qrcode

Euskal Pilotako Euskal Selekzioak Euskadin ospatuko den Nazioen Ligan egingo du debut ofiziala

2025-05-26

Euskal pilotako euskal selekzioak ofizialki egingo du debuta Euskadin lehen aldiz jokatuko den Nazioen Ligan. Txapelketa ekainaren 1tik 6ra bitartean ospatuko da Gernikako Jai Alai frontoian. Pasa den abenduan Nazioarteko Federazioak Euskal federazioa kide ofizialtzat onartu ostean emango da Euskal Selekzioaren debuta.

Datorren ekainaren 1ean euskal pilotak mugarri historiko bat biziko du. Euskal Selekzioa nazioartean lehiatuko da, lehen aldiz, ofizialki, eta Euskadin lehen aldiz antolatuko den Nazioen Ligan egingo du, datorren ekainaren 1rtik 6ra, Gernikako Jai Alai frontoian.

Lehiaketaren aurkezpena Bilboko Bizkaia Frontoian egin dute gaur eta bertan hartu dute parte erakunde sustatzaile nagusietako ordezkariek: Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak; Ibone Bengoetxeak, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza politikako sailburua; Xavier Cazaubonek, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidenteak; eta Joxe Mari Mitxelenak, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak.

Lehen lehendakariordeak, Ibone Bengoetxeak, Euskadi mundura zabaltzeko tresna modura pilotako Euskal Selekzioak duen garrantzia azpimarratu du: “Euskal Selekzioa gure herriaren sinboloa eta erreferentea izango da nazioarteko lehiaketetan. Gure ordezkariak izango dira munduan, gure identitatea eta nortasuna zabalduko dute nonahi. Euskadi munduko mapan kokatuko dut. Historikoa da bizi dugun une hau eta ilusioz eta harrotasunez biziko dugu”.

Zentzu honetan, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, horrelako ekitaldi bat hartzeko Bizkaia baino leku hoberik ez dela adierazi du: “Bizkaian, pilota, modalitate guztietan, gure nortasun kolektiboaren funtsezko parte da. Gainera, nazioartean gure koloreekin lehiatu ahal izatea, gure etxean eta herri gisa, benetako ohorea eta harro egoteko arrazoia da. Ziur gaude Nazioen Liga hau benetako oparia izango dela Bizkaiko publikoarentzat”.

Xavier Cazaubonek, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidenteak, emozioa adierazi du, "FIPV Euskadira itzuliko delako, Gernikako pilotalekura, 34 urte geroago". Era berean, nazioarteko ekitaldi hau antolatzeko euskal erakundeekin eta euskal federazioarekin batera egindako elkarlana nabarmendu du.

Joxe Mari Mitxelenak, Euskal Pilota Federazioko presidenteak, nabarmendu du Nazioen Liga sinbolismoz beteta dagoela: “Gure espezialitaterik nazioartekoenean emango da Euskal Selekzioaren debuta: zesta puntaz. Era berean, Busturialdearen bihotzean kokatuta dagoen pilotaleku ederra izan zen modalitateak gaur egun bizi duen loraldiaren epizentroa eta Pilotako Euskal Selekzioa ere Gernikan sortu zen. Olatu eder eta sendo horretara igotzeko prest gaude”.

Lehiaketaren zehaztasunak

Euskal Selekzioak ez ezik, nazioarteko beste bost taldek ere hartuko dute parte Euskadin ospatuko den Nazioen Liga honetan: Frantzia, Espainia, Filipinak, Estatu Batuak eta Mexiko. Punta-puntako taldeak dira hauek, gaur egun, kirol honetan. Bertako kirolarientzat eta Bizkaiko eta Euskadiko ikusleentzat pilota gure erkidegoan errotuta dagoela erakusteko aukera paregabea da hauxe.

Lehiaketa ekainaren 1ean hasiko da, igandean, ligaxka partidekin. Ekainaren 5ean final erdiak jokatuko dira eta, ekainaren 6an, final handia. Gizonezkoen ligaxkan bi multzotan banatu dira taldeak: A multzoan España, Mexiko eta Estatu Batuak; B multzoan, Frantzia, Euskadi eta Filipinak. Emakumezkoen ligaxkan multzo bakarra izango da, lau talderekin: Euskadi, Filipinak, Frantzia eta Mexiko.

Lehiaketako tanteoa 15/15 eta berdinketa apurtzeko 10 tantura jokatuko da. Bi txapelketetan kanporaketa oso orekatuak espero dira eta ez dago garaipena lortzeko faborito argirik.

Euskal Selekzioko emakumezkoen eta gizonezkoen debuta ekainaren 2an izango da, 21:15ean eta 22:15ean, hurrenez hurren, Frantziaren aurka. Antolakuntzatik dei egiten zaie zale guztiei gure selekzioa animatzeko, ikurrinarekin  kanporaketetara joan daitezen.

EiTBk eskainiko duen estaldurari esker, lehiaketa hau zuzenean jarraitzeko aukera izango da.

Nazioen Ligako informazio guztia:

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak