qrcode

Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestuen inbertsioa eta iraunkortasuna handituko duten politika berriak garatzen laguntzea hitzartu dute

2025-06-09
  • Euskal Autonomia Erkidegoa izan da Isabel Rodríguez ministroarekin 2026-2030 aldirako Etxebizitzari buruzko Estatuko Akordioaren esparruan bildu den lehen autonomia erkidegoa, joan den ostiralean Bartzelonan egindako Presidenteen Konferentziaren ondoren
  • Denis Itxaso sailburuak eskertu egin du Espainiako Gobernuak eremu tentsionatuetara bideratutako 5,5 milioi euroko ezohiko finantzaketa, eta iragarri du bere sailak “6.500 etxebizitza eta zuzkidura-bizitoki berri inguru eraikiko dituela hemendik 2031ra, eremu tentsionatuetan edo hala deklaratzea aurreikusten den eremuetan”

Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak aldebiko lehen bilera egin dute gaur goizean Madrilen, joan den ostiralean Bartzelonan egindako Presidenteen Konferentziaren ondoren. Bilera hartan, bost autonomia-erkidegok —Katalunia, Euskal Autonomia Erkidegoa, Asturias, Nafarroa eta Kanariak— adierazi zuten prest zeudela etxebizitza-gaietan elkarrekin lan egiteko beste bide bat zabaltzeko. Bilera Isabel Rodríguez ministroak zuzendu du, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Etxebizitzako sailburuordeak Miguel de los Toyosek parte hartuta.

Euskal Autonomia Erkidegoa izan da lankidetza-dinamika berri hori aktibatzen lehena —lankidetza hori 2026-2030 aldirako Etxebizitzaren Estatu Akordioaren eraikuntzaren barruan kokatzen da—.Sailburuaren hitzetan, urrats horrek Eusko Jaurlaritzaren borondatea erakusten du: “Autonomia Erkidegoetako Presidenteen Konferentziatik sortu berri den lankidetza-gune ireki horretan parte hartzeko eta bere irizpidea eta esperientzia emateko borondatea, etxebizitza babestuaren arloko politikak eta aurrekontuak aurrera eramateko”. Gogoratu du, gainera, horrek “azpiegitura sozial estrategikoa” osatzen duela, eta Euskal Autonomia Erkidegoan “erreformak eta finantziazio-formula berriak garatzen ari direla azpiegitura hori handitzeko eta 2036ko Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren helburuak bete ahal izateko”.

Eremu tentsionatuak: 5,5 milioi gehiago arazoa konpontzeko

Bileran, ministroak eta sailburuak bi administrazioak elkarrekin lanean ari diren beste gai batzuk ere jorratu dituzte. Horietako bat Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Legea aplikatzea da; lege horren bidez, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi 11 udalerri eremu tentsionatu izendatu ditu edo izendatzeko prozesuan dago.

Adierazpen horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoak 5,5 milioi euroko aparteko partida jasoko du, egoera hori konpontzeko beharrezko neurriak hartu ahal izateko.

Itxaso sailburuak jakinarazi duenez, “Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 6.500 etxebizitza eta zuzkidura-bizitoki berri inguru eraikiko ditu hemendik 2031ra, eremu tentsionatutan edo hala deklaratzea aurreikusita dagoen eremuetan”.

Figura juridiko horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak indartu egiten du etxebizitza babestura zuzendutako finantzaketa, eta honako helburu hau du: datozen urteetan 6.500 etxebizitza berri sustatzeko asmoarekin bat etorriz, zuzkidura hori handitu ahal izatea Espainiako Gobernuaren hurrengo aurrekontu-ekitaldietan. Ekimen horren helburua da bi administrazioek partekatzen duten erronka nagusietako bati erantzutea: merkatuak gehien presionatzen dituen lurraldeetan etxebizitzen eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka berreskuratzea.

Etxebizitza iraunkorra, Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategiko industriala eta datu-bankua

Sailburuak azpimarratu duenez, etxebizitzarako eskubidearen aldeko Estatuko legearen aplikazioak "baterako gobernantzarako aukera berriak irekitzen ditu, autonomia-erkidegook transferituta dugun gai batean".  Adierazi duenez, filosofia hori Eusko Jaurlaritzak berak ere aplikatzen du udalekin. Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoak hiri eta herri tentsionatutan babes ofizialeko etxebizitza berriak eraikitzeko proiektuak aurkeztu ahal izatea proposatu dio ministroari. “Hori da bide nagusia etxebizitzen eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka berrorekatzeko eta tentsionamendutik atera ahal izateko”, esan du.

Imanol Pradales lehendakariak Presidenteen Konferentzian aurreratutakoaren ildotik, Itxasok proposatu du Euskal Autonomia Erkidegoak etxebizitzetan inbertitzeko Estatuko programetan parte hartu ahal izatea, baldin eta etxebizitza hori modu iraunkorrean babestutzat jotzen bada. “Baldintza hori Euskal Autonomia Erkidegoak betetzen du 2003tik, eta horri esker dugu Espainiako etxebizitza babestuen parkerik sendoena, termino erlatiboetan”.

Etxebizitza industrializatuaren Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoa hedatzeko euskal partaidetza izan da landutako beste gaietako bat. “Euskal Autonomia Erkidegoak enpresa-tradizio handia du eraikuntzaren sektorean, eta industria gure DNAren parte da”, azaldu du. Hori dela eta, eredu industrializatuago baterako trantsizio horretan euskal enpresei laguntzeko asmoa adierazi du, Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoak gaitutako baliabideak aprobetxatuz.

Higiezinen merkatuaren gardentasuna izan da bileraren beste ardatz nagusi bat. Bi administrazioek bat egin dute Estatuko datu-banku bat osatzeko beharrarekin, sektore horren jokabideari buruz “argitasuna eta gardentasuna” emateko. Itxasok Etxebizitzaren Euskal Behatokia —20 urteko esperientzia metatzen du— jarri du erreferentzia gisa, baita Bizilagun programa ere, alokairuaren fidantzen euskal gordailua, errentamendu merkatuari buruzko datuak denbora errealean eskaintzen dituena. “Ezagutza hori estatu-mailako datu-banku handi baten zerbitzura jarri nahi dugu, merkatuaren benetako bilakaera ezagutzeko, aieru edo alarmismo interesatuetatik harago. Hori funtsezkoa da, eta beste produktu eta zerbitzu estrategiko batzuekin ere hala gertatzen da”.

Azkenik, Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintzaren arloko Presazko Neurrien Lege Proposamenaren edukiak —gaur egun Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari dira— ministroari aurkezteko aprobetxatu du sailburuak bilera. “Etxebizitzaren balio-kate osoan epeak eta eskakizunak arindu, malgutu eta laburtzera” bideratutako araua da, baita “etxebizitza babestura bideratutako lurzoruaren euskal erreserba handi bat osatzera” ere.

Iruzkin bat
  • Argazkia Xaver
    2025-06-10

    Ezkutuko gela-alokairuen irregulartasun posibleak azaleratzea, zergarik ez aitortzeaz gain, etxebizitzaren eta alokairuaren prezioa artifizialki handitzen dute.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Isabel Rodríguez (Etxebizitza eta Hiri Agenda ministroa)