
Euskadiko suteen aurkako helikopteroa Gaztela eta Leongo iparraldera abiatu da bertan dauden suteak itzaltzeko lanetan laguntzeko
Euskadiko erakundeek, Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek gaur eskaini dute suteen aurkako helikopteroa, Gaztela eta Leongo iparraldeko suteak itzaltzen laguntzeko. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak Asturias, Galizia, Gaztela eta Leon eta Extremadurari eragiten dieten suteak itzaltzen laguntzeko aireko baliabideen laguntza eta disponibilitatea eskatu ditu gaur goizean.
Euskadik berehala erantzun du eta iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean kontratatu zuen suteak itzaltzeko helikopteroaren laguntza eskaini du.
Helikopteroa arratsaldeko lehen orduan abiatu da Langraiz Okako suhiltzaile-etxetik, bertan baitago uda sasoian, Palentziako mendietan eta Picos de Europan, La Reina eskualdean (Gaztela eta Leon), 500 hektarea baino gehiagori eragiten dien baso-sute handia itzaltzeko lanetan laguntzeko.
Helikopteroa Gaztela eta Leongo Baso Suteen Aginte Zentro Autonomikoak eskatuta aktibatu da, larrialdien arloko lurraldeen arteko lankidetzaren esparruan. Helikopteroak 1.000 litroko helibaldea, langileen garraioa eta atzeratzailea ditu.
Euskal erakundeek Estatuko hainbat lurraldetan eragina duten baso-suteen aurkako borrokan laguntzeko eta elkartasuna adierazteko konpromisoa berretsi du.




