Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Lupus-a dutenen artetik hamarretik bederatzi emakumeak dira

2012.eko maiatzak 09
  • Bihar Lupusaren Nazioarteko Eguna izango da, eta hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak gaixotasun horren inguruko sentsibilizazioa eta ikerketa bultzatzen jarraituko duela adierazi nahi du.
  • Patologia autoinmune horretan espezializaturik dagoen unitate bat duen erkidego bakarretako bat da Euskadi, eta gaixotasunaren prebalentzia, gure inguruan, 1/1000koa da.

EGUNA.- Lupusaren eguna ofizialki 2004az geroztik ospatzen da, maiatzaren 10ean, eta helburua gaixoei eskaintzen zaien zerbitzua hobetu, gaixotasunaren eragileez eta sendabideez ikertu eta diagnostikoan eta tratamenduan aurrera egitea da.

DEFINIZIOA.- Lupus Eritematoso Sistemikoa (LES) gaixotasun autoinmunea da, eta hainbat eragile sartzen dira tartean: genetikoak, hormonalak eta ingurunekoak. Ez dago gaixotasuna agertzeari aurre egiteko modurik. Hala ere, diagnostikoa egin eta gero, sendagaien laguntzarekin eta bestelako neurri batzuk hartuta -horien artean, erradiazio ultramoretik babestea eta arrisku kardiobaskularra dakarten eragileak zorrotz kontrolatzea-, pronostikoa hobetzeko modua egon daiteke. 

PREBALENTZIA.- Gure inguruan, prebalentzia 1/1000 ingurukoa da. % 90 baino gehiago emakumeak dira, eta gehienak bizitzako hirugarren eta laugarren hamarkadan, diagnostikatzen den unean. Hala ere, edozein adinetako gizonengan agertzen da, baita haur eta adinekoengan ere. Gaur egun, gure inguruan, LES duten gaixo horien % 90 bizirik egoten da gaixotasunaren berri izan eta 15 urte igaro eta gero. Hala ere, pertsona horien hilkortasun-tasa gizarte osoarena baino handiagoa da.

SINTOMATOLOGIA.- Kontuan izanda gaixotasun sistemikoa dela, lupusaren agerpen klinikoak era askotakoak izaten dira, eta zein organori eragiten dion, horrek baldintzatzen du. Dena den, larruazalean, artikulazioetan, odolean, giltzurrunetan, neuronetan eta abarretan ager daiteke.  Ohikoenak azalekoak eta artikulazioetakoak izaten dira -aurpegiko eritema tximeleta-hegodun klasikoa nabarmentzen dela-, eta organo bitalen barruan, giltzurrunetakoak.

DIAGNOSTIKOA ETA TRATAMENDUA.- Askotan diagnostikoa zaila eta susmo kliniko handia izatea eskatzen duena da; proba inmunologikoak ere egin behar izaten dira, esate baterako antigorputz antinuklearrei buruzkoak, anti-DNA antigorputzei buruzkoak eta abar. Oinarrizko lehen pausoa gaixotasuna eta konplikazioak garaiz diagnostikatzea da, zeren tratamendu egokia garaiz emanez gero, gerora konponezina izango den kaltea saihesteko modua egongo baita. LES-aren tratamenduan oinarria hidroxiklorokina da, sendagai antipaludiko bat. Oso eraginkorra da epe luzerako konplikazioak saihesten laguntzeko, eta gainera, oso segurua eta merkea da. Lupusa hainbat modutan agertzen denez, kortikoideen eta inmunosupresoreen zenbait konbinazio ere erabiltzen dira gaitza tratatzeko, hala nola ziklofosfamida, azatioprina eta mikofenolatoa, baina kortikoideen dosi handiak ezin dira luzaroan hartu. Azken urteotan, droga biologikoak ere agertu dira terapia-aukeren artean, esate baterako rituximab eta belimumab (azken hori berriki onartu dute hizpide dugun gaixotasuna tratatzeko). Dena den, konbinaziorik onena zein den jakiteko, eta eraginkortasunaren, toxikotasunaren eta prezio eramangarriaren arteko oreka lortzeko, esperientzia eta diziplina anitzeko ikuspegia behar dira. Bestalde, epe luzera konplikazio kardiobaskularrak agertzeko arriskuari aurre hartzea oinarri-oinarrizkoa da lupusa tratatzeaz ari garela.

KRONIZITATEA.- LES, definizioz, gaixotasun kronikoa da. Aipatu ditugun tratamenduak izan arren, gaixotasuna ez da sendatzen, eta kasu gehienetan, gaixoek, duten adina dela eta, urte asko dituzte oraindik bizitzeko. Egoera ohikoenean, lupusa duten gaixoek, gaixotasunak aurrera egin ahala, gero eta kalte organiko gehiago dituzte gorputzean, eta kalte horiek, gainera, askotan, gaixotasuna kontrolatzeko emandako sendagaiek sortzen dituzte. Hori dela eta, gaitzak osasun-sisteman izan dezakeen eragina ikaragarria da, ez baita ahaztu behar, gainera, azken aldian merkatuan jarri diren sendagaietako asko garestiak direla. Ondorioz, oinarrizkoa da gaitzari modu integralean eta koordinatuan heltzea, unitate espezializatuetatik abiatuta, eta arreta anbulatorioa sustatzea, zerbitzua eskueran izan eta azkar erantzun ahal izateko, hain zuzen ere Rafael Bengoak zuzentzen duen saila garatzen ari den Kronizitatearen Estrategian esaten denaz bat.

GURUTZETAKO UNITATEA.- Uneotan Euskadi era horretako egitura bat duen autonomia-erkidego bakarretakoa da; Gurutzetako Ospitaleko Barne Medikuntzaren Zerbitzuko Gaixotasun Autoinmuneen Atalaz ari gara. 4 sendagile ditu egun osoko lanaldian, zerbitzu bereko beste espezialista batzuekin elkarlan egituratuan ari direla, eta baita beste atalokin: Ginekologia, Nefrologia, Oftalmologia y Dermatologia. Plantako oheak ditu, kanpoko kontsultak, eguneko ospitalea, eta gaixoek zuzenean bertara jotzeko sakelako telefono-zenbaki bat ere bai, espezializatutako erizain batek hartzen duena, eta zerbitzua oso eskueran izatea ahalbidetzen duena. Gainera, ikertzen eta irakasten ere badihardu atal horrek, Espainiako 20 ospitaletako 80 ikasle baino gehiago egon baitira bertan prestakuntza jasotzen.

IKERKETAK.- LESa munduan ikerketa asko eragiten ari den gaixotasuna da. Ikerketa-ildo batzuk oso aktiboak dira, eta beste batzuen artean, ondorengo eremuetan ari dira ikertzen: arrisku faktore genetiko eta inmunologikoak, gaixotasunaren bilakaeraren faktore pronostikoak, eta sendagai berrien sintesia lortzea. Gurutzetako unitatean, ikerketa-ildo propioak gaixotasunaren bilakaera behatzearen ingurukoak dira, eta azken urteotan, arreta berezia jarri da ondorengoak aztertzeko: antipaludikoen zeregina, D bitaminaren gabeziak dituen ondorioak eta gaixotasun baskular subklinikoen prebalentzia eta arrisku-faktoreak.

Iruzkin bat
  • @loveof74
    2012.eko maiatzak 09

    Comentario de Twitter:
    Doctor House es ahora Dr Etxea RT @irekia_news: NUEVE DE CADA DIEZ PERSONAS QUE SUFREN LUPUS SON MUJERES. http://t.co/PxClo7Mp

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan