Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariaren ustez Euskadik “ez du hauteskundeak aurreratzeko beharrik”, Jaurlaritzak “zerbitzu publikoak defenda ditzala eta lana sor dezala” da behar duena

2012.eko maiatzak 09

"Arrazoi alderdikoiengatik" hauteskundeak aurreratzea eskatzen ari direnak kritikatzen ditu, eta bere agintaldian zerbitzu publikoak defendatzeko eta euskal ekonomia suspertzeko martxan jarri diren proiektuak burutzearen alde egiten du apustu

Patxi López lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren jarduna gidatzen duten oinarriak "zorrotz" defendatzearen eta "kalkulu alderdikoiengatik" hauteskundeak ez aurreratzearen alde egin du apustu. "Herrialdearen interesak lehenetsi behar dira norbere interesen gainetik", azpimarratu du lehendakariak, eta legealdia ez duela "sekula kosta ahala kosta" agortuko agindu du. Cadena SEReko "Hoy por hoy" irratsaioan egin duen elkarrizketan, lehendakariak kritikatu du Euskadiko PPk hedabideen bitartez oinarrien akordioa hautsitzat jo duela Gobernu zentralak hezkuntzaren eta osasunaren arloetarako proposatu dituen murrizketen kontra inkonstituzionalitate-errekurtso bat aurkeztu dela adieraziz. "Autogobernua defendatzea ez da Gobernu zentralari kontra egitea", azaldu du Lópezek. Beraren ustez, Euskadiko PPk "oker jokatu du, euskal gizartea defendatu behar baitzuen".

Lópezek gogorarazi du Euskadin aurrerapen "handiak" lortu direla azken hiru urteotan PPrekin sinatutako Oinarrien Akordioa oinarritu zuten arloetan. Terrorismoaren kontrako borrokan, ETAk bere jarduna behin betiko utziko duela iragarri du; autogobernuaren defentsan, berriz, atzean utzi da "identitatearen inguruko eztabaida, euskal gizartea zatitzen zuena"; eta krisiaren kontrako borrokan, Euskadi bere inguruko eremuak baino askoz egoera hobean dago.

Bankuentzako laguntzak

Beste gai batzuei buruz galdetu diotenean, lehendakaria oso kritiko agertu da banku pribatuei "gizartearentzat ordainik eskatu gabe" diru publikoarekin laguntzearen harira, eta "eskandalu"tzat jotzen du Europak bankuen sektoreari diru publikoa %1ean ematea eta bankuek, aldiz, gobernuak maileguak %5ean emanez itotzea. "Gobernuak baldintzak jarri behar ditu banku-sistemak familiei eta enpresei laguntzeko", erantsi du.
Gobernu zentralak osasunaren eta hezkuntzaren esparruetan egin nahi dituen murrizketei dagokienez, Lópezek Gobernuko presidentearen jokamoldea kritikatu du, autonomia erkidegoekin erabakien "berri emateko" elkartu zelako eta Euskadik farmazia-gastuetan "osasunaren arloan eskale bihur litezkeen pertsona asko kaltetu gabe" aurrezteko ideiaren bat proposa zezakeelako.

Horrez gain esan du bere burua ez duela ikusten epe ertainean espainiar politikan parte hartzen, Euskadiko hurrengo hauteskunde autonomikoetan gizarteak Jaurlaritzak "Euskadi defendatu" duela baloratzea espero du, eta hurrengo legealdian berriro lehendakari izan nahi duela adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)