Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek diru-sarrerak bermatzeko errenta eten die 2.000 hartzaile baino gehiagori, aurkitzen ez dituelako

2012.eko apirilak 27

 

  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradun horiei etendako laguntzak 17,28 milioi euroko kopurua dute
  • "Hau lehenengo urratsa izan da, prestazio bakoitzaren atzean Euskadin benetan bizi den norbait badagoela egiaztatzeko", ohartarazi du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak
  • Prestazio horiek kontrolatzeko lehenengo fasea amaitu da, eta datorren astean Lanbidek aktibaziorako txoke-plan bati ekingo dio, hartzaileei berariaz zuzendua

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) eta Etxebizitza Gastuetarako Prestazio Osagarria (EGPO) kautelaz etengo dizkie 2.031 hartzaileri, aurkituak izateko moduan ez daudelako. Diru-ondorioei erreparatuz, gizarte‑laguntzetako iruzurraren aurka borrokatzeko ekintza honen munta 17,28 milioi eurokoa da. Hau da, ia lehengo 3.000 milioi pezeta. 

Laguntza eten zaien pertsona hauek bi aldiz jaso dituzte jakinarazpenak haien helbide ofizialetan, gutun egiaztatu bidez. Horietako batean berariaz ohartarazten zitzaien Lanbideren bulegoren batera joan behar zutela beren egoera erregularizatzeko. Horietako bakar batek ere ez die Euskal Enplegu Zerbitzuaren errekerimenduari erantzun, ez lehenengo aldian, ezta bigarrenean ere. Prestazio horiek lan-aktibazioari legez lotu izanak, Euskadiko udalerriren batean erroldatuta eta aurkitzeko moduan egotera behartzen du hartzailea, orientazio pertsonalizatua, prestakuntza eta lan-aukerak hobetzeko zerbitzuak jaso ahal izateko. 

 "Lanbidek DBE eta EGPOren kudeaketa osoa bere gain hartu zituenean egindako promesetako bat legea betetzea izan zen, eta hau lehenengo kontrol-neurrietako bat da, prestazio bakoitzaren atzean benetan eta modu egonkorrean Euskadin bizi diren pertsonak badaudela egiaztatzeko" azpimarratu du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. "Urtean zehar prozesu berriei ekingo zaie, inor sisteman bidegabeki egon ez dadin, eta beharra duten eta legea betetzen duten herrikide guztiek gizarte-laguntza bermatuta izan dezaten".

Prozesuaren hasiera: 7.000 itzultze

Etendura masibo honekin amaitu da Lanbidek iazko abenduan bere gain hartutako prestazio horiek kontrolatzeko lehenengo fasea. Hartzaileak lan-aktibazioari lotzeko helburuarekin DBE eta EGPOren kudeaketa osoa bere gain hartuta, erretiratuak alde batera utziz, Euskal Enplegu Zerbitzuak informazio‑gutuna helarazi zien hilero nomina jasotzen ari ziren hartzaile guztiei. Horretarako, Lanbidera transferitutako espedienteak erabili zituen.

Bidalitako 56.000 gutunetatik, posta-zerbitzuak 7.006 itzuli zituen hasieran, hartzaileak ez zirelako bizi erregistro ofizialetan agertzen ziren helbideetan. Une horretan Lanbidek konprobazio- eta kontrol-prozedura bati ekin zion, laguntzen kobraketan iruzurra izan zitekeelakoan. Horrez gain, hainbat iragarki jarri ziren Euskadiko hedabideetan, egoera oker horri buruzko informazioa ahalik eta gehien zabaltzeko, interesdunek beste bide batetik jaso ahal izan zezaten.

Horren haritik, 3.000 hartzaile inguru joan ziren Lanbideren bulegoren batera, eta bizileku berriaren berri eman zuten. "Gertatzen ari zenaren berri eman genuen publikoki, hain zuzen ere aurkitzeko moduan ez zeuden pertsona horiek bulegoetara etorri zitezen; izan ere, DBEren hartzaileak Euskadiko herritarren batez bestekoa baino maizago aldatzen baitira etxez eta harremanetarako telefonoz", azaldu du Pedro Sánchez Prestakuntzako eta Diru‑sarrerak Bermatzeko zuzendariak.

Prozesuaren amaiera: 2.031 etendura

Gainerakoei gutun bana helarazi zitzaien, Lanbideren sareko bulegoren batera joan zitezen eskatzeko, haien egoera okerra zuzendu eta ohiko bizilekua eguneratzeko izapidea egin zezaten. Bigarren bidalketa hori amaituta, 2.031 onuradun ezin izan dira aurkitu.

Indarrean dauden legeei jarraiki, aurkitu ezin diren hartzaile horien kautelazko etendurak maiatzeko nominan gauzatuko dira. Nomina horiek urtean 17,28 milioi euroko kopurua dute, ia lehengo 3.000 milioi pezeta. Laguntza eten zaien 2.031 pertsona horietako bakar bat ere ez da pentsioa DBEarekin osatzen duen erretiratua. Beraz, guztiak dira egokiak orientazio-prozesu pertsonalizatu baterako, gizarte‑babeseko sistema utzi eta lan-merkatura sartzea helburu.

Kautelazko etenduraren ondoren, Lanbidek laguntza behin betiko eteteko espedienteari ekingo dio 2.031 kasu horietako bakoitzerako. Pertsona horietakoren bat agertzen bada, azaldu beharko du, eta egiaztatu,  zergatik ez dituen gutunak jaso eta Lanbidera joan. Horrez gain, EAEn bizi dela eta DBE jasotzeko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituela erakutsi beharko du. 

"Lanbidek, DBEren kudeaketan, Euskadin prestazio hori jasotzeko eskubidea duen herritar bakar bat ere kanpoan eta babesik gabe ez uztea du helburu.  Baina, baita ere, eskubiderik ez dutenek laguntza kobratzea galarazi nahi du", gogorarazi du Zabaletak. "Sistema justu eta zuzena eraikitzen ari gara, laneratzeko benetako aukerak emango dituena, eta ez bakarrik subsidio bat".

"Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen duten eta lan egin dezaketenen etorkizunak enpleguan egon behar du, eta ez subsidioan", aldarrikatu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. "Babes-sistemak, sarrera ez ezik, irteera ere izan behar du", eta DBEk oinarri horri jarraitu behar dio. Ez da sartu eta bertan goxo egiteko lekua. Enplegua galduz gero, azken babeslekua izan beharko luke".

Txoke-plana

Lehenengo kontrol-fase horrek lau hilabete iraun du, hartzaileen segurtasun juridikoa eta eskubideak bermatu behar zirelako. Hori amaituta, DBEren hartzaileetako askori laneratzea eta orientazioa eskaintzeko txoke-programa berria aurkeztuko du datorren astean. Orain 57.000 familia baino gehiagok jasotzen dute laguntza hori, nahiz eta herena inguru laneratzeko prozesuetatik kanpo geratzen diren, pentsioak laguntza horrekin osatzen dituzten erretiratuak direlako.

Lanbidek 27 milioi euro ordaintzen ditu hilean, batez beste, DBE jasotzen duten familientzat, eta beste 5,8 milioi Etxebizitza Gastuetarako Prestazio Osagarria jasotzen dutenentzat.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan