Berriak Lehendakaritza
Eu

Gaurkotasun gaiei buruz ikerketa

2012.eko maiatzak 09

Ikerketa hau Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen 2012 urteko egitarauaren barruan kokatuta dago, eta bere helburua EAEko biztanleriaren interes sozialeko zenbait gairi buruzko iritzia jasotzea da: emakume immigrante atzerritarrak, herritarren parte-hartzea, gardentasuna administrazio publikoetan eta Abiadura Handiko Trenaren proiektua.

NABARMENTZEKOAK

Emakume etorkin atzerritarrak Euskadin

  • Biztanleriaren %38 emakume etorkin atzerritarrek gizartean betetzen duten paperarekin ados agertu da; aldiz, %33 ez da ados agertu eta %21 axolagabe agertu da.
  • Erdiek uste dute emakume etorkinek gizarte babeserako sistematik etekin gehiegi ateratzen dutela.

Herritarren parte hartzea eta gardentasuna

  • Azken bi urteetan gora egin dute bai herritarren partaidetzak talde eta erakundeetan eta baita ondoko ekintza polítiko eta sozialetan parte-hartzeak: manifestazioetan, grebetan, eskaera aldarrikatzaileetan edo Interneteko foruetan.
  • Azken urtean, hiru pertsonatik batek grebaren batetan edota manifestaldiren batetan parte hartu du. Gazteak dira proportzio handiagoan parte hartu dutenak.
  • Hauteskundeetan botoa ematea parte hartzeko erarik garrantzitsuentzat hartzen da.
  • Alderdi politikoetako hautagaiak aukeratzerakoan, gehienek nahiago dute alderdiek hauteskunde primarioak egitea, afiliatu eta zaleen artean.
  • Hamar pertsonatik zortzik ezagutzen dute edo entzun dute "15-M" mugimenduari buruz hitz egiten.

AHT

  • EAEko biztanle gehienak euskal "Y"aren egitasmoaren alde agertu dira, egun onartuta dagoen moduan; halere, inkestatuen %66k aitortu dute ez daudela oso informatuak edo ez daudela batere informatuak.
  • Egitasmoak Euskadiko ekonomiarentzat eta bizi kalitatearentzat izango dituen eragin positiboen pertzepzioa baieztatzen da, baina ingurugiroan izango dituen eraginek ñabartuta.

EMAITZAK

EMAKUME ETORKINEI BURUZKO HAUTEMATEA EUSKADIN

Inkestatuen %38k emakume etorkinen ekarpen soziala Euskadirentzat garrantzitsua dela uste dute, %21 gaiarekiko axolagabe agertu dira eta %33k ez dute uste garrantzitsua denik. Biztanleriaren gehiengoak aintzat hartzen dituzte emakume horien ekarpena menpekoen zaintzan, EAEko biztanleriaren hazkundean edo bestela beteko ez liratekeen lanpostuak betetzen.

Hala ere, %58k uste dute emakume etorkinek gizarte babeserako sistemari etekin gehiegi ateratzen diotela, eta %45ek pentsatzen dute emakume horiek, ekonomikoki, euskal gizarteari ematen diotena baino gehiago jasotzen dutela.

"Emakume atzerritarrak gure adinekoak eta adingabekoak" zaintzen egiten duten lana gehiago estimatzen dute gaiarekiko sentsibilitate handiagoa dutenak (64 urtetik gorakoak, %63 ados agertu direlarik), eta gutxiago gazteek, 18 eta 24 urte bitartekoek (hauetatik %38a daude ados adierazpen horrekin).

Jatorria eta egoera kontutan hartuta, emakume etorkin talde ezberdinenganako begikotasunean ez da desberdintasun handirik atzematen. Mendebaldeko Europako emakumeekiko begikotasun handiagoa sentitzen da, 1tik 10erako eskalan 6koa; aldiz, legez kanpo daudenak   dira begikotasun txikiena sortzen dutenak, 4,1.

