Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak akordio bat sinatu du Txinako Jiangsu probintziarekin

2012.eko apirilak 27

Lehendakariak eta Xu Ming gobernadoreordeak sinatu duten hitzarmenak bi eskualdeen arteko lankidetza sustatzen du hainbat arlotan

Eusko Jaurlaritzak eta Txinako Jiangsu probintziak gaur akordio bat sinatu dute bi eskualdeek hamar bat arlotan lankidetzan jarduteko. Hitzarmena Patxi López lehendakariak eta Jiangsuko gobernadoreorde Xu Mingek sinatu dute, azken hori Euskadira ordezkaritza ofizial batekin batera etorri dela eta. Lankidetza-hitzarmen horrek “etorkizunean akordioak eragingo dituen lankidetza-esparru bat” ezartzen du, esan du Patxi López lehendakariak. “Hazi bat landatu dugu, eta bere emaitza ikaragarria eta oso interesgarria izan daiteke bi eskualdeentzat, eta etorkizuneko harremanerako oinarriak ezartzen ditu”, erantsi du.

Akordioaren jatorria lehendakariak 2010eko urrian Txinan egin zuen merkataritza- eta erakunde-misioa izan da. Euskal ordezkaritzaren bisita egin zenetik Euskadik eta Jiangsuk izan dituzten lankidetza-harremanei esker, hainbat euskal enpresa ezarri ahal izan dira Txinako probintzian. Bi eskualdeek azpiegitura logistiko eta teknologiko oso garatuak dituzte, baita sektore estrategiko komunak ere.

Zehazki, gaur sinatu den akordioak bost urteko iraupena du, luzatzeko aukerarekin, eta enpresa-arlotik haraindi doazen lankidetza-esparruak ahalbidetzen ditu merkataritzaren, zientziaren eta teknologiaren, energiaren, nekazaritzaren, kulturaren, hezkuntzaren, ingurumenaren, lanaren eta gizarte-gaien sektoreetan.
Akordioaren testuak barne hartzen duen arlo bakoitzean, bi aldeek esperientziak trukatzeko eta lankidetzan jarduteko hartu duten konpromisoa jaso da, baterako garapen arrakastatsua lortzeko.

Horrela, bi eskualdeetako enpresek tokiko merkataritza-jardueretan (adibidez, azoketan, mintegietan, aurkezpenetan eta negoziazioetan) parte hartzean elkarri laguntzeko plataformak ezartzea sustatuko da; I+G+b proiektuak gauzatzen dituzten enpresa eta erakundeen artean langile zientifiko eta teknikoa eta emaitzak trukatzea ahalbidetuko da, eta goi-mailako hezkuntzako erakundeen arteko lankidetza erraztuko da, baita ikasle- eta irakasle-trukeak egitea ere.

Halaber, akordioari esker, turismoaren sektoreko elkarte eta enpresek lankidetzan jardun ahalko dute beren sektoreko merkatuak ustiatzeko eta produktu turistikoak garatzeko, baita bi eskualdeak abangoardiazko gune turistiko gisa sustatzeko ere. Ingurumenaren esparruari dagokionez, klima-aldaketaren kontra borrokatzeko, ura kudeatzeko eta garapen iraunkorra lortzeko estrategiak lantzeko jokabide egokiak eta esperientziak komunean jartzea barne hartzen du.

Adiskidetasun Harremanezko Akordio honetan aurreikusitako ekintza guztiak antolatuko eta koordinatuko dira Jiangsuko Gobernuaren Kanpo Harremanetarako Bulegoaren eta Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez.

Iruzkin bat
  • @alexbondie
    2012.eko apirilak 28

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco (PSE-EE) firma un acuerdo con la provincia china de Jiangsu http://t.co/1t741kDk #ModeloEuskadi

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)