
Osasun Sailak proposamen bat jarri du Itunaren mahai gainean, lankidetza publiko-pribatuari buruzko adostasuna % 100koa izateko, euskal sistema publikoa, haren ekitatea eta iraunkortasuna indartuko direla bermatuta
- Alberto Martínez Osasun sailburuak uste du lortutako akordio-maila historikoa herrialde mailako konpromiso batean gauzatu behar dela, pazienteen beharrei erantzuteko gai izango den eredu batez hornitu ahal izateko
- Mahaiak Sailak egindako proposamen integratzailea aztertzeko eskatu die eragileei, taldean adostasunik ez dagoelako. Proposamen horren helburua euskal osasun-sistema publikoa indartzea eta modernizatzea da, pazientea erdigunean jarriz eta lankidetza publiko-pribatua aintzat hartuz, balio erantsia dakarrenean
- Ekainaren 27an egingo da hurrengo bilera, eta konfiantza du eragile parte-hartzaileek erakutsitako lanean eta erantzukizunean. Izan ere, apirilaren 7an, Osasunaren Mundu Egunean, laugarren faseari —jarraipena eta ebaluazioa— ekiteko kapital nagusia dira
Euskal sistema publikoa indartzea eta modernizatzea, efizientzia-, ekitate- eta kalitate-printzipioen arabera, epe luzerako iraunkortasuna bermatuta eta pazienteak erdigunean jarrita. Horixe da Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak Osasun Ituneko Mahaiko eragileei gaur egindako proposamenean jasotako helburua, talde horretan lankidetza publiko-pribatuaren inguruan lortutako edukien adostasuna % 80tik % 100era zabaltzen saiatzeko. Puntu hori da Euskadiko osasungintzarako eta euskal gizartearentzako akordio historikoa ixteko geratzen den gai bakarra.
Izan ere, Osasuneko sailburuaren ustez, prozesu berri honetan lortutako adostasun-maila izugarria da. Horri esker, diagnostiko bat, etorkizuneko sistemaren printzipioak eta balioak, definitutako 24 lerro estrategikoetatik 22, 150 helburu eta adierazle baino gehiago eta 300 ekimen inguru adostu dira. “Gizartearen beraren ondarea da, eta pazienteen beharrei erantzuteko gai izango den eredu batez hornitzea ahalbidetuko duen herrialde-konpromiso batean gauzatu behar da", azpimarratu du.
Hori dela eta, gaur, Gasteizen egindako hitzarmenaren hamargarren saioan, erabateko adostasunik ez dagoenez, Osasuneko sailburuak berak egin du proposamen integratzaile hau, eragile parte-hartzaileek azter dezaten.
Testu berriak honako hau dio helburuan: “Euskal sistema publikoa indartzea eta modernizatzea, efizientzia-, ekitate- eta kalitate-printzipioen arabera, epe luzerako iraunkortasuna bermatuta eta pazienteak erdigunean jarrita. Lankidetza publiko-pribatua kontuan har daiteke balio erantsia dakarrenean, zerbitzua emateko beste modu batzuen aldean”.
Helburu hori lortzeko, hainbat ekintzarako ildo proposatu dira:
- Operadore pribatuek parte hartzen duten zerbitzuen inbentarioa egitea, hauek barne: kontratuak, itunak, hitzarmenak, dirulaguntzak eta bestelako tresnak.
- Lankidetza publiko-pribatuko esperientzia bakoitza ebaluatzea, hauen bidez: kostu konparatiboen azterketa, asistentziaren kalitatean duen eragina (PREMen eta PROMen bidez neurtuta), ekitatean eta irisgarritasunean duen eragina, eta arrisku fiskalen eta kontratu-arriskuen ebaluazioa.
- Zerbitzuak sailkatzea hauen arabera: Kritikoak/estrategikoak: sistema publikoak zuzenean eman behar dituenak. Azpikontratagarriak: soilik justifikazio teknikoa, ekonomikoa badago eta aldi baterako baldin bada. Ezabagarriak/birbarneragarriak: eraginkortasun ezagatik, ekitate ezagatik edo gehiegizko kostuagatik.
- Planifikatzeko eta kontratatzeko ahalmen publikoa indartzea: horretarako, lankidetza publiko-pribatuaren bideragarritasuna aztertzeko irizpide eta prozedura estandarizatuak ezartzea eta unitate teknikoa indartzea, inbertsio-proiektuak eta lankidetza publiko-pribatuko erabakiak ebalua ditzan, interes publikoaren ikuspegitik.
