
Euskal erakundeek jaietan eraso matxistarik gabe gozatzeko baliabide praktikoak jasotzen dituen gida banatu dute
- Beldur Barik Jaiak erakundeen arteko kanpaina jai-guneetan dauden gazteei zuzenduta dago, errespetuzko eta segurtasuneko giroa sustatzeko
- Emakundek gida argitaratu du hiru foru-aldundiekin eta EUDELekin lankidetzan
Emakundek, EUDELek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek gazteei zuzenduta dagoen Beldur Barik Jaiak kanpainaren berri eman dute gaur. Kanpaina horren helburua da gazteei baliabide praktikoak ematea indarkeria matxista identifikatzeko eta horri aurre egiteko, eta errespetuzko eta segurtasuneko giroa sustatzea jaietako eta gizarteko jarduera guztietan.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak; Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak; Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak; Óscar Seco Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarteratze zuzendariak; eta Esther Apraiz EUDELeko presidenteak parte hartu dute ekimenaren aurkezpenean.
Udaren hasierarekin batera hasten dira jaiak hainbat herrietan, eta testuinguru horretan, Emakundeko zuzendariak gogorarazi duenez, "badakigu eraso sexisten prebentzioa herritarren kezka dela, oro har, eta administrazioena, bereziki, prebentzioan dugun erantzukizunagatik".
Horregatik, Emakundek, hiru foru-aldundiekin eta EUDELekin lankidetzan, Beldur Barik gida argitaratu du, eraso matxistarik gabeko jaiez gozatzeko. EAEko udaletan banatuko den argitalpen honetan, errespetu-eremuak sortzeko jarraibideak jasotzen dira, baita eraso baten aurrean nola jokatu behar den adierazten dutenak ere, bai biktimarentzat berarentzat edota erasoa baten testigu izan direnentzat. Elgarrestaren esanetan, “herri bakoitzean erasoak prebenitzeko dinamikak eta prozesuak sortzea edota indartzea bilatzen dugu, jaietan zerikusia duten eragile guztiak inplikatuz”.
Gidak dekalogo bat ere badu, eraso matxistarik gabeko jaiez gozatu ahal izateko. "Azken helburua da pertsona guztiek jaiak beldurrik gabe eta askatasunean gozatu ahal izatea. Pertsona guztiekiko errespetua bermatzea, ezerk ez baitu justifikatzen eraso matxista bat ", azpimarratu du Miren Elgarrestak.
Konpromisoa eta erantzukizuna
EUDELeko presidente Esther Apraizek herritarren konplizitatea eskatu du erakundeekin elkarlanean aritzeko. "Gure jaietan poza nahi dugu, ez beldurra; errespetua eta berdintasuna nahi ditugu, diskriminaziorik eta indarkeriarik gabe". Eta gogorarazi duenez, gidak "kontzientziatzea bilatzen du, pertsona bakoitzak jakin dezan gorputzak ez direla baimenik gabe ukitzen. Ez dago festarik, ez dago dantzarik, ez dago balio duen topaketarik "bai" argi eta libre bat ez badago".
Ildo horretan mintzatu da Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatua ere. "Pertsona bakoitzaren erantzukizun eta konpromiso indibiduala eskatu behar dugu berriro ere, gazte guztiek errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako jaiez gozatzeko aukera izan dezaten". Eta indarkeria sexista detektatzeko eta horren aurrean jarduteko tresnak erabiltzera animatu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Nerea Isasik ere berretsi du "jaiek pertsona guztientzako gune seguruak izan behar dutela, bereziki emakumeentzat, eta ezin dela ospatu beldurra badago, askatasunik ez badago". Isasik gazteen zeregina azpimarratu du: "Sarritan, neska gazteak dira eraso matxisten aurrean zaurgarrienak, baina, aldi berean, gazteek kultur aldaketa bultzatzeko gaitasun handia dute: haien begirada kritikoa eta konpromisoa ezinbestekoak dira errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jai eredu bat eraikitzeko".
Bizkaiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailetik, Oscar Seco Zuzendariak azpimarratu du: “Plaza bakoitza, kale bakoitza, txosna bakoitza, emakume guztiek beldurrik gabe gozatzeko lekua izatea nahi dugu”. “Eta hori lortzeko, funtsezkoa da gure gazteek edozein indarkeria mota identifikatzeko eta geldiarazteko tresnak izatea”, gaineratu du.
Kanpainak presentzia izango du sare sozialetan eta irratietan, euskal gazterian zuzenean eragiteko. Materialak esteka honetatik deskarga daitezke.