
Energia eta deskarbonizazioaren gaiak bermatuak badaude Euskadik Presidenteen Konferentzian parte hartuko du
- Ubarretxena sailburuak Euskadiri interesatzen zaion gaia gure industriak behar duen energia handitzea dela adierazi zuen atzo Madrilen egin zen bileran
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako, bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Lehenik eta behin, atzo Madrilen burutu zen Presidenteen Konferentziaren prestatze-batzordearen inguruan sailburuak “Euskadik deskarbonizazioaz hitz egitea eskatu zuen, gure industriak, etorkizuneko erronkei erantzuteko, Euskadin dugun energia potentzia handitu behar duelako, industriaren jarduna eta proiektu berriak gauzatzeko beharrezkoa dugulako” adierazi du.
Sailburuak ere esan du sorpresaz amaitu zutela batzordea, bileran Eusko Jaurlaritzaren gaia proposamenean jasota geratu zen, baina PPk gobernatzen dituen erkidegoek bozketa eskatuta, atzera bota zen proposamena. “Espero dugu Estatuko Gobernuak gai zerrendan mantentzea, horrela bada Euskadiren presentzia izango da Presidenteen Konferentzian” adierazi du Ubarretxenak.
Aste honetan iragarri den EITB Focus inkestaren inguruan, Ubarretxenak oso berri ona dela nabarmendu du euskal herritarren konfiantza euskal instituzioekiko, “horrek demokrazia indartzeko biderik onena delako”.
Eskualdatzeke dauden eskumenak ere izan du hizpide sailburuak eta azaldu du “gai konplexuak dira, baina etengabe ari gara lanean: dokumentuak trukatzen, bilerak egiten… Hiru esparru desberdin negoziatzen ari gara eta espero dugu esparruren baten akordio izatea udarako.” Eskumen hauen segurtasun juridikoari buruz galdetuta, sailburuak onartu du aurreikusten dela errekurtsoak etorriko direla eta badakiela “bidea nekeza izango dela, baina indartsu gaude. Testuak juridikoki oso ondo lotuta daude, zailtasunak egongo direla badakigu, baina guk gure bidea egiten jarraituko dugu, zailtasunak ez dira muga izango eta gure eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu”.
Azken hilabeteetako epaitegietatik jaso diren enplegu publikoko eskaintzen hizkuntza eskakizunen kontrako epaiei buruz galdetuta “Eusko Jaurlaritzatik juridikoki lanean ari gara gai honetan, konplexua da, baina ez dugu amore emango euskararen defentsan” adierazi du sailburuak.
Trump-en muga zergei Amerikako justizia auzitegi batek blokeoa jartzeari buruz, sailburuak adierazi du “honek ez duela dugun ziurgabetasuna murrizteko, baina Euskadi ahalik hoberen prest egon behar dela etorri daitekeenerako eta”.
Azkenik, Legebiltzarrean aurkeztu berri den Gardentasun legeari buruz, oposizioaren adostasun zabala espero du sailburuak aurrera eramateko, “gardentasunean aurrera pausuak emateko eta informazioren sarbiderako bermearen inguruan lekua ematen duelako lege honek eta tresna gehigarria delako demokrazia indartzeko bidean”.
-
2025-05-29
Comentario de X:
📻 Maria Ubarretxena sailburuak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan: "Energia eta deskarbonizazioaren gaiak bermatuak badaude Euskadik Presidenteen Konferentzian parte hartuko du". -
2025-05-29
Comentario de X:
📻 La consejera Maria Ubarretxena en la entrevista en Euskadi Irratia: "Euskadi participará en la Conferencia de Presidentes si se garantiza la inclusión en el orden del día de la energía y la descarbonización".