Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadiko 10 herritarretik 7k uste dute erlijio guztiek dutela Euskadin beren kultu-zentroak jartzeko eskubidea

2012.eko maiatzak 04

Gaur goizean Kultu-zentroen Legearen Aurreproiektua eta Erlijio Aniztasunari buruzko azterketa aurkeztu dira. Idoia Mendiaren hitzetan, “erlijioaren gaia ez da pribatua eta banakakoa, kolektiboa da eta gizartean proiekzioa du”

Ikerketa monografiko honen helburua izan da herritarrek Euskadiko aniztasun erlijiosoari buruz duten iritzia eta tolerantzia maila neurtzea, Justizia eta Herri Administrazio saileko Giza Eskubideen Zuzendaritza prestatzen ari den gurtze-aretoei buruzko lege egitasmoaren testuinguruan

NABARMENTZEKOAK

Sekularizazio prozesua

•    Gehiengoaren “katolizismo kulturalaren” baitan, sekularizazio prozesuak aurrera darrai.
•    Elkarrizketatutako pertsonen bizitzan erlijioari ematen zaion garrantzia, 0tik 10erako eskalan, 5ekoa da, familiari 9,7 eta lagunei 8,3 ematen zaien bitartean. Batez besteko garrantzia handiagoa da adinean gora goazen neurrian eta txikitu egiten dira belaunaldi gazteenen artean.
•    Hamar pertsonatatik zazpik euren burua katolikotzat jo dute (horietako 5 ez praktikanteak eta 2 praktikanteak). Lau pertsonatatik bat ateoa, agnostikoa edo ez sinestuna da, eta %2k beste erlijioren batetan sinesten dute.

Aniztasun eta tolerantzia erlijiosoa

•    Euskadiko aniztasun erlijiosoari dagokionez, axolagabetasuna da nagusi: Euskadin katolikoak ez diren beste erlijioen presentzia ez dute ez txarto eta ez ondo baloratzen erdiek (%51), %38k ondo edo oso ondo baloratzen dute, eta soilik %8 dira txarto edo oso txarto baloratzen dutenak.
•    Euren burua “katolikoa ez den” beste erlijio batetako sinestuntzat jo dutenak gutxiengo bat dira, %2a. Halere, biztanleen %40k Euskadin erlijio ez katolikoetako pertsonak “asko edo nahikoa” direla uste dute.
•    Galdekatutako hamar pertsonatatik seik ez dute uste erlijio ez katolikoetako jarraitzaileen erlijio-ohiturek Euskadiko bizitza-estiloa arriskuan jartzen dutenik eta adierazi dute pertsona hauen erlijio-ohiturak berdin zaizkiela, ez zaizkiela axola.
•    Gehiengoari ez lioke batere molestatuko edo gutxi molestatuko lioke aipatutako erlijio ezberdinetako sinestunak auzokide izatea (%78 eta %98 artean esan dute hori); halere, islama praktikatzen dutenen eta Jehováren Lekukoen gaineko arbuioa zertxobait handiagoa da: lehenengoen kasuan %16ri asko edo nahikoa molestatuko lieke pertsona hauek bizilagun bezala izatea eta bigarrenen kasuan %14ri.

Erakunde publikoak eta erlijiosoak

•    Erakunde publikoek eta erlijiosoek izan beharko luketen elkarlan mailari buruzko iritziak banatuak agertzen dira, baina hamarretik zazpik uste dute erakunde publikoak ez direla sartu behar eremu erlijiosoan.
•    Elkarrizketatutako pertsonen %61ek uste dute erakunde publikoek erlijio guztiekiko berdin jokatu behar dutela, inolako erlijiori lehentasunezko tratua eman gabe.

Gurtze-aretoak

•    Hamar pertsonatatik zazpik uste dute Euskadin dauden erlijio elkarte ezberdinek euren gurtza edo kultu aretoak izateko eta eraikitzeko eskubidea dutela (%73), eta gehienek diote auzoan bat izateak ez lituzkeela molestatuko, edozein erlijioetakoa izanda ere.
•    Elkarrizketatutako hamarretik seik (%63) adierazi dute Eusko Jaurlaritzak erlijio elkarte ezberdinen gurtza-aretoen presentzia eta irekiera arautzea nahikoa edo oso gomendagarria litzatekeela.

EMAITZAK


SEKULARIZAZIO PROZESUA

Elkarrizketatutako pertsonei galdetu diegu ea zein garrantzia ematen dieten euren bizitzan sinismen erlijiosoei, 0tik 10erako eskalan, eta lortutako batez besteko puntuazioa 5ekoa da; aldiz, familiari 9,7 eta lagunei 8,3 ematen diete.

Bestalde, hamar pertsonatatik zazpik bere burua katolikotzat jo dute, ia erdia katoliko ez praktikanteak (%47) eta laurdena katoliko praktikanteak (%26). Gainerakoetatik, %2 beste erlijioetako sinestunak dira, eta lautik bat (%25) ateoa, agnostikoa edo ez sinestuna.

Bi aldagai hauek harreman estua dute euren artean eta adinarekin. Adinean gora goazen neurrian, elkarrizketatutako pertsonen artean katoliko gehiago daude (%88 65 urtetik gorakoen artean), eta horien artean gehiago dira ere katoliko praktikanteak (%50 65 urtetik gorakoen artean). Adinarekin sinesmen erlijiosoei ematen zaien garrantzia ere handitu egiten da, gazteenek ematen dioten 3,9tik 65 urtetik gorakoek ematen dioten 6,5era. Erlijio sinismenen garrantzia pertsonen bizitzan handiagoa da sinestunen eta praktikanteen artean gainerakoen artean baino; horrela, katoliko praktikanteen artean euren sinismen erlijiosoen garrantzia 8,2koa da eta beste erlijioetako sinestunen artean 7,3koa; aldiz, pertsona katoliko ez praktikanteen artean sinismenen garrantzia 4,9koa da eta ateo, agnostiko eta ez sinestunen artean 1,7koa.

ANIZTASUN ETA TOLERANTZIA ERLIJIOSOA EUSKADIN

Elkarrizketatutako pertsonen %57k harremana izan dute Euskadin dauden gutxiengo erlijiosoren bateko sinestunekin, aldiz %41ek ez dute harremanik izan. Gazteenen artean handiagoa da beste erlijio horietako pertsonekin harremana izan dutenen portzentajea (%67), eta adinean gora goazen neurrian portzentaje hori txikitu egiten da. Handiagoa da ere pertsona ateoek, agnostikoek eta, orokorrean, ez sinestunek beste erlijioetakoekin izandako harremana (%69).

Euskadin erlijio ez katolikoak praktikatzeko dauden erraztasunei buruzko hautemateari dagokionez, gehiago dira erraztasun nahikoak edo asko daudela uste dutenak (%43), nahiz eta herenera iristen diren erraztasun gutxi edo batere ez daudela uste dutenak (%33); elkarrizketatutakoen %24k ez dute jakin edo ez dute galdera erantzun nahi izan.

Elkarrizketatutako pertsonen erdiek ez dute ez txarto eta ez ondo baloratzen katolikoak ez diren beste erlijioen presentzia Euskadin (%51), %38k ondo edo oso ondo baloratzen dute, eta soilik, %8 dira txarto edo oso txarto baloratzen dutenak. Presentzia horren balorazioa hobea da pertsona gazteenen artean eta horien %46k ondo edo oso ondo baloratzen dute; aldiz, adinean gora goazen neurrian balorazioa okerragotu egiten da eta 65 urtetik gorakoen artean txarto edo oso txarto baloratzen dutenen portzentajea %31raino handitzen da.

Bi erditan banatzen dira Euskadin erlijio katolikoa ez den beste erlijio ezberdinetan sinesten duten pertsonak gutxi edo oso gutxi direla diotenak (%39) eta nahikoa edo asko direla diotenak (%40). %22k ez dakite edo ez dute erantzun nahi izan galderari.

Orokorrean, elkarrizketatutako pertsonen artean axolagabetasuna da nagusi beste erlijioetako sinestunekiko; hamarretik seik ez dute uste pertsona hauen erlijio-ohiturek Euskadiren bizitza-estiloa arriskuan jartzen dutenik (%63 ados edo oso ados agertu dira baieztapen horrekin) eta adierazi dute pertsona hauen erlijio-ohiturak berdin zaizkiela, ez zaizkiela axola (%59 ados edo oso ados).

Aldiz, auzokideekiko tolerantziari dagokionez, gehiengoari ez lioke batere molestatuko edo gutxi molestatuko lioke aipatutako erlijio ezberdinetako sinestunak auzokide izatea (%78 eta %98 artean esan dute hori); halere, arbuiorik handiena erlijio musulmanean sinesten dutenek eta Jehováren Lekukoek sortzen dute: lehenengoen kasuan %16ri asko edo nahikoa molestatuko lieke pertsona hauek bizilagun bezala izatea eta bigarrenen kasuan %14ri.

ERAKUNDE PUBLIKOAK ETA ERLIJIOSOAK

Biztanleriaren %38k uste du erakunde publikoek eta eliza katolikoak bakoitzak bere aldetik lan egiten dutela, eta %31k uste du nolabaiteko elkarlana badagoela. Dezente gutxiago dira euren artean elkarlan handia dagoela uste duenak (%13), eta %18k ez dute galdera erantzun nahi izan edo ez dute jakin erantzuten. Iritziak banatuago aurkitzen ditugu zenbateko elkarlana izan beharko luketen galdetuta; %34k uste dute elkarlan handiagoa izan beharko luketela, %24k orain arteko berdina eta %29k txikiagoa izan beharko luketela. Elkarrizketatutako pertsonen %14k ez dute jakin edo ez dute galdera hau erantzun nahi izan.

