa-taldeekin (EUS), Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroekin (BERC), Ikerketa Sanitarioko Institutuekin (OII), Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroekin (IKZ) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Zentro Teknologikoekin (BRTA partzuergoari atxikiak) lankidetzan jardungo dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak