Nola zaindu diabetesa
Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
qrcode

Arriolak esan du sektore nautikoak hazten jarraituko duela, krisi ekonomikoa gorabehera

2012-05-10

Hondarribian egiten ari diren kirol kaien gaineko XIV. sinposioaren inaugurazioan

Iñaki Arriolak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioko sailburuak, kirol kaien gaineko XIV. sinposioa inauguratu du. Sinposioa gaur eta bihar egingo dute, Hondarribian, Espainia osoko kirol portu askotako arduradunak bertan direla.

Arriolak, bere hitzaldian nabarmendu duenez, "kirol-portuak azken urteotan aisialdiko nabigazioa, kirol-nabigazioa eta kalitatezko turismoa garatzeko oinarri sendoenetako bat izan dira, eta horri esker, herri eta eskualde batzuetako ekonomiaren garapenaren alde egiteko azpiegitura garrantzitsuak ere bai".

Azpimarratu duenez, krisi ekonomikoa gorabehera, Euskadin turismoaren sektorea egonkortu ez ezik, hazi ere egin da, eta nabarmen gainera.

Arriolaren esanetan, "azken hiru urteetan Euskadiko turismoaren sektorea Barne Produktu Gordinaren % 4 izatetik % 7 izatera pasatu da, eta horri esker, Euskadiko ekonomiaren barruan nabarmentzeko moduko pisua lortu du. Eta kopuru horietan guztietan izango dute eraginik Euskadiko Kirol Portuen (EKP) sareak eta gainerako kirol-portu guztiek, jarduera ekonomikoak eta lanpostuak sortzen baitituzte, jarduera turistikoari oso loturik dagoen gure sare ekonomikoaren arlo baten bidez".

Arriolak esan duenez, Euskadiko sektore nautikoa gaztea da oraindik, eta bide luzea dauka egiteko beste erkidego batzuetako industria nautikoak lortu duen heldutasun maila erdiesteko. Ondorioztatu duenez, "dagoen egoera kontuan hartuta, oraindik badago hazteko tarterik sektore honetan, eta baditugu optimista izateko arrazoiak Euskadiko aisialdiko eta turismoko nautikari dagokionez. Era berean, epe ertainean sektore honetan sor daitezkeen hazteko aukeren aurrean itxaropena izateko moduan gaude.

Inaugurazio-ekitaldian Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatea, Victor Montero sinposioko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako Portuen zuzendaria, Felix Asensio, eta EKP-ko zuzendaria, Pello Olazábal, egon dira.

Sinposio horretan aisialdi eta kirol arloko sektore nautikoaren egoera aztertuko da, eta, gainera, gaur egun jasaten ari garen krisi ekonomikoari aurre egiteko moduak aztertu nahi dira, kirol portuei eragiten dieten esparruetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)