HERRITARREN PARTE-HARTZEA ETA GARDENTASUNA ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAN

2010eko azarotik, gora egin du erakunderen eta talderen batetako kide direnen portzentajeak. Gaur egun, biztanleriaren erdia talderen batetako kide da: %27a kultur, aisialdi edo kirol talde batekoa, %17a GKE edo boluntariotza talde batekoa, %16a sindikatu edo enpresari elkarte batekoa, %9a parrokia edo bestelako elkarte erlijioso batekoa, %8a gizarte laguntza edo giza eskubideen inguruko edo animalien edo ingurumenaren babeserako talde batekoa eta %6a alderdi politiko batekoa.

Ekintza politiko eta sozialetan herritarren parte hartzea ere handitu egin da. Azken 12 hilabeteetan, EAEko biztanleriaren %33k baimendutako manifestazioren batetan parte hartu duela esan du; 2008an %17k parte hartu zuen eta %20ak 2010ean. Era berean, grebaren bat egin duten pertsonen portzentajea ere handitu egin da: 2008 urtean %11 ziren, 2010ean %20 eta egun %33. Ildo berean, aurreko urteetan baino inplikazio handiagoa egon da bestelako parte-hartze moldeetan; besteak beste, "eskaera aldarrikatzaile bat sinatzen", "sindikatu batekin kolaboratzen" edo "on line foro batean iritzia ematen".

Taldeka, zenbat eta gazteago izan parte hartzea handiagoa da manifestazio eta grebetan,  bereziki gazteenen artean; hots, 30 urte baino gutxiagokoen %47k grebaren batetan parte hartu dute eta %43k baimendutako manifestazioren batetan.

Ideologia kontutan hartuta, 2011ko azaroko azken Hauteskunde Orokorretan Amaiurri eta IU-Ezker Anitzari botoa eman zietenak dira ekintza politiko eta sozialetan gehien parte hartu dutenak.

Proposatutako parte hartze moldeen artean eraginkorrena aukeratzerako garaian, gehienek "hauteskundeetan botoa ematea" aukeratu dute; adinean gora egin ahala aukera hau hautatuagoa izan da.

Alderdi politikoetako hautagaiak aukeratzeko modurik egokienari buruz galdetuta, elkarrizketatutako pertsona gehienek (%44) nahiago lukete alderdiek hauteskunde primarioak egitea, kide zein zaleen artean.

Administrazio publikoko gardentasunari dagokionez, biztanleriaren %76k uste du administrazioek Interneten beren jardueraren zatirik handiena argitaratu beharko luketela, herritarrek ezagutu eta proposamenak egin ditzaten.

Elkarrizketatutako pertsonen %78k ezagutzen dute edo entzun dute "15-M" mugimenduari buruz hitz egiten. Mugimendu hori definitzen duten ezaugarriak aukeratzeko garaian zatiketa handia badago ere, ondokoak dira aipatuenak: "orokorrean, egoera ekonomikoaren kontrako protesta" eta "gazteriaren egoera ekonomiko eta sozialaren kontrako protesta".

ABIADURA HANDIKO TRENA

Elkarrizketatutako pertsonen %31k adierazi dute Abiadura Handiko Trenari buruz oso edo nahikoa informatuta daudela, %48k ez daudela oso informatuak eta %18k ez daudela batere informatuak. Informazio maila edonolakoa dela ere, gehienek, %55ek, Euskal "Y"-aren aldeko jarrera erakutsi dute, %27k ez aldekoa ez kontrakoa, %10ek kontrakoa eta %8k ez dakite edo ez dute erantzun.

Gehienek egitasmo honek Euskadiko ekonomiarentzat (%71) eta hiriburuetako bizi kalitatearentzat (%75) ondorio positiboak izango dituela uste dute. Aldiz, ingurumenari dagokionez, %41k uste dute ondorioak "gehienbat negatiboak" izango direla, %24k "gehienbat positiboak", %17k ez negatiboak ezta positiboak ere eta %18k ez dakite edo ez dute erantzun.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko