Elkarlan Sariak
Berriak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak, Eraikuntza Iraunkorraren Ibilbide Orria aurkeztu du Bruselan

2012-04-25

Ignacio de la Puertak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuak, "Eraikuntza Iraunkorrarekin erlazionaturiko Zuzentarau europarren ezarpena: lurraldeen esperientziak eta ikasitako irakaspenak" izeneko saioan hartu du parte.

ERRIN sareak EB-rako duen Euskadiko Ordezkaritzak, Sareko energia talde lanaren jardueren egitarauaren barruan antolatutako mahainguru horretan, lurralde mailako solaskide garrantzitsuak eta Europako erakundeetatik zein nazioarteko beste erakunde batzuetatik etorritako zenbait espezialistak hartu dute parte. Guztira, hirurogei partaide baino gehiago elkartu dira. Saioaren moderatzailea Marta Marín, Europar Batasunerako Euskadiko Ordezkaria, izan da.      

Ekitaldiaren helburua, eraikuntza iraunkorrarekin erlazionaturiko zuzentarau europarren ezarpenerako lurralde mailako ekimenen diseinuari, martxan jartzeari eta emaitzei buruzko esperientziak kontrastatzea da, gobernu horiek aurkitzen dituzten erronkak eta oztopoak azpimarratuz.

ERRIN barruan dauden lurraldeek, alor horretan bakoizak bere lurraldean aurrera eraman dituen ekintzen adibideak aurkeztu dituzte. Euskadiri dagokionez, Ignacio de la Puertak, Eraikuntza Iraunkorraren Ibilbide Orria aurkeztu du. Bertan, eraikuntza eredu berrirantz aurrera egiteko eta etxebizitza parkearen erabilerarako eta kudeaketarako Euskadiko esperientzia jasotzen da.

Etxebizitza Sailak bultzatutako ekimen hori, Eusko Jaurlaritzaren, bere sozietate publikoen eta inplikaturik dauden clusterren arteko ekintza koordinatuaren emaitza da, eta bere helburua, etxebizitza, berrikuntza, enplegu, energia eta ingurumen politikak, egungo eta etorkizuneko politika europarrekin lerrokatzea da, horretarako emaitza konpromisoak ezarriz eta konpromiso horiek lortzeko jarduketak planifikatuz, eraikuntza berriei zein zaharberritze lanei dagokienez.

Ignacio de la Puertak eraikuntza iraunkorrak eraikuntzaren sektorearen eraldaketari eta suspertzeari laguntzeko duen garrantzia azpimarratu du, alor horretako gaitasun berrien sorrera eta teknologia berriaren garapena bultzatuz. Halaber, Ibilbide Orri hori egiteko orduan ikasitakoa azpimarratu du, eta politika europarrak ezartzeko zenbait proposamen azaldu ditu.

Marta Marínek, Europar Batasunerako Euskadiko Ordezkariak, lurraldeetako gobernuek eraikuntzaren iraunkortasunaren alde egindako apustua nabarmendu du, kontsumitzen den energia osoaren %36 kontsumitzen duen sektore honetan elkarlanak duen garrantzia azpimarratuz.

Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzan burutu den ekitaldia, Etxebizitza Sailak bultzaturik, eta ERRIN sarearen laguntzarekin, Bruselan aurten burutuko diren zenbait topaketaren lehenbizikoa izan da. Topaketa horien xedea, lurraldeek eraikuntza iraunkorrean betetzen duten lan garrantzitsua azaltzea da. Horrela, ERRINeko partaide diren lurraldeek alor horretan burutu duten lan garrantzitsua ezagutarazi ahal izango da.

ERRIN sarea, lurraldeetan egindako ikerketa eta berrikuntza alorretako jardunbide onen adibide

ERRIN, Europako Lurraldeetako Ikerketa eta Berrikuntza Sarea, une honetan EB-ko 90 lurralde baino gehiagok osatzen duten sare dinamikoa da. Bere helburu nagusia ezagutzen trukaketa, elkarlana eta bertako kideen arteko egitasmoen bat egitea bultzatzea da, sareko lurraldeen ikerketa eta berrikuntza gaitasunak indartzeko eta, aldi berean, EB-ko programetan duten arrakasta hobetzeko.

Halaber, ERRINek EB-k aurrera daramatzan politiketan eragina izatea ere nahi du, Europako lurraldeen beharretarako egokiagoak izan daitezen. Hori dela eta, EB-ko erakundeekin burutzen diren bileretan eta eztabaidetan hartzen du parte, eta ezinbesteko solaskidea da.

 Sortu zenetik, sareak oso une garrantzitsuak ezagutu izan ditu, eratu zen unean ezarritako helburuak lortzeko bidean. Arrakasta horiek, lurraldeetako gobernuek betetzen duten tokia are eta gehiago finkatzeko oinarri sendoak dira. Gobernu horiek kide garrantzitsuak eta ezinbestekoak dira ikerketarako eta berrikuntzarako nazioarteko agendan. Sareak lortu dituen lorpenetan oinarrituz, Euskadik, ahalmen jarduerak bultzatzeko eta ezagutza eta jardun teknikoen trukaketa indartzeko aukera du.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ignacio de la Puerta, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburua.Marta Marín, Europar Batasunerako Euskadiko Ordezkaria