
Euskadik egoiliarrentzako Osasun Prestakuntza Espezializaturako 2024-2025 deialdian eskaintzen zituen 566 plazak —historian eskaini den kopuru handiena— esleitu ditu
- Atzo amaitu zen egoiliar izango direnen plazak aukeratzeko epea eta, aurten ere, eskaintzaren % 100 bete da, Lehen Mailako Arretari lotutako plazak —guztizkoaren herena— barne
- Euskadin, azken hamarkadan, % 84 igo da prestakuntza espezializatuko plazen eskaintza, eta hori ezinbesteko estrategia da osasun-arloko profesionalen falta arintzeko eta haien belaunaldi-erreleboa bermatzeko
- Osakidetzak, 2023an, egoiliar gisa prestakuntza osatu zuten medikuen % 76,57 eta erizainen % 74,73 kontratatu zituen
Egoiliar izango diren 566 ikaslek Euskadi aukeratu dute beren Osasun Prestakuntza Espezializatua osatzeko, eta, hala, 2024-2025 deialdian eskainitako plazen ehuneko ehun bete dute, legez baimendutako gehienekoa eta inoizko kopururik handiena, aurreko urtean baino 38 postu gehiago eskaini baitira.
Aukeraketa egiteko epea atzo amaitu zen, 2023-2024 deialdian bezala, plaza guztiak esleitu ondoren. Datu horrek garrantzi berezia du, kontuan hartuta azken hamarkadan Euskadin egoiliar izango diren gazteentzako prestakuntza-plazen eskaintza % 84 handitu dela. Osakidetzak, gainera, 2023an prestakuntza osatu zuten mediku egoiliarren % 76,57 eta erizainen % 74,73 kontratatu zituen.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur jakitera eman duenez, Lehen Mailako Arretari lotutako postu guztiak bete dira —Alberto Martínezek zuzentzen duen taldearen lehentasun nagusietako bat—. Postu horiek, beste urte batez, guztizkoaren herena dira eta baimenduta dagoen gehieneko kopurua. Zehazki, Familia eta Komunitateko Medikuntzako 115 plaza dira, hau da, azken hamarkadan kopuru horrek % 53 egin du gora; 37 plaza Familia eta Komunitateko Erizaintzan, duela hamar urteko kopurua laukoiztuz; eta 29 plaza Pediatrian, hau da, orduan baino % 61 gehiago.
Kategorien arabera, etorkizuneko egoiliarrek aukeratutako prestakuntza espezializatuko 566 plazak honela banatzen dira:
- BAME fakultatiboentzako 427 plaza
- BAEE erizaintzako 114 plaza.
- BAPE psikologia klinikoko 14 plaza.
- BAFE ospitaleko farmaziako 10 plaza.
- Ospitaleko erradiofisikako plaza 1 (kategoria berria)
Espezialitateen arabera, 566 plaza posibleetatik, Familia eta Komunitateko Medikuntza buruan dago, 115 plazarekin; ondoren, Familia eta Komunitateko Erizaintza, 37 plazarekin; eta hirugarren lekuan Pediatria, 29 plazarekin.
Lurraldeka, Prestakuntza Espezializatuko 566 plazak honela banatzen dira: Araban 108; Bizkaian 308 eta Gipuzkoan 150.
566 pertsona horiek Euskadin irakaskuntzarako akreditatuta dauden 15 zentro/unitatetan jasoko dute prestakuntza: 7 ospitale, irakaskuntza-unitate 1, 5 irakaskuntza-unitate multiprofesional eta 2 irakaskuntza-unitate erizain espezialistentzat.
Osasun Saila jada 2025-2026ko deialdian ari da lanean, eta berriro ere eskainitako plazen kopurua handitzea espero du.