
Lehendakariak berretsi egin du Euskadik Estatuarekin duen aldebiko harremanarekin konpromisoa, euskal gizartearen interesak defendatzeko
- Presidenteen Konferentziaren porrota deitoratu du Imanol Pradalesek, “ikuskizun negargarri eta lotsagarria” bihurtu baita
- “Foro ofizial guztietan euskaraz normaltasunez hitz egiten jarraituko dut”, azpimarratu du Lehendakariak
Lehendakariak gaur arratsaldean berretsi egin du Euskadik Estatuarekin duen aldebiko harremanean duen konpromisoa, eta datozen asteetan hala jarraituko duela esan du: aldebiko batzorde berri bat egingo da, euskal agendarekin lotutako gaietan lan egiteko. Imanol Pradalesen hitzak Pedro Sánchez Espainiako gobernuko presidenteak deitutako Presidenteen Konferentzia amaitu ostean; Lehendakariaren iritziz ikuskizun “onartezina eta lotsagarria” izan da.
“Ezin dut ukatu erabat etsita eta triste noala konferentziatik. Foro honen aurretik eta bitartean gertatu dena oso kezkagarria da. Izan ere, politika ulertzeko modu horrek akordioak lortzea oztopatzen du, bizikidetza demokratikoa hondatu eta konfrontazio-giro antzua elikatzen du. Hala adierazi dut nire hitzaldiaren hasieran ere, eta gaur bildu garen ordezkari publiko guztioi eskatzen zaigun erantzukizun-zentzuari egin diot erreferentzia”, hasi du bere balorazioa Imanol Pradalesek.
Halako egoerak ikusita, deitoratu duenez, herritarrak dira galtzaile. “Beti esan izan dut Euskadiren interesak, hau da, euskal herritar guztien interesak jokoan dauden leku guztietara joango naizela. Gu errespetu instituzionalagatik etorri gara, eraikitzeko eta proposamenak luzatzeko asmoz, baina gaur gertatutakoa ikusita, ez dakit itzultzeak merezi duen”, adierazi du.
“Errespetu falta onartezina”
Euskaraz hasi eta Isabel Díaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak alde egin duenean, edo beste presidente batzuek bere proposamenen itzulpena entzuteari uko egin diotenean, Lehendakariak uste du errespetu falta “onartezina” izan dela, eta uneko protagonista izatea baino harago doala.
Bere ustez, horren atzean “gizartea ulertzeko modu intolerante eta kolorebakarra dago; alegia, ezberdina den hori ukatu eta baztertzen duen identitate hegemonikoa”. “Pentsamolde anakroniko eta atzerakoi horrek gure historiako unerik ilunenak ekartzen dizkigu gogora. 1937an, agintari frankistek Donostian ohartarazten zutenez: “gaztelania ez beste hizkuntzak eta dialektoak hitz egiteko debekuari buruz xedatutakoa urratzen duen oro salatu egingo da”, eta euskara “Patria desegiteko kausa” dela gaineratzen zuten.
Jarrera horiek gorabehera, Lehendakariak ohartarazi du Jaurlaritzaren jardunak euskal hizkuntza eta kultura defendatzen jarraituko duela, berdintasuna oinarri. “Euskaraz normaltasunez hitz egiten jarraituko dut foro ofizial guztietan eta pertsona guztien hizkuntza aukeratzeko eta erabiltzeko askatasuna defendatzen, salbuespenik gabe. Izan ere, zer nolako askatasuna aldarrikatzen du norbaiti hitz egin nahi duen hizkuntza aukeratzeko askatasuna ukatzen dionak? Nik ez dut bizi nahi kañak ‘askatasunean’ hartu bai, baina zure hizkuntzan askatasunez erabili ezin duzun herrialdean”, adierazi du.
Egindako proposamenak
Proposamenei dagokienez, Lehendakariak lehentasunezko hainbat esparru jorratu ditu, hala nola trantsizio energetikoa eta deskarbonizazio industriala, eta euskal sare elektrikoaren hornidura bermatzeko beharra. “2014az geroztik, legeak sare elektrikoetako inbertsioa mugatzen du, eta dagoeneko ondorioak pairatzen ari gara: 117 euskal enpresa daude zuzenean kaltetuta, eta 75.000 enplegu baino gehiago arriskuan, beharrezko inbertsioak egiten ez badira”, adierazi du Pradalesek.
Ildo horretan, Pradalesek helarazi duen proposamenak hiru oinarri ditu. Alde batetik, sare elektrikoen planifikazio epeak bost urtetik bi urtera murriztea, Europako araudiak ezartzen duen bezala. Bestetik, sareetako inbertsioa lehenestea irizpide objektiboetan oinarrituta, hala nola industria elektrointentsiboaren benetako pisua kontuan hartuta. Eta, azkenik, sareetako inbertsio-mugak handitzea, deskarbonizazioari lotutako industria-proiektuak premiaz aktibatzeko salbuespenezko tresna baten bidez.
“Eusko Jaurlaritza prest dago inbertsioaren zati bat gain hartzeko: kudeaketa-agindu baten bidez, lanak aurreratu eta, ondoren, adostutako finantza-mekanismo baten bidez deskontatu daitezke. Proposamen zehatza, errealista eta premiazkoa da, gure industriaren lehiakortasuna bermatzeko eta deskarbonizazioaren helburuak betetzeko”, defendatu du Lehendakariak.
Migrazioaren kudeaketari dagokionez, Fernando Clavijo Kanarietako gobernuko presidentearekin batera “erantzun estrukturala, ez adabakiak” eskatu du Lehendakariak. “Migrazio Politikarako Estatu Plan integrala, humanitarioa eta iraunkorra eskatu dugu. Epe luzerako helburuak zehaztuko dituen plan bat, eskubideak eta betebeharrak bermatuko dituena, eta migrazioaren kudeaketari egonkortasuna eta koherentzia emango dizkiona Estatu osoan”, azpimarratu du Pradalesek, eta gai horrek ere hainbat Autonomia Erkidegoren babesa jaso du.
Etxebizitzari dagokionez, Lehendakaria bat dator “eskaintza publiko zein pribatua handitzeko beharra”rekin, eta etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko hainbat neurri mahaigaineratu ditu.
Hezkuntzari buruz, Pradalesek "beken arloan eskumena errespetatzeko" eskatu du, eta, bestalde unibertsitateko irakasleak akreditatzeko gaitasuna bermatzeko eskatu du. Era berean, eskatu du 0-3 urte bitarteko plazen eredua behar demografikoen arabera zehaztu ahal izatea, eta aldez aurretik argitzea Lanbide Heziketarako Estatuko funtsen eskuragarritasuna 2026rako.
Azpiegiturei dagokienez, Imanol Pradalesek Euskadirentzat funtsezkoak diren bi gai jorratu ditu: EAEko errepideen foru-sarea Europako SEM funtsen banaketatik kanpo uztea eta Euskal Y-a amaitzeko lanak bizkortzea.
Azkenik, osasun arloari dagokionez, profesionalen faltari aurre egiteko neurriak hartu behar direla azpimarratu du. “Euskara jakitea BAMEn sartzeko komunikazio-trebetasunen parte izan dadin baloratzea proposatu dugu. Helburua da Osakidetzan ezarritako helburuak betetzea, pazienteei arreta hobea eskaintzeko gure herrialdeko bi hizkuntza ofizialetan”, adierazi du Lehendakariak.