Berriak Herrizaingoa
Eu

Memoria eta Bizikidetzari buruzko Biltzarra egingo da Bilbon, maiatzaren 14tik 20ra bitartean

2012.eko maiatzak 02

Hamabi lan paneletan egituratu dute, eta EITBren instalazioetan egingo dute

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak antolatutako Memoria eta Bizikidetzari buruzko Biltzarraren xedea terrorismoaren astindua eta askatasun gabezia pariatu duten pertsonen memoria jasotzea da; horrez gain, terrorismoa deslegitimatu eta bizikidetza finkatzeko esperientziak eta proposamenak aztertu nahi dituzte bertan. Biltzarra Bakea eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtearen barruan kokatzen da, eta tolerantzia, askatasuna, pluraltasuna, memoria eta justiziaren balio etiko eta demokratikoetan oinarritutako gizarte berri baten oinak finkatzeko abiatutako ekimenetako bat da, iragana ahaztu gabe etorkizuna eraikitzeko. Egitasmoa Bilbon izango da maiatzaren 14tik 20ra, eta mundu osoko espezialista eta aditu ugari elkartuko dira bertan.

Biltzarra inauguratzeko ekitaldia maiatzaren 14an izango da, goizeko hamaiketan, eta Patxi López lehendakaria eta Cecilia Malmström Europako Barne komisarioa izango dira ekitaldiko buru; halaber, Jesús Loza Elkarbizitza eta Memoria Sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren arduraduna eta Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria ere haiekin batera izango dira. Irekiera ekitaldia EITB taldearen instalazioetan izango da, Bilbon, baita biltzarra bera ere.

Memoria eta Bizikidetzari buruzko Biltzarra panel deitutako lan saioetan dago egituratuta, eta horien bidez terrorismotik eta askatasun gabeziatik eratorritako arazoen alderdi zehatzak aztertuko dituzte. Panel bakoitzaren inguruan zenbait gonbidatu bilduko dira, gai jakin bati buruz eztabaidatzeko; debate bakoitzean moderatzaile bana egongo da, koordinatzeko. Eztabaidetan parte har dezaten gonbidatu direnen artean daude, besteak beste, Txileko senatari Isabel Allende, Israeleko ministro ohi Shlomo Ben Ami, edota José Pedro Pérez Llorca diputatu ohia, Espainiako konstituzioaren aitatzat jo dena; horrez gain, prozesu historikoen arloko nazioarteko adituak ere gonbidatu dituzte, tartean nazien mendeko Alemania, RDA zaharra, Sobietar Batasun ohia, Jugoslavia zaharreko garbiketa etnikoa, Txile eta Argentinako diktadurak, eta beste prozesu batzuetako adituak, alegia.

Eztabaidetan, biktimen elkarte, talde bakezale eta unibertsitate arduradunak, soziologoak, teologoak, edota kazetariak solaskide izango dituzte, Iñaki Gabilondo tartean, baita euskal hedabide nagusietako zuzendariak ere. Prestigio profesional nabarmena duten euskal kazetarien talde batek egingo ditu moderatzaile lanak.

Biltzarra inauguratu ondoren, astelehenean bertan, eguerdi aldera, lehenengo panelari ekingo diote, Biktimak, testigantza eta bizikidetza gaia ardatz hartuta. Arratsaldeko seietatik aurrera, ostera, bigarren panela garatuko dute, Bizikidetzarako esperientziak gaiari buruzkoa.

Asteartean, Hedabideak, memoria eta bizikidetza eta Diktaduratik demokraziara izenburuak dituzten panela landuko dituzte goizean eta arratsaldean, hurrenez hurren. Asteazkenean, aldiz, Pentsamendua, gizartea eta bizikidetza eta Beste esperientzia batzuk beldurraren aurrean gaiak jorratuko dituzte. Ostegunean, Kultura eta bizikidetza eta Gazteak eta bizikidetza gaien txanda izango da. Ostiralean Memoriaren politika: berriz ez gertatzeko etika gaia landuko dute. Larunbatean Terrorismotik bizikidetzara eta Bizikidetzarako hezkuntza izango dituzte hizpide. Biltzarraren azken egunean, igandean, panela Memoria zentroei buruzkoa izango da.

Biltzarra igandean, maiatzak 20, hamabi eta erdietan bukatuko da, eta horretarako Jorge Fernández Barne ministroa eta Herrizaingo sailburu Rodolfo Ares bertan izango dira; bidenabar, Bilboko alkate Iñaki Azkuna eta Inés Ibáñez de Maeztu Giza Eskubideen zuzendaria ere lagun izango dituzte ekitaldiari amaiera emateko.

Iruzkin bat
  • @vali_vali_
    2012.eko maiatzak 02

    Comentario de Twitter:
    Bilbao acogerá el Congreso sobre Memoria y Convivencia (14-20 de mayo) http://t.co/e334tm5K #memoriayconvivencia

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Rodolfo Ares, Jesús Loza