Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Euskadin lehiakortasuna hobetzeko hitzarmen bat izenpetzeko ekitaldiaren buru izan da

2012.eko maiatzak 04

Eusko Jaurlaritzak baterako akordioa sinatu du lehen aldiz enpresa-erakundeekin lehiakortasuna hobetzeko. Agiria sinatu ondoren, lehendakariak gure berreskurapen ekonomikoa gidatu behar duten hiru ardatzak definitu ditu: “aurrerapenak egitea ekonomia ireki bat lortzeko; ekonomia ekintzaile, berritzaile eta teknologikoki aurreratu bat lortzeko; eta finantzaketa- eta ingurumen-arloan iraunkorra den ekonomia bat lortzeko”

Industria sailburuaren eta Confebask, Adegi, Cebek, SEA eta Arabako, Bilboko eta Gipuzkoako ganbaren presidenteek akordioa sinatzeko ekitaldian buru izan da Patxi López, lehendakaria. Akordioak erakundeen lana eraginkortasunez osatzearen alde egin du, erakundeon ekintzetan bikoiztasunak saihestuz eta argitasuna sustatuz. Hitzarmena 2012. urtean zehar izango da indarrean baina beste urtebete bat luza daiteke. Horren zenbatekoa 2,8 milioi eurokoa da gehienez. Enpresa erakundeek 2010/2013 Enpresa Lehiakortasuneko Planarekin lotutako ekintzak burutuko dituzte. Ekintzok merkataritzarekin, turismoarekin, nazioartekotzearekin, enpresa eratze eta sendotzearekin eta enpresa sektorearen lehiakortasun-eraldaketarekin zerikusia izango dute

Eusko Jaurlaritzak, enpresa-erakundeek eta merkataritza-ganbarek  elkarren arteko akordioa sinatzeko ekitaldian buru izan da Patxi López, lehendakaria. Akordioak bide emango du euskal ekonomiaren lehiakortasuna hobetzeko. Sinadura-ekitaldiak honako hauek izan dira: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua, Bernabé Unda, Confebaskeko presidentea, Miguel Ángel Lujua; Adegiko presidentea, Eduardo Zubiaurre; Arabako enpresaburuak/SEAko presidentea, Pascal Gómez; eta Cebek-eko presidente-ordea Pedro Campo; bai eta Arabako, Bilboko eta Gipuzkoako merkataritza-ganbaren presidenteak ere,  Gregorio Rojo; Bilbao, José Ángel Corres eta Pedro Esnaola, hurrenez hurren.

Urte honen aurretik, hitzarmen solteak zeuden. Confebask-en eta honen erakunde kideetan, 1996. urtean sinatzen hasi ziren hitzarmenok Eusko Jaurlaritzak onartutako industria-politikarako planak indarrean jartzeko eta garatzeko laguntza ematea zuten helburu. Merkataritza-ganbaren kasuan aldiz enpresen nazioartekotzea sustatzea zen helburu nagusia.  

Orain, hainbat hilabetetan negoziaketan ibili eta gero, alderdi guztiek konpromisoa hartu dute elkarren arteko akordio bakar baten bitartez.  Honela, hitzarmenean azaltzen den bezala, akordioak erakundeen lana eraginkortasunez osatzearen alde egin du, erakundeon ekintzetan bikoiztasunak saihestuz eta argitasuna sustatuz, baliabide publikoen kudeaketa eraginkorra bermatuz.

Aurreneko autonomia erkidegoa

Hitzarmenak helburu nagusia dauka Euskadiko enpresen garapena bultzatzea ekonomia eta enpleguaren hazkundea sustatzeko, akordioa sinatu duten zortzi hitzarmenkideen ahaleginak bateratuz.   2010-2013 Enpresa Lehiakortasuneko Planaren garapena eta honen helburuak lortzeko bide eman nahi da. Hauxe da autonomia erkidego batean gobernu batek, enpresa-erakundeek eta ganbarek honelako hitzarmena izenpetzen duten lehen aldia.

Duela ia bi urte onarturiko Enpresa Lehiakortasuneko Plana Jaurlaritzaren apustu ekonomiko handia da, hamar sailetik bederatzi tartean sartuta baitaude zuzenean, 2013. urtera bitarte 11.800 milioi eurotik gora mugituko ditu, eta zenbateko horretatik % 60 enpresetatik aterako da. Lehentasunezko lau ardatz ditu: ekonomia irekia, ekonomia berritzailea, teknologikoki aurreratua eta ekintzailea, ekonomia iraunkorra eta finantzaketarekin eta lankidetzarekin loturiko ardatz horizontal bat.

