Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Bukatu da Mutrikuko Mijoa Industrialdeko zabalkuntza, 6 milioiko inbertsioa eskatu duena

2012.eko apirilak 30
  • Industrialdearen bigarren faseak enpresen eskura jarri ditu 5.200 metro karratuko azalera duten 9 pabilioi.
  • 1988tik hona, Deba Beheko Industrialdeak 5 industrialde egin ditu lau herritan eta 34 milioi eurotik gora inbertitu du enpresa sustapeneko ekintzan.
  • Gipuzkoako bost industrialdeetan 106 enpresa eta 1.442 langile ari dira lanean.

Deba Beheko Industrialdea, S.Ak. -SPRI taldeko Azpiegitura Arloan sartua dagoenak eta bazkide dituenak SPRILUR, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Deba Beheko zenbait udal- bukatu du Mutrikuko Mijoa II Industrialdeko zabalkuntza-lanen lehen fasea, 6,1 milioi euroko inbertsioa eskatu duena. Fase hori bukatu ondoren, eskualdeko enpresa sareak eskura ditu 5.168 metro karratuko azalera duten 9 nabe modular berri.

Mijoa I osorik okupatuta geratu zenean, gehienbat Mutriku eta Ondarroako arrantza eta kontserba sektoreko industriekin, ikusi zen eskualdeak industria lurzoru gehiago izateko premia gorria zeukala eta erabaki zen industrialdea handitzea. Mutrikuko udalarekin lankidetza hitzarmen bat sinatu ondoren, Deba Beheko Industrialdea, S.A.k 2006ko abenduan abiatu zituen industrialde hori handitzen hasteko tramiteak; baina lanak ez ziren hasi 2011ko maiatzera arte. Mijoa industrialdearen zabalkunde-eremuak 49.543 m2 ditu eta exekuzioko lehen fasean 14.268 m2. okupatu dira. Fase honetan 11 metroko altuerako 9 nabe modular eraiki dira, 360 m²ko sei modulutan eta 610 m²ko hiru modulutan banatuak. Pabilioi guztiak malguak dira eta enpresen neurri eta kokapenari egokitzeko modukoak.

Mijoa GI-368 errepidearen ondoan dago, Mutriku eta Ondarroaren arteko kokagune oso egoki batean. Pabilioiak hormigoi armatuzko egitura aurrefabrikatuz eta itxiturak aurrefabrikatutako panelez egin dira. Estalkia DEC motakoa da, eraikinen kalitatea eta iraunkortasuna handitzen duen estalki sistema bat alegia.

Lanak 10 hilabetean egin dira (2011ko maiatzetik 2012ko martxora bitartean) eta 6,1 milioi euroko inbertsioa eskatu dute.

Orain arte Industrialdean kokatzeko interesa agertu duten enpresak ontzigintza, elikadura, arrantza eta kontserbagintza, automobilgintza, hornidura eta arotzeria sektoreko enpresak dira. Okupatu gabe geratzen diren tokiei buruzko informazioa jakin nahi duenak web orri honetan dauka eskura:

http://www.sprilur.es/plano/?idpol=76&lang=eu

Mutrikuko Mijoa Poligonoaren lehen fasea 1996. urtekoa da. Garai hartan industria jarduerarako espazioen eskabide handia zegoen, batez ere arrantza munduarekin lotutako enpresa traktoreen aldetik. Lehen fase hartan atondutako 44.032 m²etan lurzoru urbanizatuko 16.623 m² prestatu ziren eta 8.947 m² pabilioi eta 821 m² bulego eraiki. Une honetan, Mijoa I poligonoan badira 27 enpresa eta 256 langile. Aldi hartan 5,7 milioi euroko inbertsioa egin zen.

28 URTE ENPRESEN JARDUERA SUSTATZEN

Deba Beheko Industrialdea S.A. Sozietatea 2007an sortu zen, Deba Beheko eskualdean enpresa jarduera sustatzen zuten hainbat sozietate (Eibarko Industrialdea, S.A., Mendaroko Industrialdea, S.A. eta Mutrikuko Industrialdea, S.A.) elkarrekin batu zirenean. Sozietate horiek 1984tik ari ziren lanean eskualde horretan, Industrialdeak Programaren babesean, eta 5 industrialde dituzte eginak kokalekutzat dituzten lau herrietan: Azitain (Eibar), Ibaitarte eta Albitxuri (Elgoibar), Erramone (Mendaro) eta Mijoa (Mutriku).

Deba Beheko industrialde horiek 28 urte daramatzate dagoeneko sustapen publikoa egiten. Epe horretan 39,8 milioi euroko inbertsioa egin dute eta guztira 322.947 m²ko azalera kudeatu dute: 63.918 m² lurzoru urbanizatu, 55.300 m² pabilioi modular eta 3.745 m² bulego. Guztira, 106 enpresa eta 1.442 langile ari dira lanean bost poligono horietan.

2012ko apirilaren 30ean

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko