
Osakidetza SMS bidez komunikatzen da ospitaleetako kirurgiako eremuetako eta larrialdietako zerbitzuan dauden pazienteen senide eta laguntzaileekin
- Osakidetzaren sareko zortzi ospitalek abiarazi dute Eskutik mezu-sistema beren kirurgiako eremuetan: Santiago Unibertsitate Ospitalea, Txagorritxuko Unibertsitate Ospitalea, Mendaroko Ospitalea, Bidasoko Ospitalea, San Eloy Ospitalea, Santa Marina Ospitalea, Urdulizko Ospitalea eta Basurtuko Unibertsitate Ospitalea. Azken bi ospitale horien Larrialdietako Zerbitzuetan ere abiarazi da sistema
- 2025eko lehen seihilekoan, Osakidetzak 135.883 SMS bidali dizkie 20.000 paziente baino gehiagoren laguntzaileei
- Horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak berretsi egiten du arreta humanizatuago bat emateko hartu duen konpromisoa, teknologia aliatu gisa izanik
Bizkaiko San Eloy Ospitalea eta Arabako Txagorritxuko Unibertsitate Ospitalea izan dira Eskutik abian jarri duten Osakidetzako azken ospitaleak. Informazio-sistema berri honekin, mugikorreko mezuen bidez (SMS) eta denbora errealean jakinarazten zaie pazienteen senideei eta laguntzaileei Larrialdietako Zerbitzuan ingresatutako edo ospitalera ebakuntza egitera joan den pazientearen egoera.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak abian jarritako SMS bidezko informazio-aplikazioak 135.883 mezu bidali ditu orain arte, 2025eko lehen seihilekoan, eta, horien bidez, kirurgiako eremuetako eta Larrialdietako Zerbitzuan dauden 20.625 pazienteren egoeraren berri eman zaie pazienteen laguntzaileei eta senideei.
Nola funtzionatzen du Eskutik?
Ospitalera iristean, Onarpen Zerbitzuak pazienteei eta haien laguntzaileei jakinarazten die Eskutik sistema eskuragarri dutela eta euren telefono mugikorraren zenbakia eman dezaketela hainbat gauzei buruzko informazioa jasotzeko, hala nola kirurgiako eremuetako eta Larrialdietako Zerbitzuan dauden pazienteen kokapena eta mugimenduak, pazientea ospitalizazioko solairuan ingresatuko duten edo pazienteari alta medikoa emango zaion.
Horrela, Eskutik sistemak pazienteen laguntzaile eta senideei SMS bidez bidaltzen die pazienteek kirurgiako eremuetan eta Larrialdietako Zerbitzuetan pasatzen dituzten etapei buruzko informazio guztia. Osakidetzak mugikorreko mezuak erabiltzea erabaki du, ahalik eta irisgarritasun handiena eskaintzeko azken erabiltzaileei, hau da, senideei eta laguntzaileei. SMS bidezko komunikazioa da gaur egun irtenbide teknologiko unibertsalena; izan ere, ez da nahitaezkoa herritarrek smartphone bat erabiltzea, app bat deskargatzea edo webgune batera sartzea.
Eskutik Osakidetzan zabaltzea
Gaur egun, tresna hori Santiago Unibertsitate Ospitaleko, Txagorritxuko Unibertsitate Ospitaleko, Mendaroko Ospitaleko, Bidasoko Ospitaleko, Urdulizko Ospitaleko, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko eta San Eloy Ospitaleko kirurgiako eremuetan dago ezarrita. Gainera, Eskutik sistema Urdulizko Ospitaleko, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko eta Santa Marina Ospitaleko Larrialdietako Zerbitzuetan ere zabaldu da.
Osakidetzak aurreikusten du Eskutik sistema pixkanaka hedatzea sareko beste ospitale batzuetara. Hala, apurka-apurka eta urte amaierara arte gehituko dira proiektura Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitalea, Bizkaiaren kasuan, eta Debagoieneko Ospitalea, Zumarragako Ospitalea eta Donostiako Unibertsitate Ospitalea, Gipuzkoaren kasuan.
Eskutik SMS bidezko mezu-sistemaren abiarazte honek erakusten du zer nolako interakzio izan dezakeen berrikuntza teknologikoak humanizazioarekin gure osasun-sisteman.
Eskutik sistemak senideen eta laguntzaileen ziurgabetasuna eta antsietatea murrizten ditu, eta prozesuaren humanizazioa errazten du, pazienteen egoerari buruzko eguneratzeak bidaltzen baititu denbora errealean; ebakuntzen hasieraren eta amaieraren berri ematen du, baita Larrialdietako Zerbitzuan pazienteak izan duen aurrera egitearen berri ere, besteak beste. Gainera, Eskutik sistemaren bidez lortzen diren gardentasunak eta etengabeko komunikazioak inplikatutako pertsonen ongizate emozionala hobetzen dute.
Ikuspegi horrek berresten du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak pertsonen beharretan oinarritzen den arreta humanizatua emateko hartu duten konpromisoa, eta erakusten du teknologia aliatu garrantzitsua izan daitekeela osasun-prozesu batean inplikatutako pertsona guztien esperientzia eta bizi-kalitatea hobetzeko.
-
2025-08-20
Comentario de X:
📲Osakidetza SMS bidez komunikatzen da ospitaleetako kirurgiako eremuetako eta larrialdietako zerbitzuan dauden -
2025-08-20
Comentario de X:
📲Osakidetza informa por SMS a familiares y acompañantes de pacientes de áreas quirúrgicas y de urgencias de los hospitales







