Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

AHTak 185.000 ostatu-gau lor dezake Euskadin

2012.eko maiatzak 08

AHTa 2016. urtean iritsiko da, Donostia Europako Kultura Hiriburu izango den urtean.

Eusko Jaurlaritzak azterketa bat enkargatu du, Basquetour-Turismoko Euskal Agentziaren bidez, jakiteko zer aukera berri irekiko diren Abiadura Handiko Trena (AHT) 2016an Euskadira heltzen denean, bereziki "city break" izeneko segmentuan (3-5 eguneko asteburuko bidaia edo txango laburrak interes turistikoko hirietara) eta, gutxiago badere, MICE segmentuan (bilerak, konbentzioak, ekitaldiak, eta abar). Azterketaren ondorio nagusia da ostatu-gauak %9raino gehituko liratekeela, hau da, 185.000 ostatu-gau gehiago egongo liratekeela. Horrez gain, azterketak ekintza sorta bat proposatzen du trenaren etorrerak Euskadiko turismo sektoreari eman diezaiokeen bultzada areagotzeko.

Ikerketa Merkataritza eta Turismo sailburuordeak, Pilar Zorrillak; Garraio eta Herri Lan sailburuordeak, Ernesto Gascok; eta Basquetourreko zuzendari nagusiak, Ana Izaguirrek aurkeztu dute.

Abiapuntutzat harturik AHTa Espainiako eta Europako beste hiri batzuetara heldu denean (Espainian Valentzia, Valladolid eta Sevillara, eta Europan Estrasburgo eta Rennesera) eragin dituen aldaketak eta kontuan harturik une honetako egoera ekonomikoa eta bere optimizazioa prestatzeko egin beharreko ahalegin handia, azterketak agerian jartzen ditu tren horrek Euskadiko ekonomia eta turismoari ekarriko lizkiokeen hainbat onura eta aukera. Hala, trena etorri ondoren Euskadiko hiru hiriburuetako ostatu-gauak 185.000 gehiago izango lirateke (%4,5-%9,28 gehiago, alegia), zentzuzko helburua %7ko igoera izan daitekeelarik. Kontutan izanik, 2011an euskal hiru hiriburuetan gaualdiak 2.801.323 izan zirela, prebisio hauekin ia 3.000.000 ra iritsiko ziran (2.986.323). Egunean batez beste 15 zerbitzu egonez gero (Valentzian gertatu zen bezala), lortuko lirateke zenbateko horiek. Bestalde, eta Estrasburgon gertatu den bezala, REVPAR delakoa (Revenue per availabe room, hau da, okupazio bakoitzeko prezioa) %16 gehitu daiteke ostatu-gauen kopuruaren eta batez besteko prezioaren igoeraren ondorioz (AHTk erosteko ahalmen handieneko segmentua erakartzen duelako eta okupazioa ugalduko delako), eta baita ere okupazioa ostatu-gauen hazkundearen gainetik haziko delako, "corporate" (negozio gizon-emakumeak) izeneko segmentuaren hazkundeari esker. Beraz, oinarritzat harturik Estatistikako Institutu Nazionalaren turismoko estatistikak eta turismo arloko Espainiako enpresa talde nagusiek osatzen duten Exceltur elkarteak prestatutako txostenak, REVPARen hazkunde hori, 2011tik 2016ra bitartean, %12koa izango litzateke Donostian, %18koa Bilbon eta %20koa Gasteizen.

Bestalde, Estrasburgon gertatu zen bezala, lehenbiziko bi urteetan kostuaren jaitsiera erlatiboak %7 inguru igoaraz lezake hotel eskaintzaren batez besteko prezioa.

Gainera, distantziak halako gisaz laburtuko dira, non Gasteiz Madriletik bi orduko bidean geratuko baita eta Bilbo eta Donostia bi ordu eta erdiko bidean. Euskadiko hiriburuen artean, berriz, Bilbo-Donostia bidea 28 minututan egingo da eta Donostia-Gasteiz bidea doi-doia 34 minututan.

Eusko Jaurlaritzaren azterketan zehaztuta daude halaber turismo arloko erronka eta ekintza batzuk, neurri handi batean ados datozenak Euskadiko Turismoko Lehiakortasun eta Marketin Planaren lerro estrategikoekin eta martxan jarri beharko liratekeenak 2012-2016. bitartean. Guztira 35 ekintza izango dira, Eusko Jaurlaritza eta Basquetour-ekin batera beste administrazio eskudunek ere (Foru Aldundiek eta hiru hiriburuetako udalek) martxan jarri beharrekoak.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Zorrilla, Merkataritza eta Turismo sailburuordea; Ernesto Gasco, Garraio eta Herri-Lanen sailburuordea eta Ana Izaguirre, Basquetourreko zuzendari nagusia