
BakQ, Euskadiko identifikazio digitalak, milioitik gora erabiltzaile ditu
- Euskadiko 16 urtetik gorako biztanleen %50ak baino gehiagok du BakQ eta Euskadiko identifikazio elektronikoa sortu zenetik, BakQ-a funtsezko tresna bilakatu da herritarrentzat
Digitalizazioa errealitate bat da jada, eta eraldaketa digitala Euskadiko Administrazio Publikoak aurrez aurre duen erronka nagusietako bat da. Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak legegintzaldi honetan lortu nahi duen helburuetako bat da zerbitzu publikoak indartzea, administrazioa arintzea eta herritarren arreta hobetzea, telematikoa zein aurrez aurrekoa, teknologia berriak erabiliz.
Teknologia pertsonen zerbitzura jartzen duen Administrazioa bultzatu nahi da, zerbitzu eskuragarriagoak, eraginkorragoak, arinagoak eta seguruak eskaintzeko.
Gero eta pertsona gehiagok erabiltzen dituzte bide elektronikoak Administrazioarekin harremanetan jartzeko edota izapideak egiteko. Urtero 900 mila espediente baino gehiago izapidetzen dira elektronikoki eta jakinarazpenen %90 modu elektronikoan egiten da.
Hori dela eta, BakQ Euskadiko identifikazio eta sinadura elektronikorako baliabideak gero eta garrantzia eta erabiltzaile kopuru handiagoa du, herritarren eta euskal administrazio publikoen arteko hartu-emana sinplifikatzen baitu.
BakQk dagoeneko milioi bat erabiltzaile ditu, eta horrek teknologia berrien erabileraren, e-administrazioaren eta euskal herritar guztiei identitate digital unibertsala eskaintzearen aldeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa indartzen du.
Azken 12 hilabeteetan, identifikazio edo sinadura elektronikoko 300 milioi eragiketa baino gehiago erregistratu dira Euskadiko identifikazio-kudeaketako plataformetan, eta agerian geratu da hazkunde esponentziala izan dela sistema digitalen ezarpenean.
BakQ zenbakitan
- Euskadiko 16 urtetik gorako biztanleen % 50ak baino gehiagok du BakQ
- 25-65 urteko biztanleriaren %75ak erabiltzen du BakQ identifikazio elektronikoa
- Zortzi urteko ibilbidean, BakQ funtsezko tresna bilakatu da euskal herritarrentzat.
BakQk euskal administrazio publikoarekiko harremana errazteaz gain, bere txartel birtualari esker, edozein egoitza elektronikorekin, bulego birtualekin eta sistema pribaturekin elkarreragiteko aukera ematen du, Euskadin zein Euskaditik kanpo.
Hobekuntza nabarmenetako bat da BakQ online eskatzeko aukera, bideo-identifikazioaren bidez egin daitekeena, hitzordurik eskatu gabe eta joan-etorririk egin gabe. BakQ online eskatzeko prozesua sinplea da eta 24 ordutan eskuratu daiteke, identifikazio digitalerako sarbidea are eta gehiago demokratizatuz eta erraztuz.
Eusko Jaurlaritzak, Izenperen bitartez, lanean jarraitzen du BakQ ekosistema hedatzeko, herritarrek irtenbide bakarra, moldakorra, erraza eta segurua izan dezaten identifikazio eta sinadura elektronikoko behar guztietarako.
Izenpe: euskal identitate digitalaren sustatzaile
Euskal administrazio publikoek identitate digitalaren arloan estrategia komun eta sendo baten aldeko apustua bateratu egin dute eta Izenpe izan da bazkide hautatua BakQ sistemaren garapen eta kudeaketarako.
Izenpe Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailari atxikitako enpresa publikoa da, eta identifikazio elektronikorako bitarteko horiek eskaini eta kudeatzeaz gain, konfiantzazko zerbitzuen emaile gisa, autentifikaziorako, sinadurarako eta identitateen federaziorako plataformak eta aplikazioak garatzen ditu. Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) e-administrazioaren beharrak bateratzea, eraldaketa digitala eta herritar guztientzako erosotasuna bultzatzeko.