Gaurkoan sinatutako akordioa 2012ko urtarrilaren 1etik ditu ondorioak eta urte osoan zehar izango da indarrean baina beste urtebete bat luza daiteke. Jarduteko esparru zehatzak eta eskura jarritako baliabideak zehaztu dira, helburu jakinekin.   Gainera, hitzarmenaren betetzearen ebaluaketa-prozesua euskal klusterrekin arrakastaz egiten denaren parekoa izango da.   

Erakundeek honako arlo hauetan lagunduko dute:

- Merkataritza: Euskal merkataritza sendotu eta garatu.

- Turismoa: Euskal Herriko turismo-arloa garatzea, ekonomia-jardueraren iturria denez eta gure erkidegora pertsonak erakatzen dituen aldetik.

- Nazioartekotzea: Euskal enpresak atzerrira irekitzeko bultzada proaktiboagoak izan daitezen eta enpresen arteko lankidetza bultzatzeko, nazioarteko merkatuek, sortuberriek batez ere, eskaintzen dituzten  hazteko eta garatzeko aukerak aprobetxatuz.  

- Enpresak sortzea: Ekintzailetza bultzatzea eta erraztea enpresa-ekimen berriak sustatuz eta enpresak sortzeko prozesuak hobetuz, errazagoak eta azkarragoak izan daitezen.  Hori guztia Euskadiko enpresa-oinarria handitzeko asmoz. Gainera, kanpoan Euskal Herriaren irudi erakargarria proiektatzea baliagarria izango da bai turistak erakartzeko bai eta inbertsioak eta talentua erakartzeko ere.

- Enpresak sendotzea: Egungo enpresa-sarea sendotzea euskal enpresek egiteke daukaten bidea gainditzeko egokiak diren ekintzen bitartez.  Bestetik ere, euskal enpresaren dimentsioa bultzatzea eta erraztea, lankidetzarako ekimenen bitartez, bai eta dagoeneko indarrean dauden euskal enpresen erakarpen-indarra bultzatuz.

- Enpresa-sektorearen lehiakortasun-eraldaketa: Egungo enpresa-sarea ekonomia berriak eskatzen dituen baldintzei egokitzea, gero eta globalizatuagoa eta lehiakorragoa.

Erakunde bakoitzak bere konpromisoak zehaztu ditu eta ekonomikoki kuantifikatu dira.  Eusko Jaurlaritzak 2,8 milioi euro jarriko ditu guztira.  Alde horretatik, enpresa-erakundeek, euskal enpresak helburu dituzten proiektuak burutzeko, 817.000 euro izango dute, honela banatuta:    Confebask, 108.530 euro; Adegi, 256.654 euro; Cebek, 282.983 euro; eta SEA, 168.833 euro.

Bestalde, merkataritza-ganberek 2.066.500 euro izango dituzte, eta horietatik 1.115.000 euro zuzeneko diru-laguntzaren bidez emango dira eta 951.500 euro diru-laguntza izendatu gisa, honela banatuta:

- Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera: 483.698,73 euro, horietatik 161.395 euro diru-laguntza izendatuari dagozkio eta 322.303,73 euro zuzeneko diru-laguntzari.
- Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbera: 857.067,56 euro, horietatik 476.258 euro diru-laguntza izendatuari dagozkio eta 380.809,56 euro zuzeneko diru-laguntzari.
- Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera: 725.733,71 euro, 313.847 euro diru-laguntza izendatuari dagozkio eta 411.886,71 euro zuzeneko diru-laguntzari.

Cluster metodoa


Hitzarmenaren baitako proiektuak betetzen diren gainbegiratzeko, jarraipen batzorde bat sortuko da. Batzorde hori, gutxienez, sei hilean behin bilduko da. Emaitzak helburuen arabera ebaluatzeko, clusterren metodologia jarraituko da orain arte bezala, eta Industria Sailak bere laguntza emango du.

Hartara, hitzartutako zenbatekoak dira erakundeek eskura ditzaketen gehienekoak, nahiz eta ezinbestekoa izango den ezarritako helburuak betetzea. Xedea da lankidetza-sistemak ezartzea eta bikoiztasunak saihestea.

3 iruzkin
  • @EmpreSEA
    2012.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco firma de un convenio conjunto con las organizaciones empresariales y las camaras vascas http://t.co/TO9lCmeK

  • @lanbideejgv
    2012.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Lehendakaria Euskadin lehiakortasuna hobetzeko hitzarmen bat izenpetzeko ekitaldiaren buru izan da. http://t.co/WGMGxWpN

  • @Lanabesa
    2012.eko maiatzak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Lehendakaria Euskadin lehiakortasuna hobetzeko hitzarmen bat izenpetzeko ekitaldiaren buru izan da. http://t.co/WGMGxWpN

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)