Berriak Kultura
Eu

2012 Euskadi ekimenak 'Askoren Izenean: Pido la Paz y la Palabra' Nazioarteko Poesia Jaialdia aurkeztuko du

2012.eko maiatzak 03

•    Kulturako sailburu Blanca Urgell andreaz gain, Blas de Otero Fundazioaren presidente eta Bilboko gizarte-poeta ospetsuaren alargun Sabina de la Cruz andrea (Blas de Otero beraren poema bat deklamatu du) eta ekitaldia emanaldi labur batekin itxi duen poeta eta musikari José Blanco jauna ere egon dira aurkezpenean.

•    ‘Askoren Izenean: Eskatzen dut Bakea eta Hitza’ Nazioarteko Poesia Jaialdiak nazioarteko hogei bat poeta eta nazioko eta EAEko hogeita hamar bat poeta bilduko ditu, EAEko hiru hiriburuetako 12 bat tokitan egingo da eta hainbat jarduera programatuko ditu, hala nola poesia-errezital eta antzezturiko emanaldi ugari, 9 poesia-kontzertu, 2 eztabaida- eta poesia-saio, kontu-kontalarien 3 saio (txikienentzat) edota poesia bisualeko erakusketak, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzak ‘2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea’ garatzeko sorturiko 2012 Fundazioak ‘Askoren Izenean: Eskatzen dut Bakea eta Hitza’ Nazioarteko Poesia Jaialdia aurkeztu du prentsaurreko batean; Blas de Otero poetaren bi liburu entzutetsuenetakoen izena hartzen du jaialdi horrek. 2012 Euskadik antolaturiko literatura-ekitaldi berezi hori Donostian, Gasteizen eta Bilbon egingo da ekainaren 7an, 8an, 9an eta 10ean, eta nazioarteko eta nazioko berrogeita hamar poeta ospetsu inguru egongo dira bertan, EAEko narratiba poetikoaren (euskaraz nahiz gaztelaniaz) ordezkari ugariz gain. “Jaialdiaren helburua”, Blanca Urgell sailburuaren hitzetan, “gure iraganean –aspaldikoan nahiz duela gutxikoan– hain presentzia handia izan duen indarkeriaren hizkuntza hitzaren bertsio eder eta zailena, hots, poesia, erabiltzeko arte preziatuarekin ordeztea da”.

‘Askoren Izenean: Pido la Paz y la Palabra’ Nazioarteko Poesia Jaialdia honako hauek aurkeztu dute: Eusko Jaurlaritzaren Kulturako sailburu eta 2012 Fundazioaren presidente Blanca Urgell andreak, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko zuzendari eta 2012 Fundazioaren idazkari Mikel Toral jaunak, Jaialdiaren literatura-aholkulari Kepa Murua jaunak, eta gonbidatu berezi gisa, Blas de Otero Fundazioaren presidente Sabina de la Cruz andreak. Horretaz gain, euskal poeta eta musikari José Blanco jaunak emanaldi labur bat egin du, Jaialdiaren barnean harturiko zenbait jarduera irudikatzeko erakusgarri soil gisa.

2012 Euskadiren aburuz, hitzaren, kantuaren, musikaren eta oro har, kulturaren bitartez estatu demokratiko plural baten oinarriak finkatzen dira.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburu eta 2012 Fundazioaren presidente Blanca Urgell andrearen hitzetan, “Euskadiko hainbat herriren —hala nola, Gernika, Durango, Otxandio, Eibar edo Bilboren— bonbardaketen 75. urteurrenaren efemeridea ospatzea, gaur egungo euskal jokaleku politiko eta sozialean indarkeriarik ez izatearekin batera, aukera ona da zenbait kultura-jarduera –esate baterako, Nazioarteko Poesia Jaialdi hau– garatzeko, eta horrela, hainbat musikari eta poeta biltzeko, betiere euskal herritarren inplikazioa bilatzen badute elkarrizketa, memoria, bizikidetza, bakea eta askatasuna bultzatzeko”.

Era berean, Blanca Urgell andreak honako hau ere adierazi du: “‘2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urte’ honetan, kultura-sortzaileei eta kultura-agenteei, eta orokorrean, euskal gizarteari deialdi bat egiten diegu, terrorismoa amaitzen, indarkeria deslegitimatzen, Euskadin askatasuna eta bizikidetza lortzen eta bizikidetzazko etorkizunaren oinarri gisa ezartzeko balio demokratikoak hedatzen laguntzeko deialdia, hain zuzen ere”.

‘Askoren Izenean: Pido la Paz y la Palabra’ Nazioarteko Poesia Jaialdiak nazioarteko hogei bat poeta eta nazioko eta EAEko hogeita hamar bat poeta bilduko ditu, EAEko hiru hiriburuetako 12 bat tokitan egingo da eta hainbat jarduera programatuko ditu, hala nola poesia-errezital eta antzezturiko emanaldi ugari, 9 poesia-kontzertu, 2 eztabaida- eta poesia-saio, kontu-kontalarien 3 saio (txikienentzat) edota poesia bisualeko erakusketak, besteak beste.

Jaialdiaren programazioari ekainaren 7an eta 8an emango zaio hasiera Donostian eta Gasteizen (aldi berean), eta ekainaren 9an eta 10ean Bilbon jarraituko du.
Donostiako San Telmo Museoan honako hauek egingo dira: Euskadiko Idazleen Elkartearen ‘Hitzaren eta oroimenaren eztabaida’, Luisa Etxenike andrearekin (Donostia), Willy Uribe jaunarekin (Bilbo) eta Alex Oviedo jaunarekin (Bilbo), euskarazko errezital bat Miren Agur Meabe idazlearekin (Lekeitio), eta ‘emakumezko poeten saio berezi bat’ bat, Werewere Liking andrearekin (Kamerun), Natalia Toledo andrearekin (Mexiko), Chiranan Pitpreecha andrearekin (Tailandia) eta Karen Connelly andrearekin (Kanada).

Bestalde, Gasteizek ere izango du presentzia Jaialdian, hiriko tranbian, Kultur Etxean, Andre Maria Zuriaren plazan eta Florida parkean kokaturiko Ignacio Aldecoaren estatuan musika-emanaldiak egingo baitira eta poemak irakurriko baitira. Nabarmendu beharrekoak dira poesiaren munduan ospe handia duten honako hauen jardunak: Amancio Prada jauna (Leon), Juan Carlos Mestre jauna (Leon), Álvaro Miranda jauna (Kolonbia), Jaime Franco jauna (Kolonbia) edo Antonio Tello jauna (Kolonbia).

Lehen bi egunak Donostian eta Gasteizen izango dira, eta horien ondoren, el ‘Askoren Izenean: Pido la Paz y la Palabra’ Nazioarteko Poesia Jaialdia Bilbora iritsiko da ekainaren 9an (larunbata); egun horretan, Auditoriumean nahiz Euskalduna Jauregiko 1. eta 3. aretoetan poesia-saioak egingo dira hiru ordutan baino gehiagotan, poesia-kontzertuak lau ordutan, Spoken Word-en gaueko saioa, ‘Afterpop Fernández & Fernández ’ izenekoa, Agustín Fernández Mallo eta Eloy Fernández jaunen eskutik, eta abar.

Ekainaren 10ean (igandea), hots, Jaialdia itxiko den egunean, poesia kalera aterako da, zehazki, Iturrizar Casilda parkera; horrela, hainbat emanaldi egingo dira Pergolan, Gabriel Arestiren omenezko estelan, parkeko Iturrian bertan, eta Bilboko Arte Ederren Museoko ekitaldi-aretoan. Egun osoan poesia-saioak eta poesia-kontzertuak egingo dira kalean bertan, eta baita txikienentzako kontu-kontalarien saioak ere.

Bilbon jokatuko duten poeten zerrenda luzea, nazioartekoa eta ospe handikoa da, guztiek jakintza handia baitute, eta horretaz gain, bibliografia egiaztatuak eta argitaraturiko eta hainbat hizkuntzara itzuliriko liburuak baitituzte: Douglas Dunn (Eskozia), Anne Crowe (Ingalaterra), Jack Hirschmann (Estatu Batuak), Pia Tafdrup (Danimarka), Karen Connelly (Kanada), Lello Voce (Italia), Nguyen Quang Thieu (Vietnam), Werewere Liking (Kamerun),  Ataol Behramoglu (Turkia), Zakaria Mohammed (Palestina),  Saadi Yousif (Irak),  Chiranan Pitpreecha (Tailandia),  Natalia Toledo (Mexiko),  Gabriel Jaime Franco (Kolonbia), Álvaro Miranda (Kolonbia), Cristina Peri Rossi (Uruguai), Antonio Tello (Argentina), Rafael Cadenas (Venezuela), Jose Fernández de la Sota (Bilbo), Bernargo Atxaga (Asteasu), Manuel Rivas (Coruña), José Blanco (Barakaldo), Iñaki Salvador (Donostia), Patxi Zubizarreta (Ordizia), GARI ( Legazpi), Isabel Pérez Montalbán (Kordoba), eta abar.

Aurkezpen-ekitaldian, gonbidatu berezi eta Jaialdiaren laguntzaile gisa, Blas de Otero Fundazioaren lehendakari Sabina de la Cruz andrea ere egon da, eta Blas de Otero poetaren poema bat deklamatzeaz gain, haren ondarea gogorarazi du. Orobat, euskal poeta eta musikari José Blanco jaunak ‘Un lenguaje total’ errezital musikalaren aurrerapen bat egin du; errezital hori hainbat autoretan oinarrituta dago, hala nola San Juan de la Cruz jaunarengan edo Federico García Lorca jaunarengan; horrela, ekainaren 9an eta 10ean Bilboko Euskalduna Jauregiko 3. aretoan eta Iturrizar Casilda parkean (hurrenez hurren) egingo dituen emanaldiak irudikatu ditu.

Bestalde, Kepa Murua jaunak egingo diren emanaldi moten xehetasunak eman ditu, zehazki, poesia-errezitalak, kontu-kontalariak, musika-emanaldiak, poesia bisualeko erakusketak, antzezturiko emanaldiak, eta abar; “askotariko hizkuntzetako eta tonuetako, hainbat nazionalitatetako poetek, adin desberdinetako gizon eta emakumeek, hitza, bakea eta tolerantzia maite dutenek eta Euskadira Afrikatik, Asiatik, Ipar Amerikatik, Latinoamerikatik eta Europatik datozenek” egingo dituzte emanaldi horiek guztiak.

Iruzkin bat
  • @loveof74
    2012.eko maiatzak 28

    Comentario de Twitter:
    @tipitto http://t.co/MJeU4opp

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejera de Cultura