Berriak Osasuna
qrcode

Osasun Sailak, Osakidetzak eta farmazialariek GIBaren diagnostiko goiztiarraren garrantzia azpimarratu dute

2025-06-05
  • Euskal farmazietan egindako GIB-proben beherakada dela eta
  • 2015-2019 aldian, EAEko farmaziek 12.368 proba azkar egin zituzten; 2019-2024 aldian, berriz, 5.092. Covid19 pandemiaren ondorioz bat-batean gertatu zen beherakada, eta gaur egun ere hala jarraitzen du.
  • Zifra horiek ikusita, Osasun Sailak, Osakidetzak eta Euskadiko Farmazialarien Kontseiluak herritarrei gogorarazi diete prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra funtsezkoak direla gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko, eta programa berrabiarazteko informazio-materialak eguneratu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak eta Euskadiko Farmazialarien Kontseiluak prebentzioaren garrantzia azpimarratu dute, baita haren diagnostiko eta tratamendu goiztiarrarena ere, GIBa duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Ildo horretan, herritarrei gogorarazi diete, hainbat baliabideren artean, GIBaren infekzioa bermeekin detektatzeko proba azkarra egiteko baimena duten 60 farmaziako sarea dutela eskura. 2024an, Euskadin 1.009 proba egin ziren farmazietan.

GIBaren aurkako antigorputz eta/edo antigenorik dagoen detektatzen duen proba da. Emaitza 20 minututan lortzen da, gutxi gorabehera. Egindako proben artean, % 16,7 Arabako farmazietan egin ziren, % 50,1 Bizkaian eta % 31,2 Gipuzkoan. Horrelako probak egiten dituzten gehienak gizonezkoak dira, % 80 inguru, eta batez besteko adina 41,1 urtekoa da (% 41,9 gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoak dira). Egin ziren proba guztietatik, % 0,8k positibo eman zuen.

Norbaitek GIBa duen jakiteko modu bakarra proba espezifiko bat egitea da. Gaur egun, hainbat aukera daude Euskadin proba egiteko, bai Osakidetzako osasun-zentro batera joan eta analitika bat eskatuta, bai GIBaren proba azkar bat eginda. Proba hori, GKEetan ez ezik (Bizkaisida, Sidalava, Gehitu), 60 farmaziako sarean ere eskuragarri dago Euskadin: 9 Araban daude, 19 Gipuzkoan eta 32 Bizkaian.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute proba horiek farmazietan egiteak irisgarritasuna hobetzen duela eta GIBari lotutako estigma murrizten laguntzen duela.

Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak nabarmendu du farmaziek funtsezko eginkizuna dutela GIBaren prebentzioan eta detekzio goiztiarrean, eta farmaziak osasun-eragile gisa sustatzearen alde agertu da. Hala, eskerrak eman dizkie farmazialariei, Osasun Sailak, Osakidetzak eta Euskadiko farmazialarien elkargoek HIESaren birusa atzemateko sinatu duten lankidetza-hitzarmenak indarrean daramatzan 15 urteetan egindako lanagatik.

 “Pandemia honi aurre egiteko erronketako bat da infekzioa hartu duten pertsona guztiak diagnostikatzea. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen dugu GIB-probak egitea sustatzea eta ahal den aukera gehienetan laguntzea; alde horretatik, farmazia komunitarioak aukera interesgarria izan daitezke askorentzat, proba anonimoki egiteko aukera ematen baitu”, adierazi du Oskar Ayerdi Osakidetzako HIESaren eta STIen Planaren koordinatzaileak.

Bestalde, Miguel Ángel Gastelurrutia Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidenteak nabarmendu duenez, oraindik ere oso garrantzitsua da GIBaren infekzioaren diagnostikoa ahalik eta azkarren egitea, “eta farmazia toki egokia da proba hori egiteko”. GIBa gaixotasun kroniko bihurtzen ari dela kontuan hartuta, “ez dugu ahaztu behar sexu-transmisiozko infekzio bat (STI) gehiago dela, eta, beraz, funtsezkoa da gogoraraztea prebentzio-neurriak erabili behar direla, preserbatiboa, adibidez.”

Sailak, Osdakidetzak eta Euskadiko Farmazialarien Kontseiluak garatutako programa bultzatzeko asmoz, aste honetan lan-jardunaldia egin dute farmazia-sarearekin, eta programaren berrikuntza nagusiak azaldu dituzte. Halaber, herritarrentzako material berria (kartelak eta triptikoak) aurkeztu dute, eta farmazietan egongo da eskuragarri. GIBari eta detekzio goiztiarrerako prozedurari buruzko informazioa biltzen du. Gainera, proba azkar batek positibo ematen badu zer egin behar den azaltzen du.

Prebentzioari dagokionez, sexu-harremanetan preserbatiboa erabiltzeaz gain, materialean badira berriki txertatutako zenbait estrategia, hala nola esposizio ondoko profilaxia edo esposizio aurreko profilaxia, GIBa harrapatzeko arrisku handia duten pertsonei ematen zaien sendagai antirretrobirala.

Tratamenduei dagokienez, oraindik ez da lortu birusa behin betiko ezabatuko duen botikarik. Gaur egun dauden tratamendu antirretrobiralek birusa ugaltzea blokeatzen dute eta GIBak organismoan aurrera egitea eragotzi. Normalean, diagnostikoa egiten den unean hasten da tratamendua, eta bizitza osoan zehar hartu behar da.

Tratamendu antirretrobiral horien irisgarritasunari eta eraginkortasunari esker, GIBa duten pertsonek birusaren karga detektaezina dute, eta hala ez diete birusa besteei transmititzen. Hau da, detektaezina=transmitiezina.

Osasun Sailak eta Osakidetzak Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planean (STI) ezarritako diagnostiko goiztiarreko, prebentzioko eta prestakuntzako jarduerekin jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. Ildo horretan, HIESerako eta STIetarako laguntza-arduradunaren figura txertatu dute beren egituran, infekzio horien abordatze epidemiologikoan eta hezkuntzakoan aurrera egiten jarraitzeko.

Informazio gehiago Osasun Eskola Plus atarian: https://osasuneskola.osakidetza.eus/eu/catalogue/its

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Ekitaldiko kargudunak