Erakunde publikoen eta beste erakunde edo erlijio ez katolikoen artean elkarlana txikiagoa dela uste dute elkarrizketatutako pertsonek. Ia erdia dira (%47) bakoitzak bere aldetik lan egiten dutela uste dutenak, %22k uste dute nolabaiteko elkarlana badagoela, eta soilik %3k uste dute elkarlan handia dagoela. %28k ez dute jakin edo ez dute erantzun galdera hau. Zenbateko elkarlana izan beharko luketenari buruz ere iritziak banatuago agertzen dira: %29k uste dute elkarlan handiagoa izan beharko luketela, %26k orain arte bezala jarraitu beharko luketela, eta %24k elkarlan txikiagoa izan beharko luketela. Bostetik batek ez dute erantzun nahi izan edo ez dute erantzuten jakin.

Hamar pertsonatatik seik uste dute erakunde publikoek erlijio guztiekiko berdin jokatu behar dutela, eta hamarretik hiruk eliza katolikoari lehentasunezko tratua eman behar diotela. Zentzu berean, hamarretik zazpi inguru dira erakundeak eremu erlijiosoan ez direla sartu behar uste dutenak, hamarretik bik, berriz, erakunde publikoak aniztasun erlijiosoa kudeatzen inplikatu behar direla uste dute; hamarretik batek ez daki edo ez du erantzun nahi.

Biztanleen erdiek inguruk uste dute Euskadin immigranteek beren erlijioa praktikatzeko nahikoa erraztasun edo erraztasun asko dituztela (%48), lautik batek uste du erraztasun gutxi edo batere erraztasunik ez dutela (%27) eta lautik beste batek ez du erantzun galdera edo ez du jakin erantzuten (%24).

Bestalde, hamar pertsonatatik zazpik uste dute immigranteek euren erlijioarentzako gurtze- edo kultu-aretoak eraikitzeko eskubidea dutela, %17k uste dute ez dutela eskubiderik, eta %13k ez dakite edo ez dute erantzun.

GURTZE-ARETOAK


Hamar elkarrizketatuetatik zazpik uste dute Euskadin dauden erlijio elkarte ezberdinek otoitz egiteko eta euren erlijio ohiturak burutzeko gurtza edo kultu aretoak izateko eta eraikitzeko eskubidea dutela (%73), hamarretik batek uste du erlijio batek ere ez duela horretarako eskubiderik (%9), eta beste batek, erlijio batzuk eskubidea dutela, baina beste batzuk ez (%11); azken horietatik, erdiek aipatu dute Islamaren jarraitzaileak direla gurtze-lekuak izateko eskubiderik ez dutenak, eta herenek ez dute jakin edo ez dute esan nahi izan zein erlijiok ez duen eskubide hori; gainerakoek beste erlijioren bat aipatu dute.

Erakunde publikoek, hiri-antolamenduko planetan erlijio erabilerarentzako komunitate-ekipamenduetarako lurra gorde beharraz iritzia oso banatua aurkitzen da: %38ri oso txarto edo txarto iruditzen zaie, %33ri ez txarto eta ez ondo eta %23ri ondo edo oso ondo; %6k ez dakite edo ez dute erantzuten.

Dena dela, hamarretik seik adierazi dute Eusko Jaurlaritzak erlijio elkarte ezberdinen gurtza edo kultu-aretoen presentzia eta irekiera arautzea nahikoa edo oso gomendagarria litzatekeela (%63), lautik batek, berriz, soilik apur bat edo batere gomendagarria ez litzatekeela izango (%28).

Auzoan erlijioren bateko gurtze-aretoa irekitzeko aukeraren inguruan, elkarrizketatutako pertsona gehienek diote edozein erlijioetako gurtze-areto bat auzoan izateak gutxi edo batere ez lieketela molestatuko. Dena den, gehien errefusatzen direnak erlijio musulmaneko gurtze-aretoak dira; gehienek auzoan horrelakoak izateak ez lieketela molestatuko esan badute ere (%71k gutxi edo batere ez), bai molestatuko lieketela esan dutenen portzentajea handiagoa da kasu honetan (%23k diote asko edo nahikoa molestatuko liekeela); ondoren datoz, Jehováren Lekukoen gurtze-aretoak (%14), ebanjelikoak edo protestanteak (%12), ortodoxoak (%9), katolikoak (%4) eta beste batzuk (%2).

3 iruzkin
  • 2012.eko maiatzak 15

    Estoy de acuerdo con que el hecho religioso no es tan solo un hecho privado sino que también tiene una vertiente pública. Mis felicitaciones sobre todo a Inés, la Directora de Derechos Humanos del Gobierno Vasco, por su labor.
    Atte. Ivan Arjona

  • @AmaiaIglesias
    2012.eko maiatzak 14

    Comentario de Twitter:
    @iazkunaurreta http://t.co/mgvMU1vA

  • @AmaiaIglesias
    2012.eko maiatzak 14

    Comentario de Twitter:
    @JavierMaroto http://t.co/mgvMU1vA

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)