
Osasun Sailak eta Osakidetzak berriro nabarmendu dute prebentzioa garrantzitsua dela sexu-transmisiozko infekzioek osasunean dituzten arriskuak saihesteko
- Gehienbat 20 eta 34 urte arteko gazteei eragiten dieten gaixotasunetan, adibidez, klamidia, gonorrea eta sifilisa, kasuak iazkoaren halako bi izatera heldu dira azken urtean
- GIB kasuen kopurua, aldiz, ez da aldatu azken bost urteetan; iaz 125 GIB kasu gehiago detektatu ziren Euskadin
- Osasuneko sailburu Alberto Martinezek berretsi du osasun-asistentziako sistemak – lehen mailako arretako eta ospitaleko osasun-sistemak baita gizarte-sistemak ere– prebentziora eta asistentziara bideratu behar direla
Osasun Sailak eta Osakidetzak berriro nabarmendu dute prebentzio-neurriak hartzearen garrantzia, sexu-transmisiozko infekzioek osasunean eragin ditzaketen arriskuak saihesteko. 2024an, beste 125 GIB kasu jakinarazi ziren. Hau da, zifra hori bere horretan mantendu da azken bost urteetan, pandemiaz geroztik. Beste infekzio batzuen kutsadura, berriz, hala nola klamidia, gonorrea edo sifilia, bi aldiz handitu da epe berean, batez ere gazteenen artean.
Hala ondorioztatu da Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren 2024ko memoriak emandako datuetatik. Txostena gaur goizean egindako prentsaurreko batean aurkeztu da, eta bertan egon dira Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínez jauna, Osakidetzako HIESaren eta STIen Planaren koordinatzailea, Oskar Ayerdi doktorea, eta EuskalSida Elkarteen Federazioko presidentea, Marco Imbert jauna.
Osasuneko sailburuaren iritziz, «datuek agerian uzten dute GIB eta STIak gaur egun ere osasun publikoko arazo bat direla; izan ere, azken hamarkadan ukaezina da sexu-transmisiozko infekzioek izan duten etengabeko gorakada nabarmena. EAEn, 2022-2030 aldirako Osasun Sailak eta Osakidetzak bultzatutako plan estrategikoa dugu, GIB infekzioa eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk prebenitzeko eta kontrolatzeko. Planak bat egiten du OMEk 2030erako Hiesa, hepatitis birikoak eta STIak osasun publikoko arazo gisa ezabatzeko ezarri duen helburuarekin.»
Martinezek berretsi du osasun-asistentziako sistemak – lehen mailako arretako eta ospitaleko osasun-sistemak baita gizarte-sistemak ere – prebentziora eta asistentziara bideratu behar direla. "Betiere arreta integratua, bikaintasuna eta, jakina, pazientearengan oinarritutako arreta emateko printzipioetatik abiatuta".
Osakidetzak gaur ezagutarazi duen Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren 2024ko memoriaren arabera, eta sexu-transmisiozko infekzio ohikoenei dagokienez, hala nola klamidia, gonorrea edo sifilisa, ikusten da horiek guztiak esponentzialki hazi direla, pandemiaren aurretik erregistratutako datuen halako bira ere iritsiz. Zehazki, 2024an, 2954 klamidia kasu, 1861 gonorrea kasu eta 490 sifilis kasu diagnostikatu ziren. Datu horiek ia adin-talde guztietan igo badira ere, gehieneko tasak 20 eta 34 urte arteko adin-taldeetan daude.
Ayerdi Osakidetzako HIESaren eta STIen Planaren koordinatzailearen iritziz, "sexu-osasunari modu integralean eta ikuspegi positibo batetik heldu behar zaio, bereziki biztanleria zaurgarriari zuzenduta, hala nola gazteei eta nerabeei; horretarako, haien beharretara egokitutako prebentzio-, diagnostiko- eta terapia-estrategiak ezarri behar dira".
Ayerdik azaldu duenez, hain zuzen ere, infekzio horiek geldiarazteko sentsibilizazio-elementu eta tresna izan behar dira udara begira Osasun Sailak eta Osakidetzak martxan jarritako bi kontzientziazio-kanpainak: lehenengo eta behin, "Ez egin match STI-ekin", gazteei zuzendua, eta bigarrenik, "Nola edo hala, sexu libre eta segurua", bereziki gizonekin sexu-harremanak dituzten gizonei zuzendua, horiek baitira kolektibo kalteberenetakoa, GIBari eta sexu-transmisiozko infekzioei dagokienez. Azken urteotan erregistratutako GIB infekzioen erdia baino gehiago kolektibo horretan gertatu dira, hain zuzen ere.
