
Euskadin prostatako populazio-baheketa egitea baloratuko duen ikerketa abiaraziko du Osakidetzak
GAUR, EKAINAK 11: PROSTATAKO MINBIZIAREN MUNDU EGUNA-
- Minbizi mota ohikoena da gizonen artean eta iaz gizonen heriotzen % 9,4 eragin zituen
- Osakidetzak 50 eta 70 urte bitarteko 10.000 gizon gonbidatu ditu ikerketa horretan parte hartzeko
- Osasun-sistemak dagoeneko martxan dituen parte-hartze tasa altuko hiru populazio-baheketei (bularrekoa, kolon-ondestekoa eta umetoki-lepokoa) gehituko litzaieke
Prostatako Minbiziaren Mundu Egunean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak prebentzioaren eta detekzio goiztiarraren garrantzia gogorarazi dute; hain zuzen ere, ekainean ikerketa bat jarriko du abian, populazio-baheketa bat egitea baloratzeko. Gaur egun, Osakidetzak minbizia goiz detektatzeko hiru programa aktibo ditu (bularrekoa, kolon-ondestekoa eta umetoki-lepokoa), eta funtsezkoak dira biziraupen eta bizi-kalitate handiagoa lortzeko.
Prostatako minbizia da gizonezkoen artean eragin handiena duen minbizia. Hil honetan, Osakidetzak 50 eta 70 urte bitarteko 10.000 gizonezko gonbidatu ditu, haien PSA maila —prostatako antigeno espezifikoa— aztertzen duen ikerketa batean parte hartzeko. Ondorioak jasotakoan, Osakidetzak baloratuko du populazio-baheketa berri bat egiteko aukera, prostatakoa, lehendik dauden hirurei gehituko litzaiekeena.
Izan ere, prebentzioa eta detekzio goiztiarra oso garrantzitsuak dira, minbizia Euskadin heriotza-kausa nagusi bihurtu den urte honetan; heriotza guztien % 27 dira. Hala, 150.000 minbizi atzeman zituzten 2024an, eta gaixoek batez beste 68 urte zituzten. Prostatako minbizia gizonezkoen artean nagusi izan zen, eta heriotzen % 9,4 eragin zituen.
Euskadi, baheketetan eta detekzio goiztiarrean aitzindaria
Euskal osasun-sistema aitzindaria da baheketak egiten, eta partaidetza-indize handiak ditu detekzio-programetan. Zehazki:
- Bularreko minbiziaren baheketa 50 eta 69 urte bitarteko emakumeei eta lehen mailako familia-aurrekariak dituzten 40 eta 49 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago, eta % 79,3ko partaidetza-tasa du (optimoa, Europako gomendioen arabera). 2024an, bularreko minbiziaren 715 kasu detektatu zituen, gehienak oso fase goiztiarretan eta pronostiko onarekin. 1995az geroztik, programak 12.663 tumore diagnostikatu ditu, gehienak fase goiztiarretan (% 84 tratamendu kontserbatzailearekin). Horrela, hilkortasuna % 16 murrizten eta biziraupenean eragin handia izaten lagundu du. Baheketa-adinean diagnostikatutako emakumeen biziraupena 5 urtera % 92,7koa da.
- Kolon-ondesteko minbiziaren baheketa, % 73ko parte-hartzearekin, 74 urtera arte luzatu da, eta horrek detekzioa % 25 handituko duela uste da. 2009an programa hasi zenetik, 4.519 tumore gaizto detektatu dira, % 71 hasierako estadioetan, eta, horri esker, tratamendu ez hain agresiboak eta biziraupen-tasa hobeak lortu dira. Detekzio goiztiarrak kolon-ondesteko minbiziagatiko hilkortasuna % 30 murriztu dezake.
- Umetoki-lepoko minbiziaren baheketa 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago, eta azterketa sakonagoa eta luzeagoa behar du; hala ere, gaur egun, tumorea diagnostikatzen zaien emakume parte-hartzaileen hilkortasuna % 3ra murriztea lortu du. Baheketa horren bidez detektatzen diren tumoreen % 70 hasierako estadioetan izaten dira, eta horrek nabarmen handitzen du biziraupena. GPBaren txertoak % 92tik gorako estaldura-tasak lortu ditu Euskadin, eta minbizi-mota hori prebenitzeko funtsezko beste tresna bat da.
Gainera, gogoratu behar da Biobizkaiak, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Osasun Ikerketarako Institutuak, LuCIA izeneko Europako proiektu aitzindari batean parte hartzen duela, biriketako minbiziaren baheketa goiztiarreko eredu bat aztertzeko. Euskadiko 1.400 herritar baino gehiago, hiru lurraldeetako boluntarioak —parte-hartze arrakastatsua da—, bildu dira diagnostiko goiztiarra errazteko eta arrisku-faktoreak identifikatzeko proiektu horretarako. Programari esker, osasun ikerketarako institutuak estadio goiztiarrean dauden hiru minbizi diagnostikatu ditu.
-
2025-06-11
Comentario de X:
👉🏼 Osasun-sistemak dagoeneko martxan dituen parte-hartze tasa altuko hiru populazio-baheketei (bularrekoa, kolon-ondestekoa eta umetoki-lepokoa) gehituko litzaieke -
2025-06-11
Comentario de X:
👉🏼 Se sumaría a los tres cribados poblacionales -mama, colorrectal y cérvix-, que ya tiene en marcha el sistema de salud con tasas de participación altas