Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

"Iritsi da Kantauriko altxorra"

2012.eko maiatzak 03

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Pilar Unzaluk “Iritsi da Kantauriko Altxorra” kanpaina aurkeztu du Donostian produktu horren kontsumoa, freskoan zein kontserban, bultzatzeko

Gaurdaino, aurtengo antxoa arrantza denboraldian, milioi bat baino gehiago kilo lurreratu dira gure portuetan eta kiloa 3,40 eurotan ordaindu da. Pilar Unzaluk esan duenaren arabera, orain bi urtetik hona, antxoaren arrantza berriro ireki zenetik, “normalizazioaren bidean gaude, arrantza sendotzen ari delako, gure merkatuetan zuen tokia berreskuratzen ari delako eta gure kontserba industriara behar adinako eta kalitatezko kantauriko antxoa iristen delako”

“Iritsi da Kantauriko Altxorra” kanpainaren helburua, “bost urtetan bere arrantza debekaturik egon eta gero merkatuetan, jatetxetan eta kontserba industrietan antxoak zuen tokia berreskuratzen laguntzea da”.

Pilar Unzaluk Donostiako portuan aurkeztu du kanpaina hori Jon Azkue, Arrantza eta Elikagai Industrietako sailburuordearekin eta kontserba industriako, arrantzale eta merkatuetako ordezkariekin batera.

Antxoaren arrantzaren normaltasunaren bidean lan egiteko 24.000 tonako kuota dagoela azpimarratu eta gero, dagoeneko gure portuetan 1.013.213 kilo lurreratu direla eta lonjan, bataz beste, kiloko 3,40 euro ordaindu direla gogoratu du. Guztira, gutxi gora behera, 3.450.000 euro. "Kostera, itsasoaren egoera zailengatik berandu hasi bada ere,  ekaina arte luzatuko da eta, beraz, orain arteko datuak berdintzea edota hobetzea espero dugu”, azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzak “Iritsi da Kantauriko altxorra” izeneko  kanpaina, arrantzale, bitartekari, kontserba enpresa, merkatari eta kontsumitzaileengana zabaldu du. Horregatik gogora ekarri du Pilar Unzaluk “kalitatezko arraina da antxoa, propietate izugarri onak ditu eta gainera, gure poltsikoaren neurrira aurkitu dezakegu merkatuan”.
Pilar Unzaluk azpimarratu du antxoa merkatuan berrindartze kanpainarekin batera beste hainbat ekimen egiten ari direla, eta horien artean garrantzitsuena, “Azti Fundazioarekin batera Espainian zein Europan urtetan eskatu izan dugun antxoaren AGB-a (adierazpen geografiko babestu) arautuko duen Araudiaren garatzea. Araudi horri esker gure antxoaren ezaugarri genetikoak eta teknikoak zeintzuk diren ezagutu ahal izango ditugu eta horrela beste toki batzuetako antxoarekin alderatu ahalko dugu”.

Pilar Unzaluk zuzentzen duen sailak, Azti-Tecnalia Fundazioaren bitartez Bizkaiko Golkoan dagoen antxoa biomasa zein den ezagutzeko maiatza honetan Bioman txostena egiten ari da itsasoan bertan. Ikerketa zorrotz horri esker, antxoa helduen arraultza jartze ahalmena, esparrua eta kopurua aztertzen ditu eta antxoaren biomasaren adineko bereizketa eta kontaketa egiten du.

“Ikerketa hori zientifikoki    TAC-a (urteko harrapaketa-kopurua) zehazteko Itsasoaren Ustiaketarako Frantziako Institutoak (IFREMER) egiten duen kanpaina akustikoaren osagarri da, batez ere, itsasoko baliabideak modu jasangarrian ustiaketa egiteko. Eta Eusko Jaurlaritzan beti defendatu izan dugu  kuoten erregulazioa horrela egin beharra dagoela, zientzilariek egiten dituzten txostenen bitartez”, azaldu du.

Joan den urtean 8.750 tona antxoa porturtatu ziren Euskadin eta guztira, 18 milioi euroko balioa izan zuen. Lonjan lortutako bataz besteko kopurua 2,06koa izan zen.

Iruzkin bat
  • @Jagospierre
    2012.eko maiatzak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Pilar Unzalu presenta la campaña 'Ha llegado el tesoro del Cantábrico' para promocionar la anchoa. http://t.co/ySfuHOfB

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Jon Azkue Manterola
    Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordea (IX legealdia)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)