Sarbide zuzeneko telefonoak
Osakidetzak gorakada bat detektatu du hiru lurraldeetako sexu-transmisioko infekzioen kontsultetan egindako deietan, herritarren eskura zuzeneko sarbidea duten telefonoak baitituzte. Formula hori duela bost urte baino gehiago ezarri zen Osakidetzan, eta, baliabide gisa, nabarmen handitu du bere jarduera azken urteotan, biztanleria zaurgarriaren premiei erantzunez, hala nola gazteen premiei. ITS kontsulta horien telefonoak, helbideak eta ordutegiak Osakidetzaren web-orrian daude eskuragarri.
Hiesari dagokionez, iaz 125 GIB kasu diagnostikatu ziren. Zifra hori ez da ia aldatu pandemiaz geroztik. Izan ere, nahiz eta Osakidetzak sentsibilizazio-mezuak eta prebentzio-ekintzak egin, ez da lortu kopuru hori murriztea. Aurten, infekzioen % 82,5 gizonezkoei diagnostikatu zaizkie, eta diagnostikatutako pertsona guztien batez besteko adina 36,7 urtekoa izan da. Lurraldeka, infekzioen % 63,2 Bizkaian erregistratu dira, % 21,6 Gipuzkoan eta % 15,2 Araban.
Diagnostiko eta tratamendu goiztiarra, gakoa
Nabarmentzekoa da infekzio kasuen ia erdiak diagnostiko berantiarra izan duela. Horri lotuta, Osakidetzak gogorarazi nahi die biztanleei diagnostikoa eta tratamendu goiztiarra funtsezkoak direla bizi-kalitate ona lortzeko, eskura daudela proba hori egiteko asistentzia-dispositibo desberdinak. Lehen Mailako Arretako zentroez gain, herritarren eskura daude erreferentziazko STI kontsultak hiru lurraldeetan, sarbide zuzeneko telefonoekin. Infektatu diren ala ez jakiteko beste aukera farmazietan proba azkar bat egitea da, balizko infekzio bat bermeekin eta anonimotasuna zainduz detektatzeko aukera ematen duena.
GIBaren diagnostikoa duten pertsona guztiek eskura dute tratamendu antirretrobirala, eta, horri esker, infekzioa kontrola daiteke eta bere hedapena ekidin. Gainera, birus-karga hautemanezina duten eta tratamendu antirretrobiral modu jarraian jasotzen duten pertsonek ez diete infekzioa beste pertsona batzuei transmititzen (dektaezina = transmitiezina). Memorian aurkeztutako datuen arabera, 6.562 pertsonak jaso zuten tratamendu antirretrobirala Osakidetzan, hau da, 21,4 milioi euroko gastua, aurreko urtean baino % 13,8 gehiago.
Prebentzio-programak
Prebentzio-neurrien artean, preserbatiboa erabiltzeaz gain, 2019an esposizioaren aurreko profilaxia (PrEP) proposatu zen. GIBaren infekzioa ez duten baina infekzioa hartzeko arrisku handia duten pertsonei zuzendutako farmako antirretrobiralak erabiltzean datza (gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoak, prostituzio-egoeran dauden emakumeak, drogen erabilera...). Gero eta pertsona gehiagok parte hartzen du prebentzio-programa honetan, eta 2024. urtearen amaieran 1.327 erabiltzaile izatera iritsi da.
Arlo horretan, GKE-ek ezinbesteko lana egiten dute infekzioaren prebentzioan eta diagnostikoan eta infektatutako pertsonen arretan. Hala adierazi zuen Marco Imbert EuskalSida-ko presidenteak, esparru horretan lan egiten duten erakundeen euskal sarearen izenean. "GKE-ek administrazioaren lana osatzen eta babesten dute, eta osasun-sistematik urrun dauden gune eta pertsona kalteberengana iristen dira, hori guztia prebentzioan inbertitzea osasun publikoan inbertitzea dela kontuan hartuta".
Osakidetzan GIBari eta Hiesari buruzko informazio guztia eskuragarri dago herritarrentzat Osasun Eskola + web orrian:
https://osasuneskola.osakidetza.eus/es/medialib/html/gib-eta-ihesa
-
-
2025-07-02
Comentario de X:
📌 Osasun Sailak eta Osakidetzak berriro nabarmendu dute prebentzioa garrantzitsua dela sexu-transmisiozko infekzioek osasunean dituzten arriskuak saihesteko -
2025-07-02
Comentario de X:
📌 Departamento de Salud y Osakidetza insisten en la importancia de la prevención para evitar riesgos en la salud por infecciones de transmisión sexual