- Euskadiko osasun-arloko lankidetza publiko-pribatua arautzeko arau-esparrua egokitzea, iraunkortasun-, efizientzia- eta ekitate-printzipioekin.
Dokumentuak, halaber, honako adierazle hau barne hartzen du: osasun-gastuaren zer ehuneko erabiltzen den zerbitzuak lankidetza publiko-pribatuko ereduren baten bidez emateko, zerbitzuen kalitatea eta irisgarritasuna, sistema publikoaren iraunkortasun finantzarioa eta gardentasuna eta kontu-ematea bermatuta. Ildo horretan, gaur egungo zifra (% 6) ez gainditzea da helburua.
Aldatutako 1. helburuaz gain, ildo estrategiko honek beste helburu batzuk ere baditu, hala nola profesionalek eta herritarrek kontratazio-prozesuetan parte hartzea; bermatzea prestazioen kalitatea sektore publikoan eta pribatuan homogeneoa izango dela; gastu publiko efizientea ziurtatzea; eta gardentasuna eta gobernu ona administrazioak izapidetzen dituen kontratu, dirulaguntza eta hitzarmenei dagokienez.
ZERBITZU-ZORROA
Itunaren Mahaiaren hamargarren bileran, halaber, zerbitzu-zorro irisgarri eta ekitatiborako oinarriak finkatu dira, eta helburu du: pertsona eta humanizazioa ardatz nagusi izatea, baliabide publikoak lurralde guztietarako lehenestea, eta biztanleria zaurgarriena, genero-ikuspegia eta parte-hartzea kontuan hartzea. Ildo estrategiko horren helburua da ere:
-Komunitate-zerbitzuen zorroa zabaltzea, osasunaren prebentzioa eta sustapena ardatz hartuta, osasun-arloan lehen mailako arreta eta gizarte-arreta sendotuta, eta rol, profil eta funtzio profesional berriak txertatuta.
-Osasun-teknologia eta -berrikuntza berriak modu jasangarri eta ekitatiboak txertatzeko eta aprobetxatzeko eredu bat sortzea, osasuna sustatzeko eta gaixotasuna prebenitu eta laguntzeko.
-Zerbitzu-zorroa osasun-beharrekin lerrokatzea, hura eraginkortasunez ezartzeko behar diren giza baliabideen dimentsionamendua eta banaketa egokituta, profil profesionalak identifikatu, txertatu, gaitu eta haien funtzioak definitu direla ziurtatuta.
-Zerbitzu-zorroan, osasun-sistema publikoaren berezko laguntza-taldeen barruan, honako hauek berariaz bultzatzea: ikusmen-osasuna, entzumen-osasuna, funtzionalitate fisikoa, osasun mentala, aho-hortzetako osasuna, gaixotasun minoritarioen laguntza eta gizarte- eta hezkuntza-zerbitzuekiko koordinazioa eta jarraipena.
-Herritarrek, profesionalek, pazienteek eta elkargo profesionalek zerbitzu-zorroarekin lotutako erabakietan duten parte-hartzea indartzea.
ERAGILEAK AITORTZEA
Alberto Martínez Osasuneko sailburuak konfiantza du eragile parte-hartzaileek erakutsitako lanean eta erantzukizunean. Izan ere, apirilaren 7an, Osasunaren Mundu Egunean, laugarren faseari —jarraipena eta ebaluazioa— ekiteko kapital nagusia dira.
Beste behin ere, Alberto Martínezek bere esker ona adierazi nahi izan die Itunean parte hartzen duten eragileei —hurrengo bilera ekainaren 27an egingo dute—, bai pazienteen elkarteetako ordezkariei, bai osasun arloko adituei: Medikuen, Erizainen, Farmazialarien, Psikologoen, Odontologoen, Optiko eta Optometristen, Gizarte Langileen, Fisioterapeuten, Biologo eta Albaitarien elkargo ofizialei, Medikuen Sindikatuari, SATSE eta SAEri; baita alderdi politikoei, sindikatuei, Confebaski eta unibertsitateei (UPV/EHU, Deustu eta Mondragon Unibertsitatea) ere.
-
2025-06-11
Comentario de X:
📌 Osasun Sailak proposamen bat jarri du Itunaren mahai gainean, lankidetza publiko-pribatuari buruzko adostasuna % 100koa izateko, euskal sistema publikoa, haren ekitatea eta iraunkortasuna indartuko direla bermatuta







