Berriak Herrizaingoa
Eu

Trafikoko Zuzendaritzak adineko pertsonei zuzendutako prebentzio-gida aurkeztu du

2012.eko apirilak 27

Medikamentuek gidatzean dauzkaten ondorioei buruzko liburuxka banatuko da farmazietan

Gaur goizean Bilbon, Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, Amparo López Trafikoko zuzendariak adineko pertsonei zuzendutako prebentzio-gida aurkeztu du. Horrekin lotuta, medikamentuek ibilgailuak gidatzeko gaitasunean izan ditzaketen ondorioei buruz kontzientziatzeko kanpaina azaldu du. Sentsibilizazio-ekintza bi horiek bideetako ezbehar-tasa txikitzeko pentsatuta daude, eta jubilatuen zentroetan eta farmazietan egingo dira.

"Zahartze-prozesua onartzeak ez du esan nahi autonomiari uko egin behar zaionik, kontrakoa baizik", adierazi du Amparo Lópezek.  "Kanpaina honen xedea da adineko pertsonek euren prozesuaren kontzientzia hartzea eta hori onartzeko beharrezko mekanismoak hartzea, bai gidari modura, bai oinezko modura, euren segurtasuna hobetzeko".

Prebentzio-gidak denbora aurrera joan ahala urritu egiten diren gaitasun fisikoei (ikusmen periferikoa, entzumena, erreakzio-denbora, nekea, etab.) buruzko edukiak jasotzen ditu. Horrez gain, istripuak ekiditeko kontuan hartu behar diren aholkuak eta betebeharrak ere azaltzen ditu. 20.000 gida, 3.000 kartel eta 50.000 liburuxka argitaratu dira. Material guztia EAEko jubilatuen 200 zentrotan banatuko da (56 Gipuzkoan, 123 Bizkaian eta 21 Araban).  BBK-k laguntza eskaini du, erakunde horren mendekoak diren zentroetan materiala banatzeko.

Medikamentuei eta gidatzeari buruzko materiala

Medikamentu batzuek sortutako aurkako erreakzioen artean, hauek aurki daitezke: erreflexuak urritzea, zorabioak eta logura. Ildo horretan, garrantzi handikoa da pazienteei medikamentu zehatz batek sor ditzakeen erreakzioen berri ematea. Trafikoko Zuzendaritzak biztanleak kontzientziatu nahi ditu botika batzuen eraginpean gidatzeak izan ditzakeen ondorioei buruz, eta, horretarako, 35.000 triptiko eta 2.000 kartel egin ditu. Horiek jendearen eskura egongo dira EAEko farmazietan. Horiek banatzeko, Euskadiko Farmazialarien Elkargo Ofizialaren laguntza eduki da. Banaketa datorren astetik aurrera egingo da, 823 farmaziatan (281 Gipuzkoan, 432 Bizkaian eta 110 Araban). 

65 urteko edo gehiagoko pertsonen istripu-tasa

2011n, EAEko errepideetan eta kaleetan 65 urteko edo gehiagoko 1.218 pertsonak izan zuten trafiko-istripua:  12 hil egin ziren (guztira hildakoen % 20), 51k zauri larriak izan zituzten (guztira zauri larriak izan zituztenen % 11), eta 351k zauri arinak izan zituzten (guztira zauri arinak izan zituztenen % 6). Gainerakoak onik atera ziren, zauririk gabe.

Adin-talde honetan istripua izan zutenen % 69 gidariak ziren; % 19 bidaiariak, eta % 12 oinezkoak. 13 urtetik beherakoen ostean (oinezkoen ehunekoa % 17koa da), harrapatutako oinezkoen ehunekorik handiena adinekoen talde honetan ematen da.

Adin-talde honetako istripu-tasaren bilakaerari dagokionez, azken urteetan gainerako taldeen joera berdina jarraitu du. Zehazki, 2000 eta 2011 artean, hildakoak, oro har, % 68 jaitsi dira, eta talde honetan, berriz, % 64. Gauza bera gertatzen da zauritu larriekin. Talde honetan % 75 jaitsi dira, eta, guztira, % 71.

Iruzkin bat
  • @inakietxe
    2012.eko apirilak 28

    Comentario de Twitter:
    La Direccion de Trafico presenta una guia de prevencion dirigida a personas mayores http://t.co/f11p7s0n

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)